Edukira zuzenean joan

Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak

katalogoa

Vallotton eta heriotzaren antzerkia

Bridget Alsdorf

Izenburua:
Vallotton eta heriotzaren antzerkia
Egilea:
Bridget Alsdorf
Argitalpena:
Bilbao: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2017
Neurriak:
28 x 25 cm
Orrialdeak:
212
ISBN:
978-84-95216-78-6
Erakusketa:
Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
Gaiak:
Heriotza | Artea eta gizartea | Artea eta politika | Artea eta psikologia | Hiri-eszenak | Anarkismoa
Mugimendu artistikoak:
Akzionismoa | Brutalismoa
Artelan motak:
Grabatua | Ilustrazioa | Litografia
Aipatutako artistak:
Bonnard, Pierre | Denis, Maurice | Vuillard, Édouard

1910ean, alemaniar kritikari batek hau idatzi zuen: “Félix Vallotton-ek polizia batek bezala pintatzen du”; eta ebatzi zuen haren estiloak ez zuela poztasunik, diziplinatu eta lehor hutsa zela1. Kritika hori bereziki mingarria izan zen Valloton anarkiaren zalea zelako, ustez. Artista moduan, bere ibilbideko lehen urteetan, polizia sarritan satirizatu zuen, indar zakar eta zapaltzaile gisa irudikatuz. 1890eko hamarkadan, anarkismo frantsesa bonba eta hilketa andanan murgilduta zebilenean, Parisko poliziak toki nabarmena hartu zuen bere ohol gaineko grabatuetan eta litografietan, baina polizien eginkizunak inoiz ez du distirarik: kaleetan zaintza lanetan agertzen dira, herritarrak atxilotzen, gazte susmagarriak atzematen, eta jendetza abereak balira bezala zaintzen2. Vallotton amorratzen sentituko zen bere margolana tamainako jazarpen burokratiko mota batekin konparatu zutenean. Nekez imajina zezakeen zentsura krudelagorik.

Zer iritzi merezi du polizia batek bezala pintatu eta anarkista batek bezala marrazten duen artista batek? Vallotton nabien kidea zen, eta bat zetorren talde horrekin, berak ere arau akademikoak apurtu nahi baitzituen, eta interesa zuen ohol xaflen gaineko japoniar grabatuen sinpletasun grafikoari buruz. Hala ere, bere nabi kideek nabi étranger deitzen zioten, nabi atzerritarra, ez bakarrik suitzarra zelako, baizik eta bera eta taldearen arteko distantzia psikologikoa eta alde estetikoa zuelako ere. Gainera, Vallottonen grabatuek zituzten konnotazio politikoak, ukaezinak izan arren, anbiguoak izan zitezkeen. Argi eta garbi anarkistak ziren gaien irudietan ere, bere umore zentzu garratzak ez zuen bururik tente uzten eta, beraz, zaila zen bere jarrera zein zen jakitea.

