katalogoa
HASTAPENAK: ESTANPAK ETA XV. MENDEKO MARRAZKIAK
Szilvia Bodnár
- Izenburua:
- HASTAPENAK: ESTANPAK ETA XV. MENDEKO MARRAZKIAK
- Egilea:
- Szilvia Bodnár
- Argitalpena:
- Madril: Brizzolis, 2025
- Neurriak:
- 24 x 27 cm
- Orrialdeak:
- 216
- ISBN:
- 978-84-95216-99-1
- Lege gordailua:
- BI-01752-2024
- Erakusketa:
- Budapesteko paper gaineko maisulanak
- Gaiak:
- Artea eta teknologia | Bildumagintza | Artearen historia | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Papera | Erakusketak | Marrazkigintza | Museoak | Budapesteko Arte Ederren museoa | Hungariako Galeria Nazionala | Europa | Hungaria | Budapest | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Gotikoa
- Teknikak:
- Grabatua | Kalkografia | Litografia | Xilografia
XV. mendeko marrazki ezagun ia guztiak —hau da, gaurdaino iraun duten paper gaineko marrazki zaharrenak— anonimoak dira. Sortzaileen objektu pertsonalak baino gehiago, tailer baten jabetzakoak izaten ziren. Helburu zehatz batekin egiten ziren gainera: batez ere margolanak, eskulturak eta urregintzako piezak egiteko iturburu lagungarri gisa erabiltzeko, hain zuzen. Marrazki horietako askotan, eredugarritzat hartutako beste artelan batzuetatik kopiatutako motiboak daude, bestelako konposizio berriak osatzeko erraz egokitu zitezkeenak. Ideien biltegi ziren aldetik, jabetza ezin baliotsuagoak ziren marrazkiak artista eta artisauentzat, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren batzuetan. Izan ere, tailerretan garai hartan ez zuten naturaletik marrazten gehienetan.
Budapesteko Arte Ederren Museoko Estanpa eta Marrazki Bilduman dauden pieza goiztiarrenak pergamino gainean egindako miniaturak dira, eta Erdi Aroko eskuizkribu koadernaturen batetik atera zituzten garairen batean. Aitzitik, bildumako paper gaineko lanik zaharrena, Zaldunak paisaia harritsuan, 1400. urte inguruan datatua dago, eta egilea artista ezezagun bat da, Madonna Giovanelliren Maisua deitua. Lan bikaina da gauzatzeari dagokionez, pinturaren oso hurbileko akaberaduna, eta garai hartan ospetsuak ziren zaldun-erromantze bateko pasarte bat irudikatzen du, seguru asko.
Europar marrazkigintzaren garai goiztiar hartan ohikoa zen liburuak eredu erabiltzea lan artistikoen zenbait xehetasun osatzeko. Kasu horietako bat izango litzateke Antiokiako Santa Margarita, 1410eko hamarkadan marraztua orduan loratzen ari ziren Bohemiako tailer batean, Pragan seguruenik. Irudi fin hori nazioarteko gotikoaren eredu lirain eta apaingarriari jarraituz eginda dago. Estilo hori ezaugarri estilistiko komunek definitzen zuten —hasi Frantziatik eta Europa erdialderaino, Renanian eta Austrian barrena—, eta ez horrenbeste tokiko, nazioko edo banakako osagaiek. Marrazkiak kalterik gabe iraun du gaur egun arte, eta oso litekeena da eskultura baten eredu-orri gisa edo diseinu gisa baliatu izana.
Papera gero eta merkeago lortzeko aukeraren ondorioz, gero eta marrazki gehiago sortu ziren, eta, ondorioz, aukerak biderkatu egin ziren ale gehiagok bizirauteko. Europan, XIII. mendean hasi zen paperaren manufaktura, eta Italian eta Frantzian kokatu ziren lehenengo paper-errotak. XV. mendean, Rhin Garaian, Basilean eta Estrasburgon zeuden papera ekoizteko zentro nagusiak.
