Serra/Seurat. Marrazkiak
Georges Seurat: Bi zaldi uztarrian (Attelage à deux chevaux), 1882–83
Georges Seurat: Emakumea bizkarrez, makurtuta (Femme de dos, penchée), ca. 1885
Iruzkinak
Georges Seurat: Udako igandea Grand Jatte uhartean lanerako estudioa: gona baten xehetasuna (Étude pour Un dimanche d’été sur l’île de la Grande Jatte: detail de jupe), 1884–85
- Izenburua:
- Georges Seurat: Udako igandea Grand Jatte uhartean lanerako estudioa: gona baten xehetasuna (Étude pour Un dimanche d’été sur l’île de la Grande Jatte: detail de jupe), 1884–85
- Erakusketa:
- Serra/Seurat. Marrazkiak
- Gaiak:
- Bildumagintza | Artearen historia | Eragin artistikoa | Bolumena | Espazioa | Kolorea | Mugimendua | Erakusketak | Marrazkigintza | Paris | Artistak | Daniel Buren | Ellsworth Kelly | Henry Moore | Jasper Johns | Pablo Picasso | Richard Serra
- Mugimendu artistikoak:
- Neoinpresionismoa
- Teknikak:
- Conté arkatza | Puntillismoa
- Aipatutako artistak:
- Seurat, Georges
Igande arratsaldea Grande Jatten–1884 margolan ospetsuaren irudi nagusiko gonaren estudioak ederki erakusten du Geourges Seuratek zer-nolako zehaztasunez lantzen zuen xehetasun bakoitza, eta agerian uzten du, baita ere, bolumena sakon aztertzen zuela. Artistak 1884 eta 1885 artean egin zituen bere lanik ospetsuenerako zirriborro ugariak, koadroa amaitu bitartean, alegia. Nolanahi ere, 1886an oraindik aldaketa batzuk egin zituen zortzigarren Erakusketa Inpresionistan aurkezteko.
Marrazki hau prestaketa-lanen erdi aldera egina da. 1885ean txertatu zituen aldaketen aurreko urratsa izan zen: mugimendua eman zion paseatzen ari den emakumeari, gonaren aurrealdean izur-jarioa txertatuz eta atzeko aldean uhindura handiagoa emanez. Aldaketa horiek azken bertsioan ageri dira.
Marrazkietako batzuk beren horretan obra balira legez landu zituen Seuratek. Haiek ez bezala, estudio tekniko bat da hemen ikusten duguna; Igande arratsaldea Grand Jatten lanerako egin zituen ugarietako bat, alegia. Beste kasu batzuetan bezalaxe, silueta lauetan jarri zuen gogoa, eta ia ukitu gabe utzi zituen hondoak. Gerora, tonu ilunen egitura leunak landu zituen berriro, eta ekarpen pertsonaletan zentratu zen, espazioan gorputz solidoak egotearen eta bere irudien hieratismoaren inguruan: ezaugarri horrekin, Antzinaroko oihartzunak ageri zaizkigu.
Marrazki hau Pablo Picassorena izan zen. Deigarria da Georges Seuraten marrazkiek zenbat eta zenbat artista liluratu dituzten XIX. mendearen amaieratik gaur egunera arte. Diziplina horrekin txunditu zituen lehen artista plastikoen artean ageri dira, esate baterako, Camille Pissarro, Vincent van Gogh, Maximilien Luce, Théo van Rysselberghe, Félix Vallotton, Pierre Bonnard, Édouard Vuillard, Henri Matisse eta Jacques Lipchitz. Alabaina, Paul Signac izan zen akaso guztietan gogotsuena, edo hark agertu zuen miresmenik handiena, behinik behin.
Aintzatespen hori gure egunotaraino iritsi da, eta makina bat artistak eman dute aditzera Seuraten alderdi artistiko horrek pizten dien lilura, dela haren obraren gaineko adierazpenen bitartez, dela haren marrazkien bilduma eginez. Artista horien artean daude, besteak beste, lehen aipatutako Picasso, baina baita Henry Moore, Ellsworth Kelly, Jasper Johns, Bridget Riley nahiz Daniel Buren ere. Edo Richard Serra bera, zeinak miretsi egiten baitu artista frantziarraren marrazkigintza, margolanen gainetik miretsi ere.