katalogoa
ERROMA ETA VENEZIA XVIII. MENDEAN
Réka Filep
- Izenburua:
- ERROMA ETA VENEZIA XVIII. MENDEAN
- Egilea:
- Réka Filep
- Argitalpena:
- Madril: Brizzolis, 2025
- Neurriak:
- 24 x 27 cm
- Orrialdeak:
- 216
- ISBN:
- 978-84-95216-99-1
- Lege gordailua:
- BI-01752-2024
- Erakusketa:
- Budapesteko paper gaineko maisulanak
- Gaiak:
- Arte italiarra | Artea eta politika | Artistak | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Konposizioa | Paisaia | Itsas paisaia | Marrazkigintza | Europa | Italia | Klase sozialak | Aristokrazia | Burgesia | Bidaiak
- Mugimendu artistikoak:
- Erromantizismoa | Neoklasizismoa
- Teknikak:
- Akuafortea | Grabatua | Marrazkia
- Aipatutako artistak:
- Canaletto, | Piranesi, Giovanni Battista | Tiepolo, Giovanni Battista
Zatiketa politikoak eta gainbehera ekonomikoa gorabehera, Italiak Europako artearen erdigune izaten jarraitu zuen XVIII. mendean. Garai hartako bi hiri nagusiak Venezia eta Erroma ziren, eta haien bizitza kultural eta sozialak ospe handiko artistak eta bisitariak erakarri zituen hainbat mendez. Errenazimentuko eta barrokoko maisuen obrez gainera —ordurako klasikotzat hartuak—, garaiko maisuen ekoizpen zoragarria ere miresteko modua zuten atzerriko agintariek, aristokratek nahiz nobleek afari, oturuntza eta kontzertuen gertaleku izaten ziren palazzietako aretoetan. Tokiko artistek harreman berriak egiteko eta, beraz, diru askoko enkarguak jasotzeko aukera zuten horri esker, eta, hala, beren sorterrian nahiz atzerriko hiri urrunetako jauregietan lan egin ohi zuten italiar margolari ospetsuenek.
XVIII. mendeko Veneziako artistarik aipagarriena Giambattista Tiepolo (1696–1770) izan zen, fresko rokoko zoragarriengatik eta horma-pintura handiengatik ospetsua. Tiepoloren garaikideek haren artearekiko zuten zaletasunaren erakusgarri, garrantzi handiko enkarguak jaso zituen —Elizarenak nahiz sekularrak— jaioterri zuen Venezian lan egiteko ez ezik, Italiako beste hiri batzuetan (Udine, Bergamo, Vicenza) zein Europako beste toki batzuetan lan egiteko. Bere lantegiaren laguntzaz egin zituen Tiepolok atzerriko enkargurik garrantzizkoenak, hala nola Würtzburgeko Artzapezpikuaren Egoitzako freskoak (obra horiek lotura dute gure marrazkiarekin) eta Madrilgo Errege Jauregiko pinturak. Erregeen gustuarekin bat zetozen koadro irudimentsu eta kolore bizikoegantik ez ezik, marrazkilari gisa ere bazen miretsia Tiepolo, eta haren zirriborro burutsuek eta figura-estudioek eragin handia izan zuten bere ondorengo artista belaunaldiengan; haren seme Giovanni Domenicorengan, esaterako.
Antzeko ospea izan zuen Canalettok (Giovanni Antonio Canal, 1697–1768), azken hori vedute izeneko hiri-paisaiengatik ezaguna; Veneziako toki enblematikoak irudikatuz egiten zituen pinturak hiriko eta Europa osoko goren mailako familien egoitzetan egoten ziren apaingarri. Adiskidetasun-harreman estua zuenez Joseph Smith arte bildumazale eta gerora Veneziako britainiar kontsul izan zenarekin, maiz bidaiatu zuen Ingalaterrara, eta, vedutista izaki, Londresko toki ezagunenak margotu zituen han. Maisu handia ospetsua zen nazioartean grabatu-arloan lehen saiakerak egin zituenerako. Bere akuaforteei esker, zabalkunde handia izan zuen vedute generoak.