Nabi guztiak aritu ziren grabatugintzan, eta bultzada eman zioten 1890eko hamarkadan loratu zen kultura grafiko sendo bat ontzerakoan, baina Vallotton nabarmendu egiten zen bere kontzeptu eta forma berrikuntza garrantzitsuenak paper gaineko artelanetara eramateko orduan. Modernitatearen historiak pintura abangoardiaren bitarteko berezi bihurtu duela eta, Vallotton baztertuta geratu da artearen historiako kronika gehienetan, Frantzian mende amaieran fama nabarmena hartu arren eta 1890eko hamarkadan zein geroago bere ohol gaineko grabatuek eragin handia izan arren. Pintore konprometitua zen eta, hamasei urte zituela, Parisera lekualdatu zen bere jaioterri Lausanatik, eta grabatua hartu zuen lanabes ezagun bilakatzeko eta, gainera, bizimodua ateratzeko. Litografo eta marrazle porrokatua ere izan zen, eta hari egozten zaio arte modernoan ohol gaineko grabatua biziberritu izana3. Bere zur blokeak zizelkatzen zituen, ia beti bere grabatuak egiten zituen, eta bere lana bere garaiko argitalpen garrantzitsuenetan agertu zen, hasi egunkari ezagun eta umorezko argitalpenetatik eta abangoardiako aldizkarietaraino, adibidez, La Revue blanche4. Lehendabizi, ilustratzaile eta grabatzaile lanetan artista ospea ondu zuenez, ondo moldatu zen oro har herritarren eta, aldi berean, elite abangoardistaren gustagarri izateko. 1889an Gabrielle Rodrigues-Henriques alargun dirudunarekin ezkondu zen, Alexandre Bernheim-Jeune arte-merkatari nabarmenaren alabarekin. Harrezkero, Vallottonek ez zuen bizimodua egunero irabazi behar izan, eta bete-betean heldu zion pinturari. Hala ere, bitarteko hori erabiliz, ez zuen inoiz piztu bere grabatuekin lortutako onarpen kritikorik edo erakarmenik. Horrek, bere lanei zerien kritika garratzarekin batera, banandu egiten zuen Pierre Bonnard, Maurice Denis eta Édouard Vuillard bere nabi kideengandik. Vallottonen grabatu batzuek heriotza jendetza nagiaren ikuskizun gisa arakatzen dute. 1894ko Suizidioa (Le suicide) eta Exekuzioa (L’exécution) ohol gaineko grabatuetan, Vallottonek auzitan jarri zuen bere kulturak heriotzaz egiten duen ikuskizuna, baita zalantzan jarri ere begiluze edo badaud delakoaren etika. Grabatu horiek, oso modu desberdinetan, heriotza publikoak gertatzen diren eszena hunkigarri bana irudikatzen dute: batek bere burua suntsitzearen ekintza etsi eta nabarmenki bakartia, eta legeak egindako gillotina bidezko exekuzio bat plaza publikoan. Biak ere kaleko oinezkoentzako heriotza ikuskizun doilorrak dira, eta biek ere konposizio trebea erakusten dute; estilo guztiz sintetikoa dute jendetzaren eta lilura eragiten duen gaiaren arteko erlazioa zalantzan jartzeko.

Vallotton luze gabe egin zen ezagun jendetzak erretratatzeagatik, justu hedabide idatzietan masen psikologiari buruzko eztabaida puri-purian zen momentuan. XIX. mendeko azken hiru hamarkadetan, Parisko biztanleria izugarri handitu zen, eta kezka gero eta handiagoz bizitzen zen urbanizazio prozesua, baita giza harremanen gaineko haren inpaktua ere. Pertsonen metaketak artegatzen zuten gizarte fenomenoa ziren eta, aldi berean, mende amaierako idazle frantsesak liluratu egiten zituen. Literaturan, Émile Zolaren eleberriek jendetza ageriko zerbait bihurtu zuten herritarren irudimenean. 1870eko hamarkadatik 1890ekora, Hippolyte Taine historialari, filosofo eta kritikariak historia moderno frantsesaren sei liburuki argitaratu zituen eta, bertan, masa asaldatuen kontrako deskribapen sentsazionalistak egiten zituen5. Taineren obratik abiatuz, Gabriel Tarde eta Gustave Le Bon soziologoek ikerkuntza zientifiko modernoaren adar berri bat bihurtu zuten masen psikologia. Masen jokabideari buruzko Le Bonen teoria ezkorrak eta paranoideak gaurdaino nagusitu dira gaiari buruzko azterketetan. Psychologie des foules (Masen psikologia) idazlana 1895ean argitaratu zen, puntako salmentak izan zituen eta, adierazten duenez, masak ergelak eta arriskutsuak dira, manipulatuak izan daitezke itzal handiko lider baten eskuetan, batez ere boterea irudien bidez praktikatzen badu. Le Bonen iritziz, masek berezkoa dute “oldarkeria, suminkortasuna, arrazoitzeko ezintasuna, juiziorik eta espiritu kritikorik eza [eta] sentimenduen exajerazioa”. Egileak nolakotasun horiek “eboluzioaren forma apalagoen” pare jartzen ditu, alegia, “emakume, basati eta umeen” pare6.

