Edukira zuzenean joan

Jasper Johns: Night Driver

hezkuntza-edukia

AMETS BATEKIN HASI ZEN DENA

Izenburua:
AMETS BATEKIN HASI ZEN DENA
Erakusketa:
Jasper Johns: Night Driver
Gaiak:
Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Sinbologia | AEB | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Pop Artea
Teknikak:
Enkaustika
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Johns, Jasper

1954an, Johnsek AEBko bandera bat margotzen zuela amestu zuen eta, biharamunean esnatzean, ideia hura gauzatzeko behar zituen materialak erostera joan zen. Existitzen den zerbaitetara jotzeak —kasu honetan, bandera batera— aukera eman zion arreta sortze-prozesuan bertan jartzeko. Urteetan barrena, bariazio ugari egin zituen AEBko banderaren inguruan, dela tamaina, dela barra eta izar kopurua, dela koloreak aldatuz eta moldatuz. Horrela, Johnsek hainbat gai formal, material eta kontzeptual aztertu zituen, besteak beste, Estatu Batuetako balio patriotikoak asaldatzea ezohiko koloreak erabiliz.

Bere lehenbiziko banderek, adibidez, 48 izar besterik ez zituzten —garai hartan horixe zen AEBn zegoen estatuen kopurua, eta gero 50era igo zen—; gainera, goitik behera hartzen zuten mihisea. Enkaustika (pigmentudun argizari beroa) eta bestelako teknikak erabiliz, Johnsek gainazalaren materialtasuna nabarmentzen zuen obra eraldatzeraino: jatorriz bi dimentsioko koadroa zena hiru dimentsioko objektu bihurtzen zuen. Artistak zalantzan jartzen du mihisearen lautasuna, eta pinturari ohi ez bezala begiratzera bultzatzen gaitu.

Nola interpretatzen ditugu ikurrak? Johnsen Banderak saileko artelan bati begiratzean, batzuek sinbolo nazional bat ikusten dute, eta beste batzuek, berriz, objektu bat, behatzailearen testuinguruaren eta esperientziaren araberakoa baita esanahia. Johnsek aukera ematen digu koadroa bandera gisa eta, aldi berean, objektu gisa hautemateko.