Edukira zuzenean joan

Jasper Johns: Night Driver

hezkuntza-edukia

“HARTU OBJEKTU BAT / EGIOZU ZERBAIT”

“Hartu objektu bat / Egiozu zerbait / Egiozu beste zerbait”: horra hor Johnsek behin sormen-prozesuari buruz bota zuen adierazpen borobila.

1960an, artistak erabaki zuen brontzez erreproduzitu behar zuela pintzeletarako poto gisa erabiltzen zuen Savarin markako kafe-lata bat. Eguneroko objektu bat aukeratu, eta esparru artistikora eraman zuen material noble bat erabiliz; brontzea, hain zuzen. Hala ere, Johnsek urrats bat aurrerago egin zuen eraldaketa horretan, eta eskultura margotzea erabaki zuen: trompe-l’oeil bat sortu zuen horrela, lehen begiratuan benetako pintzel-poto bat ematen duena.

Savarin lata izan da Johnsek urteetan barrena landu duen motiboetako bat, eta hainbat baliabide erabili izan ditu horretarako: pintura, marrazkia, litografia... Ildo horretan, teknika grafikoek aukera zabala eman zioten berrikuntzak egiten jarraitzeko. Jatorrizko motiboa eraldatu eta itxuraldatuz, Johnsek pertzepzioaren hainbat mekanismo aztertu zituen, esaterako, memoria; hau da, jatorrizko elementua gogoratuz, haren bariazioak antzemateko gaitasuna.

Bere eremu pertsonaleko elementuak erabilita, haiei erreparatzera eta izan ditzaketen erreferentzia autobiografikoei buruz ikertzera bultzatzen gaitu Johnsek.

Ohartzen al gara eguneroko bizitzan inguratzen gaituenak zenbat informazio uzten duten agerian?