Vallottonen masei buruzko ikuspegia bat dator neurri batean Le Bonen ezkortasunarekin, baina bere ikusizko planteamenduaren tonua eta egitura ikuslea erraietatik inplikatzen dute. Gainera, Le Bonen testuak aditzera ematen du egilea eta haren irakurleak hizpidea jarritako masa baino gorago hel daitezkeela eta, aldiz, Vallotonen obrak ikusleak eta sortzailea inplikatzen ditu sarritan irudikatzen dituen eszenetan. Suizidioan, adibidez, begiluze edo badaud direlakoen jende saldo bat zubi baten barandillan pilatzen da uretan gertatzen den tragedia behatzeko. Itzalaren iluntasun iragazgaitza zubi azpian barrena hedatzen da, grabatuaren ia erdia betetzen du, eta gure ikusmen lerroa irensten, ertzetara bultzatuz, eta hor jendetza aurki dezakegu. Barrunbe horrek zubiaren eta ibaiaren arteko distantzia markatzen du, gizarteko bizitzaren eta heriotza bakartiaren artekoa, biktima erortzen den ingurunea garbituz. Halaber, ikusleak distantziatik behatu behar du suizidioa nahitaez, zubian pilatzen den jendetzak bezala.

Suizidioaren gainean, gainera, mende amaierako Frantzian azterketa berri bat egin zuten, suizidio tasa gehitu zenean, Parisen batez ere. 1897an, Émile Durkheim soziologia modernoaren sortzaileak bere testu entzutetsuena argitaratu zuen: Le suicide: étude de sociologie (Suizidioa: soziologiako azterketa)7. Durkheimek ematen dituen argumentuetan, baieztatzen du suizidioaren arloa ezin dela gizabanakoaren psikologiara murriztu, baizik eta gizarte ekintza bat dela, kultura eta historiako faktore zabalagoei uztartua eta, egilearen iritziz, horiek zientifikoki azter litezke eta tratamendu bat jaso lezakete. Bere ustez, edozein suizidio inmorala da, baina psikositik eta giza banakoen zailtasunetatik harago doan ondoeza moduren baten ondorioa ere bada. Vallottonen ohol gaineko grabatuak Durkheimen azterketa baino lehenagokoak badira ere, bere suizidioaren ikuspegia, gizarteko arazotzat joaz, antzekoa da, eta ez du giza banakoaren psikologia kontuan hartzen, ezta suizidio ekintzak atzean dituen motibazio pertsonalak ere. Vallottonek ez du zubiko jauzia irudikatzen, ezta gorpuari erreparatzen ere: beheko eskuin aldean idatzitako izenburuak soilik erakusten du argi eta garbi suizidioaren gaia. Horren ordez, barandatik makurtzen den jendearen jakin-minari erreparatzen dio, baita arrantzalearen harrapari jarrerari ere, kako batez amaitutako bere kainaberaz. Ikusleen multzoak ikuslearen interesa bereganatzen du eta, beheko ezkerraldeko izkinan, jendetzaren begiradak eta arrantzalearenak bat egiten duten puntuan, uhinen gainean, Senaren urazalera giza buru baten alde bat ateratzen da, zubi bateko farola elektriko batek distiraz argiztatua. Ingurune zurian ile beltzeko txima uzkur bat ateratzen da, begi bakarti eta suminkor baten gainean, uhinen artetik amorruz begira ari dela. Argi iturri eta begirada kuxkuxeroetarako zuria eta iluntasun, misterio eta heriotzarako beltza erabiltzeko ekuazioa bat dator Vallottonen grabatuaren estiloak berea duen ekonomia grafiko itxuraz sinplearekin. Zubiko jendea zurien multzo bat da; haien buruek ez dute aurpegierarik; aho eta begi oso zabalen abstrakziotzat jo daitezke. Vallottonek farola elektriko baten distira artifizialarekin uztartzen ditu begirada begiluze eta anonimo horiek, biak ere, elkarren oso gertu, zirkulu zuri luzatuen gisa irudikatzen baititu. Ikuspegi beldurgarri horren ezaugarri asaldagarriago bat, ordea, biktimaren begirada da, jendetzaren begirada ikusleari bideratzeko balio duena, lilura doilor horretan gu ere sartuz. Irudiak heriotzaren antzerki horren barrualderaino arrastatzen gaitu.