Garai hartan, artistek ez zituzten enkargu indibidualak soilik onartzen; artearen merkatu gero eta zabalagorako piezak ere sortzen zituzten. Mendez mende, gero eta artista gehiagok bidaiatzen zuten Italiar penintsulara, eta, aurrerago, baita noble gazte aberatsek ere; hilabeteak ematen zituzten bertan, baita urteak ere, hiri nagusiak bisitatzen, batik bat Venezia, Florentzia, Erroma eta Napoli. XVIII. mendean, gazte aristokratek helduarorako bidean igarotzen zuten etapa garrantzizkoenetako bat zen Grand Tour zeritzona. Eliteko gazteak bidaian joaten ziren hizkuntzak ikasteko, harremanak egiteko eta historia- eta kultura-ezagutzetan sakontzeko, helduarora ikasiago eta, oro har, jantziago iristeko xedez. Europa osotik joaten ziren bidaiariak, eta artelanak erosi nahi izaten zituzten oroigarri modura eramateko, bisitatu zituzten hirietako piazze eta eraikinak erakusten zituztenak, bereziki. Eskari berrien bultzadaz, genero berriak garatuz joan ziren, eta paper gaineko obrek ere zabalkunde handia izan zuten. Canalettoren artearen bidez ezagun egindako vedute haiek ohikoak ziren, jauregietako pintura apaingarrietan ez ezik, publiko zabalagoarentzat eskuragarri ziren marrazki eta estanpetan ere.
Erromak bakarrik zuen Veneziak eragiten zuen lilurari aurre egiteko ahalmena; eta, hain zuzen ere, hiri betierekoa izaten zen Italiako bidaldietako lehen helmuga. Artistek hainbat mendez izan zuten hara bidaiatzeko joera, Antzinaroko lanetan eta Errenazimentu zein Barroko garaiko maisu handien obretan inspirazioa aurkitzeko asmoz. Erromako egonaldian, harremanak egiten zituzten Grand Tour betean ziren europar nobleziako kide gazteekin, zeinak balizko bezero bihur baitzitezkeen. Erromak ez zuen lehiakiderik Italiako gainerako hirien artean, bertan dauden ezin konta ahala monumentu, artelan eta Antzinaroko aurriei esker. Erromaren veduteetan orobat ageri dira Errenazimentuko eta Barrokoko arkitekturaren maisulanak eta Erroma klasikoko eraikin adierazgarrien hondarrak, bereziki Koliseoarenak, Panteoiarenak eta Foroarenak. Antzinako aurrien pintura, akuarela eta estanpek bat egin zuten Antzinaroarekiko interesaren susperraldi neoklasikoarekin, eta erromantizismoaren oinarriak finkatu zituzten.
Giovanni Battista Piranesi (1720–1778) Venezian jaio zen, baina Erroman lan egin zuen; hasieran arkitektoa izan nahi zuen. Aire librean marrazten zuen, irudikatu nahi zituen monumentuen aurrez aurre jarrita. Akuaforte teknika erabiltzen zuen bere marrazkiak erreproduzitzeko, eta zehaztasun eta kontu handiz aritzea eskatzen zion horrek. Bestalde, grabatzaile gisa, konposizio birtuosistak sortu zituen, marrazkietan ohi zuenaren antzeko arintasuna erakusten dutenak, baita arkitekturako apaingarrien xehetasunik txikienetan ere. Piranesiren lanek eraikinen irudikapen soila gainditzen zuten maiz. Bere esperientzia eta inpresioetan oinarrituta, eta arkitekturako zenbait elementu uztartuz, alegiazko konposizio zoragarriak asmatu zituen: capricci deritzenak. Eszenografia kutsuko arkitektura-ikuskizunen errepertorio izugarri zabala irudikatu zuen bere akuaforte sailetan, forma klasiko, arku eta eskaileraz josiak; lan haiek arrasto sakona utzi zuten hurrengo artista-belaunaldiengan.
[Itzultzailea: Rosseta Testu Zerbitzuak S.L.]