katalogoa
‘GRANDEUR’ KLASIKOTIK AMETS IDILIKOETARA
Bernadett Tóth
- Izenburua:
- ‘GRANDEUR’ KLASIKOTIK AMETS IDILIKOETARA
- Egilea:
- Bernadett Tóth
- Argitalpena:
- Madril: Brizzolis, 2025
- Neurriak:
- 24 x 27 cm
- Orrialdeak:
- 216
- ISBN:
- 978-84-95216-99-1
- Lege gordailua:
- BI-01752-2024
- Erakusketa:
- Budapesteko paper gaineko maisulanak
- Gaiak:
- Artea eta historia | Artea eta paisaia | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Konposizioa | Lan-prozesua | Gizarte-kronika | Marrazkigintza | Europa | Klase sozialak | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Erromantizismoa
- Teknikak:
- Grabatua | Marrazkia
- Aipatutako artistak:
- Fragonard, Jean Honoré | Lorrain, Claude | Watteau, Jean-Antoine
XVII. mendearen erdialdera arte, Frantziako margolari eta eskultore gazteek gremioen sistemaren baitan ikasten zituzten beren lanbideko oinarrizko trebetasunak, eta prestakuntza teoriko-formal eskasa izaten zuten. Luis XIV.aren erregimen absolutistaren garaian (1643–1715), Frantzia superpotentzia ekonomiko, politiko eta kulturala izatera iritsi zen garaian, Pierre Séguier (1588–1672) kantzilerrak, Charles Le Brun artistarekin lankidetzan, prestakuntza artistikorako sistema zentralizatu bat ezarri zuen, goi-mailako estandarrak eskatzen zituen sistema bat. Pinturaren eta eskulturaren maila bestelako artisautza-industrien gainetik jarri zuten, Frantziaren gloire handia irudikatzearen tradizio noblea arte bisualen eremuan ere defenda zezaten hurrengo artista-belaunaldiek. 1648an, Académie Royale de Peinture et de Sculpture sortu zuten Luis XIV.aren mezenasgoari esker, eta, bertan, ofizialki onartutako lanbide bihurtu zen eskultura- eta pintura-lanen sorkuntza. Académieren hezkuntza-sistemak Florentziako Accademia del Disegno —Cosimo de Medicik sortua 1563an— eta Erromako Accademia di San Luca —1624 eta 1626 bitartean Simon Vouet artista frantsesak zuzendua— erakundeen ereduei jarraitu zien. Voueten Parisko tailerrak hainbat maisu bikain prestatu zituen, haien artean Charles Le Brun bera, XVII. mendeko Frantziako pinturaren eta akademizismoaren pertsonaia enblematikoa.
Académien prestakuntza teorikoaren garrantzia nabarmentzen zen, eta, bide horretatik, geometriaren, anatomiaren eta perspektibaren arauak ez ezik, historia, geografia eta literatura ere irakasten zizkieten ikasleei. Marrazketaren artea sen artistikoaren lehen adierazpentzat hartzen zen. Marrazketarako trebetasuna gizonezkoen biluzietan zentratzen zen, genero nagusitzat jotzen zen historia-pinturaren funtsezko baldintzetako bat baitzen eremu piktorikoaren baitan ekintza gogoangarriak egiten ari ziren figuren benetako irudikapenak sortzea. Ildo horretatik, irakasleek ez zituzten soilik antzinako eskulturak edo Rafael, Michelangelo eta Carraccitarren lanak hartzen eredu; Italian bizi zen Nicolas Poussin pintore frantsesaren artea ere eredugarritzat zuten. Poussinen neoklasizismoak, zeinak modu berezian berregiten baitzuen Antzinaroko espiritua, gustu frantsesa definitu zuen XVII. mendearen hirurogeita hamarreko hamarraldiaz geroztik. Haren lagun eta herrikide Claude Lorrainek (hura ere Erroman bizi izan zen), mundu ikusgaia abiapuntu hartuta, paisaia idealak ahalik eta modurik perfektuenean irudikatzea izan zuen xede, eta egitura idilikoa eman zien bere artzain-eszenei, baita baretasun aztoragarria ere Ovidioren istorioei. Poussinen parabola historikoetako gertaera dramatikoak paraje malkartsu eta harkaiztsuetan kokatzen ziren gehienetan, eguerdiko eguzki kiskalgarripean; Claude Lorrainek, aldiz, egunsentiko eta arratseko argi-efektuak aztertzen zituen bere lan poetikoetan, bai eta atmosferan eta argiaren baldintzetan gertatzen ziren aldaketak ere. Erroman bizi ziren bi artista frantses handi horien arrastoan, Le Brunek, heziketa akademikoa zabaltzeko helburuarekin, 1666an Jean-Baptiste Colbert finantza kontu-hartzaile nagusiaren babesa lortu zuen Erromako Akademia Frantsesa ezartzeko (gaur egun oraindik ere existitzen da erakunde hori). Akademia berriko ikaslerik onenek —Prix de Rome izenekoaren irabazleek— hainbat urtez jarduten zuten Antzinaroko lanik baliotsuenak bertatik bertara aztertzen.