Vallottonek suizidioa gertaera publiko gisa irudikatzen du: behatu behar dugun zerbait eta modu obsesiboan eztabaidarako hizpidea jarriko duena. Artista Parisko prentsa hartuko zuen inspirazio iturri ikuskizun zital honi heltzeko orduan, kontuan hartuz bereziki XIX. mendean egunkarietan agertzen hasi ziren les faits divers (ezbeharren berriak) atal herrikoia: bertan, zabaltzen zituzten lerro labur batzuetan krimenak, istripuak eta tragediak8. Mende amaierako idazle frantses batzuei ere istorio sentsazionalista horiek liluragarriak iruditzen zitzaizkien, baita badauderie (jakin-mina) ere, ulertuz bizitza modernoko jarduera asaldagarri eta saihestezina zela. Badaude hitzak, “begiluze” edo “kuxkuxero” itzul daitekeena, garrantzi berria hartu zuen XIX. mendeko Parisen, aditzera pasa zenean hiriko bizitza entretenimendu bihurtu egin zela eta jendea kaleetatik antzerki batean bezala ibiltzen zela9.

Vallotton badauderiearen artista ezaguna bihurtu zen 1890ko hamarkadan, La Revue blancherako artista grafiko lanetan zebilenean. 1896an, Octave Uzanne idazle eta editoreak eskatu zion “Parisko badauderieren grabatu brutalisten sorta bat” egiteko10 eta, segidan, mandatua eman zien La Revue blancheren ohiko idazle batzuei saiakerak zuzenean Vallottonen laminetan inspiratuta egiteko. Era horretan, artelanek ez zuten funtzionatzen ilustrazio moduan; aldiz, inspirazio iturri bihurtu ziren, testu bakoitza sortzeko. Parisko jakin-minak. Elkarretaratzeak, kalearen fisiologiak (Badauderies parisiennes, Les Rassemblements, physiologies de la rue, 1896) luxuzko liburu bat izan zen eta, inprimatu zituzten 200 aleetan, orri osoko hogeita hamar erliebedun grabatu zituen ale banatan; kasu askotan, badauderiearen alde iluna irudikatzen zituzten (38 – 39. or.)11.

Liburuaren atal garratzenetako bat hiriko suteei buruzko saiakera bat izan zen, Félix Fénéon kritikari anarkistak sinatua, eta Vallottonen obra gizarte kritikarako arma gisa erabili zuen. Sutan den eraikin bati begira dagoen jendetza baten grabatu batean inspiratuta (39. or.), Fénéonen testuak kondenatu egiten ditu ez begiluzeak bakarrik, baizik eta biktimak eta suhiltzaileak ere, ezbeharra ikuskizun bihurtzearren. Jendeak sutea urrutitik ikusten du, eszenategi batetik begira balego bezala, eta eraikinean harrapatuta geratzeko zorigaitza pairatzen dutenak antzezpena jokatzen parte hartzen dute, keinu histrionikoak eginez12. Vallottonen grabatua, aldiz, ez doa hain urruti, baina ondoz ondo jarritako ikusmiratzaileen pasibitate estatikoak, neurrigabeko sugarrek, eta fatxadan gora suhiltzaileek egiten duten igoerak jendetzari egindako gaitzespena adierazten dutela dirudi. Ikuslea beheko eskuinaldeko izkinako ikusmiratzailearen antzeko jarreran dago, buruen eta txisteren multzoaren gainetik zerbait gehiago antzemateko ahaleginean. Berriz ere, Vallottonek jendaurreko ikuskizun izateko heriotzak daukan ahalmena irudikatzen du, eta ikusleari jakin-min horren alde gaiztoaz ohartarazten dio, baita horretan parte hartzen duenean ere.