Garapen horrek bultzatu zuen, neurri handi batean, estanpen sorkuntza eta zabalkundea. Genero horren oinarrizko ezaugarria errepikapena da: irudi grafikoa biderkatze prozedura baten bitartez erreproduzitzeak aukera ematen du hainbat kopia egiteko eta banaketa zabalagoa lortzeko. Helburu erlijiosoa izan zen xilografien eta kalkografien lehen helburuetako bat: Elizaren doktrinak jendeari helaraztea. Orri horien erabileraren eta funtzioaren ondorioz, ez zuten luzaroan irauten. Lehen fase horretan kartak izan ziren aipatutako orrien baliokide sekularrak; jolasteko erabili ziren jatorriz, eta hainbat mende geroago arte ez ziren okultismoarekin eta igarpenekin lotu. XIV. mendeaz geroztik Europa osoan barrena zabaldutako karta-jokoetan, banan-banan marraztu eta margotutako kartak erabiltzen ziren, baina mende horren amaieraz geroztik, estanpatutako kartak erabili ziren haien ordez. Bilduman taroteko karten hainbat orri ebaki gabe daude; artisau anonimoek xilografiaren teknikaren bitartez eginak dira, eta zati batzuk txantiloiz koloreztatuta daude. Venezian inprimatu ziren, 1500. urte inguruan.
Xilografia, lehenengo grabatu-teknika mota, XIV. mendeaz geroztik erabiltzen zen. Kalkografia, berriz, hainbat hamarraldi geroago garatu zen, XV. mendearen hogeita hamargarren hamarraldian seguru asko, Rhin Garaia eskualdeko urregileen tailerretan. Maisu urregileek, metalezko xafla batean ebakitako konposizioen zehaztasuna egiaztatzeko, tinta aplikatzen zuten lerroetan, eta, gero, paper baten gainean presionatzen zuten. Teknika horren historiako lehenengo mendean, urregileak izaten ziren kalkografiak egiten zituzten artisauak, edo urregintzako tailer batean ikasitako artistak, bestela. Azken horien artean Martin Schongauer izan zen ospetsuena; bera izan zen grabatuak egiten hasi zen garrantzizko lehen margolari alemana. Asko interesatzen zitzaion kalkografiaren teknika, eta inflexio puntu bat izan zen interes hori estanparen historian. Hain zuzen ere, beste pintore ezagun batzuk ere, teknika berriak haien praktika artistikorako eskaintzen zizkien aukera berriez jabetuta, hura erabiltzen hasi ziren beren obrak zuzenean diseinatu, burutu eta argitaratzeko. XVI. mendearen hasieran iritsi zen kalkografia goren mailara, Albrecht Dürerrekin eta Lucas van Leydenekin. Bilduman dauden Schongauerren ia 115 kalkografiak estanpa ugariren bitartez iritsi zaizkigu; horrek argi adierazten du nolako arrakasta izan zuen teknika hark. Haren lanak oso aintzat hartu zituzten bere garaikideek, eta konposizio haiek pintura eta estanpa ugariren inspirazio izan ziren XVI. mendean zehar. Haren grabatuetan objektuak, giza sentipenak eta eszenatoki naturalak ezin zehatzago eta egokiago irudikatuta daude artistak zuen trebetasun teknikoari zein marrazteko zuen maisutasun paregabeari esker.
Schongauerren garai berean, Israhel van Meckenem grabatzaile guztiz emankorra jardun zen lanean, eta bera hartzen da, hain zuzen, lehenengo grabatzaile “erreproduzitzailetzat”: 500 grabatu baino gehiago egin zituen, eta horien erdia-edo beste artista batzuen grabatuen kopiak dira. Berak asmatutako konposizio dekoratiboa da Dantzaridun dekorazio apaingarria, non “elkarri lotuta” gelditzen baitira irudiak, kiribil estilizatuen begizta katramilatuen bitartez.
[Itzultzailea: Rosseta Testu Zerbitzuak S.L.]