Luis XIV.aren heriotzaren ondoren, Frantziako bizitza intelektualaren erdigunea Versaillestik Parisera aldatu zen. Espainia, Austria eta Erromatar Inperio Santuaren kontrako gerrek, Versaillesen eskala handiko eraikuntzak eta luxuzko gortea izateak zekartzan kostuek porrot ekonomikora eraman zuten estatua. Finantza-kontuak Palais Royaletik ikuskatzen zituen erregeordeak, Filipe II.a Orleansko dukeak (1674–1723), moral libertinoko gizona bera. Aristokraziako kideak beren hiri-jauregietara itzuli ziren berriz, eta Parisko aretoetan loratu zen bizitza soziala. Montesquieu-k historia politikoaz eta kritika sozialaz egindako idazkiei buruzkoak ez ezik, eztabaida asko Comédie Française konpainiaren antzezpenen ingurukoak izaten ziren —Molière eta Racine-ren lanez gainera, Voltaire gaztearen lan satirikoak ere antzezten zituzten—. 1716an, Filipe Orleanskoaren esku-hartzeari esker, hogei urte lehenago Luis XIV.ak itxitako Comédie Italienne italiar antzerki-konpainia lotsagabea berriro zabaltzeko baimena lortu zen.
Ancien régime zenaren goren unean, Parisko antzerki-giroak, Rubens herrikidearen arteak eta veneziar Errenazimentuko maisu handiek inspiratuta, Valenciennes-eko Jean- Antoine Watteau artista gazteak mundu bisual berezi eta onirikoa garatu zuen. Haren piktorikotasunak eredu akademikoak inposatzen zuen klasizismo zorrotzarekiko askapen ausarta zekarren berekin. Watteauren pintura idilikoak, malenkonia leunez beterik, jende-talde dotoreak irudikatzen zituen dibertimendu alaiez gozatzen (gazteluetako lorategietan egindako festak, ezkutuko hitzordu erromantikoak, aire zabaleko kontzertuak), eszena intenporaletan irudikatu ere, une iheskor bat atzitzeko helburu argiarekin. Watteauren arte berritzailea ezin sailka zitekeen Académieren kategoria konbentzionaletan. Zitera uharterako ontziratzea izan zen haren margolan nagusia, eta, bertan, gorteatze erromantiko baten hainbat fase irudikatu zituen artistak; lan hark eman zion Académieko kide izateko aukera. Akademiako erregistroetan, margolan hura berezko genero gisa sailkatu zuten: fête galante (hitzez hitz, “festa dotorea”, zenbaitetan “gorteatze-festa” gisa ere itzulia). Watteauren pinturak oihartzun handia izan zuen, bere marrazkienarekin baino konparatu ezin daitekeena; haren marrazkiek lilura eragin zuten bere garaikideengan euren dotorezia informalagatik eta trazuaren arintasunagatik. Watteauk pinturari baino maila garaiagoa ematen zion marrazkiari, eta horrek kontra egiten zien Académiek adierazitako arauei. Gutxitan egin zuen —inoiz egin bazuen— bere margolanetarako konposizioak osatzeko prestaketa-estudiorik era tradizionalean. Aitzitik, modu nekaezinean marrazten zuen, eta bere sorkuntza-lanak gaien arabera ordenatzen zituen karpetatan; horrela, izugarrizko errepertorioa osatu zuen, gero bere pinturetarako figurarik egokienak hautatu ahal izateko. Jean-Honoré Fragonard mendearen bigarren erdian aritu zen margolaritzan, hain zuzen ere arte-kritikariek rokoko estiloari trufa egiten zien garaian. Inspirazio izan zituen, ez soilik bere maisu François Boucher —bere garaian arrakastarik handiena izan zuen pintorea—, baita flandestar eta holandar artea ere. Konbentzioak urratu zituen, eta bere margolanei amaitu gabeko kutsua ematen zien, zirriborroak balira bezala; marrazkiei, berriz, izaera piktorikoa ematen zien. Fragonarden marrazkietan, askatasunez eta modu espontaneoan zeuden adierazita inpresio subjektiboak eta ingurumen baldintzak, eta horrek iradokitzen zuen bere helburu eta jarrera artistikoek asko zutela etortzear zen arte inpresionistatik.
Neoklasizismoak berehala ordeztu zuen Frantzian Watteau, Boucher, Fragonard eta haien garaikideen arte ausart eta idilikoa. Joera berriak Antzinaro klasikoaren printzipio puritanoak eta moral zorrotza goresten bazituen ere, frantses gustu rokoko sofistikatuak bizirik iraun zuen Europako parte handi batean, hala nola Bavarian, Herbehereetan eta, hein batean, baita Ingalaterran ere.
[Itzultzailea: Rosseta Testu Zerbitzuak S.L.]