Exekuzioa sortzeko, heriotza ikuskizun bihurtzen duen bere irudi kementsuena, Vallottonek inspirazio iturri hartu zuen 1894an Frantziako presidentea erail zuen anarkista italiarraren exekuzioa13. Burgesen hirukote batek, soldadu lerro baten aurrean, gizon bat gillotinara nola bultzatzen duten begiratzen du. Gu ere, ikusleak, lekukoak gara; hiru gizon horien eta plazan parez pare dituzten zaindarien eszena hori dugu begien aurrean. Kondenatutik hurbilago gaude gu haiek baino; hain zuzen, atzetik ikusten dugun borreroaren irudia dugu gugandik hurbilen. Beraz, eszenan murgiltzen gara, eta ikusle gisa dugun kokapena ikusgarria da: konposizioak exekuzioan inplikatzen gaitu, kanpotik behatzeko modua ematen digun arren. Suizidioan gertatzen den bezala, itzal beltza zaindariak, borreroak eta ikusmiratzaileak ikuspegi gaixoti eta bortitz batean bateratzen dituen iluntasun itzel baten metafora da; gatibuaren giza irudi argitsuak bakarrik hausten du hori. Kontraste horiek lortzeko, Vallottonek ohol gaineko bi grabatu teknika desberdin baliatzen ditu, baina elkarren arteko trantsizioa ez da igartzen. Laminaren zati handi bat beltzez saturatuta dago, eta irudia oholean zuzenean tailatutako lerro zuriz osatzen da (lerro zuriaren teknika da, eta Vallottonen obrak berreskuratzen lagundu zuen neurri handi batean). Bestalde, zati batzuk, bereziki kondenatuaren tortsoa eta burua, lerro beltzaren teknika tradizionalagoaz gauzatu dira: formen ingeradak eta detaileak beltzez adierazten dira, eta inguruko zatiak, berriz, zuriz, xaflan hustutakoak baitira. Vallotton naturaltasunez mugitzen zen bi modu horien artean, beltz gaineko zurian zein zuri gaineko beltzean; era horretan, borreroaren eta alde batean dagoen ikusle talde txikiaren ikuspegiaren artean ikusle gisa bizi dugun gorabehera intelektualaren baliokide grafiko bat eraikitzen zuen.

Exekuzioak ez dira bakarrik heriotzaren eta sufrimenduaren ikuskizunak, baizik eta baita botere politiko batena ere, helburua izanik gobernuaren agintea eta legeak erakustea. XIX. mende osoan, Europako gizarteek gero eta kezka handiagoa agertu zuten exekuzio publikoei buruz; hain zuzen, mende amaieran, Frantzia zen mendebaldeko Europako nazioetan oraindik ere egiten zituen bakarra14Exekuzioak agerian jartzen ditu heriotza antzeztu horretako izu eta gatazka moral inplizituak, baita ondorengo galderak eragin ere: Zein da Vallottonen jarrera zehazki exekuzio horri buruz eta mende amaierako kulturako sufrimendu eta heriotzaren ikuskizunari buruz? Kondenatuaren alde dago, bere baitan amorruz eta beldurrez astintzen den errebeldea da, ala kondenatua heldu, iraindu eta bultzatzen duten zaindari zakar eta mardulen alde? Pentsatu behar dugu bere jarrera lehendabizikoa dela, baina konposizioak ikuslearen tokian jartzen gaitu gu eta artista, borreroarekin lerrokatuta, eta borreroak biktima berera ekartzen du, bere beste eskuaz sorbatza heltzen duen bitartean. Beharbada lamina horiek eta dituzten zuri eta beltz puruen sintesiak pizten diguten lilura artistaren planteamendu bikoitzak eragiten digu: Vallotton polizia eta Vallotton anarkista.

[Itzulpena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. “Kleine Chronik”, Neue Zürcher Zeitung (1910eko martxoaren 23a), hemen aipatua: Sasha M. Newman et al., Félix Vallotton (New Haven: Yale University Art Gallery, 1991), 55 zk., 290. or. Vallottonen eraginkortasun kritikoaz, ikus Margit Hahnloser-Ingold, “Affirmation and Debate: Vallotton’s Critics and Collectors”, Newman et al., Félix Vallotton, 235 – 61. or. [itzuli]
  2. Ikus, adibidez, Bigarren bulegoa (Le deuxième bureau, 1893 – 94); Biolinean (Au violon, 1893); Anarkista (L’anarchiste, 1892); eta Parisko jendepiloa (La foule à Paris, 1892). [itzuli]
  3. 1892an, artikulu batek “ohol gaineko grabatuaren berpizkundea” Vallottoni egozten zion. Octave Uzanne, “La Renaissance de la gravure sur bois – Un néo-xylographe: M. Félix Vallotton”, L’Art et l’idée (1892ko urtarrila-ekaina), 1. bol., 115 – 17. or. [itzuli]
  4. Vallottonen laminak eta marrazkiak plazaratu zituzten argitalpen ezagun batzuk izan ziren L’Escarmouche, Le Courrier français, Le Rire, Le Cri de Paris eta L’Assiette au beurre. Ikus Jean-Paul Morel, Vallotton, dessinateur de presse et graveur (Lausana: Favre, 2002). Gainera, 1891tik 1903ra La Revue blancherekin kolaboratu zuen sarritan, Parisko arte eta literaturari buruzko abangoardiako aldizkariarekin. [itzuli]
  5. Hippolyte Taine, Les origines de la France contemporaine, 6 lib. (Paris: Hachette, 1876 – 94). [itzuli]
  6. Gustave Le Bon, La psychologie des foules (Paris: Alcan, 1895). [itzuli]
  7. Émile Durkheim, Le suicide: étude de sociologie (Paris: Alcan, 1897). [itzuli]
  8. Fait diversen fenomenoari buruz, ikus Anne-Claude Ambroise-Rendu, Petits récits des désordres ordinaires: les faits divers dans la presse française des débuts de la IIIe République à la Grande Guerre (Paris: Arslan, 2004); eta David H. Walker, Outrage and Insight: Modern French Writers and the “Faits Divers” (Oxford, Erresuma Batua: Berg Publishers, 1995). [itzuli]
  9. Badauderieari buruz, ikus Victor Fournel, Ce qu’on voit dans les rues de Paris, 2. arg. (Paris: E. Dentu, 1867), 268 – 75. or.; eta Gregory Shaya, “The Flâneur, the Badaud, and the Making of a Mass Public in France, circa 1860 – 1910”, The American Historical Review 109:1 (2004ko otsaila), 41 – 77. or. [itzuli]
  10. “L’idée me vint de lui demander une série d’estampes brutalistes sur la Badauderie parisienne”, Octave Uzanne, “Prologue: Félix Vallotton et l’origine de ce Livre des Rassemblements. La Bibliophilie et la jeunesse littéraire contemporaine”, Badauderies parisiennes, Les Rassemblements, physiologies de la rue (Paris: H. Floury, 1896), i – v. or. [itzuli]
  11. Ematen du Badauderies parisienneseko Vallottonen laminek ohol gaineko grabatuetan artistak dituen ezaugarrien estilo bereziak biltzen dituztela eta, liburuaren azalean, “gravure” direla dio, baina marrazkietan oinarrituz inprimatutako erliebeak dira segur aski, prozedura fotomekanikoz. Ikus Newman et al., Félix Vallotton, 26 zk., 273. or. [itzuli]
  12. Félix Fénéon, “L’incendie”, Badauderies parisiennes, 159 – 64. or. [itzuli]
  13. Hiltzailea, Sante Caserio, 1894ko abuztuaren 16an exekutatu zuten Lyonen. Ikus Laurence Madelineren sarrera artelan horri buruz hemen: Jean Clair, arg., Crime et châtiment (Paris: Gallimard Musée d’Orsay-rentzat, 2010), 199. or. [itzuli]
  14. Ikus Michel Foucault, “The Spectacle of the Scaffold”, Discipline and Punish: The Birth of the Modern Prison (Nueva York: Vintage, 1995), 32 – 69. or.; eta Pieter Spierenburg, The Spectacle of Suffering: Executions and the Evolution of Repression (Cambridge, Erresuma Batua, eta New York: Cambridge University Press, 1984), 198. or. [itzuli]