Edukira zuzenean joan

Budapesteko paper gaineko maisulanak

katalogoa

ERAKUSKETAREN KONTZEPTUARI BURUZ

Kinga Bódi - Marta Blàvia

Budapesteko paper gaineko maisulanak erakusketa lankidetzan antolatu dute Guggenheim Bilbao Museoak eta Budapesteko Arte Ederren Museoa – Hungariako Galeria Nazionalak. Budapesteko ospe handiko erakunde horrek nazioarteko artearen altxorrak gordetzen ditu, Antzinarotik hasi eta XXI. mendera bitartekoak, baita hungariar artearenak ere, Erdi Arotik gaur egunera bitartekoak. Haren ondarea osatzen duten bildumen artean, bereziki aipatzekoa da Estanpa eta Marrazki Bilduma, bai hartzen duen denbora-tarte zabalagatik, bai biltzen dituen lanen kopuru handiagatik ere: europar artisten 9.000 marrazki eta 100.000 grabatu inguru. Bildumak eta, horrenbestez, erakusketak, XV. mendean hasi eta gaur egunera arteko zazpi mendeetako paper gaineko artearen ikuspegi orokorra ematen du obra sorta zabal eta askotariko baten bidez, non ageri baitira Albrecht Durer, Leonardo da Vinci, Rafael, Rembrandt, Francisco de Goya, Miklos Barabas, Henri de Toulouse-Lautrec, Pablo Picasso, Egon Schiele, Victor Vasarely, Vera Molnar, Judit Reigl eta Dora Maurer artisten obrak, bai eta Georg Baselitz, Katharina Grosse eta Gerhard Richterrenak ere.

Marrazkiak toki gailena du artearen esparruan, zubi gisa baitihardu ideien, emozioen eta irudikapen plastikoaren artean. Adierazpen artistiko molderik antzinakoenetakoa da, zalantzarik gabe. Eta tradizio luze horrek aditzera ematen du marrazkiak giza esperientziak eta munduaren interpretazioak dokumentatzeko izan duen garrantzia. Marraztutako obra askok aldez aurretik jakin edo artikulatu ezin daitekeen zerbait bilatzen dute, aurreikusi ezinezkoa den zerbait, harrigarria dena, eta erakusten dute marrazteko prozesuan gakoa ez dela (edo ez, nahitaez, behintzat) emaitza argi eta logiko bat lortzea. Berez duen izaera dinamikoari esker, etengabe egokitzen da marrazkia behar eta teknologia garaikideetara, baina, aldi berean, haren funtsak konstante iraun du mendez mende. Hala, marrazki garaikideaz hitz egitean, ingeradaz eta intimitateaz mintzo gara, antzinako maisuen marrazkiak mintzo ziren zentzu berean. Generoaren bereizgarri eta indargune orokortzat hartuak dira halaber aniztasuna, malgutasuna eta konplexutasuna.

Marrazkiak mendez mende Europako artean zeregin erabakigarria izan duela ez ezik, argi ikus daiteke zenbaterainoko garrantzia izan duten XV. mendetik aurrera agertu eta zabaldu ziren grabatuek. Grabatuaren teknika mugarri adierazgarria da artearen bilakaeran, goitik behera aldarazi baitzuen kultura bisualaren ekoizpena eta hedapena. Grabatuen konposizioetan baliatutako soluzioak obra margotuen eredu gisa —baita maisulanen eredu gisa ere— erabili ziren. XVI. mendeaz geroztik, Europa osora hedatu zen grabatuen eragina, eta globalizazio fenomeno goiztiartzat har daiteke, hortaz. Grabatuek artea demokratizatu zuten, irudiak masan ekoiztea ahalbidetu baitzuten, eta, horrek, publiko zabalagoak obra haiek eskuratzea. Aldaketa giltzarri hark, estilo eta ideia artistiko asko zabaltzen laguntzeaz gain, bultzada eman zien orobat eragin handiko korronteei, hala nola Errenazimentuari eta Erreformari. Ospe handiko artista askok —Albrecht Durer eta Lucas van Leyden-ek, adibidez—, ahalik eta etekin handiena atera zioten baliabide berriaren potentzial artistikoari, eta horrez gain, trebetasun handiz erabili zituzten estanpazio-teknika berriak beren ideiak zabaltzeko; eta, hala, luzaroko eragina izan zuten beren garaikideengan nahiz aurreragoko belaunaldietan. Inprentak ere funtsezko zeregina bete zuen liburu ilustratuak ekoizten, eta giro kulturala izugarri aberastu zuen testua eta irudia uztartzeak.

 

Budapesteko paper gaineko maisulanak Budapesteko Museoaren marrazki eta grabatu onenen nazioarteko aurkezpena da. 150 maisulan inguru hautatu dira, kontu handiz, aditzera emateko genero horietako aspaldiko tradizioak; nola dauden beti berrikuntzara irekiak; nolako aniztasuna duten teknikari eta irtenbide formalei dagokienez; eta funtsezko zer ezaugarri eta efektu estetiko bereizgarri dituzten. Gaikako hamabi sailetan egituratu da erakusketa, non zehazten baitira garai bakoitzaren ezaugarriak, baita aztertzen ere marrazkiaren eta grabatuaren esparruko lotura eta auzi adierazgarrienak. Antolaketa kronologikoari jarraitzen dion arren eta, hala behar denean, aldien araberako banaketa egiten duen arren, ikuspegi narratiboa eman nahi izan zitzaion erakusketari, sailkapen nazional tradizionaletatik haratago, ikuspegi sakon eta adierazgarriagoa eskaintzearren. Ildo horretatik, multzoek aukera ematen dute artearen askotariko ikuspegiak eta testuinguruak ikertzeko. Hala, lehenik, paper gaineko artelanak sortzeko tekniken oparotasuna aurkezten du erakusketak, orotariko adibideen bidez: ikatz ziriz, klarionez, txinako tintaz edo akuarelaz egindako lanak; arkatzez edo teknika mistoz (arkatza gehi tintak) egindako marrazkiak; eta modu askotako estanpak, hainbat teknikarekin sortutakoak (xilografiak, akuaforteak, litografiak, serigrafiak nahiz digitalki inprimatzeko teknologiarik berrienekin egindakoak). Maila sakonago batean, berriz, marrazki eta grabatuen funtzioen berri ematen du erakusketak: hasieran zirriborro gisa erabili izan zirenetik, estudio eta prestalan gisa, artelan autonomo bilakatu arte (marrazki esperimentalak, obra indibidualak, sailak eta bestelako bitarteko batera eramandakoak, eta abar).

Horrek guztiak aukera ematen digu marrazkiek eta grabatuek artearen historian izandako eragina ulertzeko. Mendeen joanean artearen esparruan gertatutako estilo- eta joera-aldaketak gorabehera, marrazkiak eta grabatuak iraun dute beren buruei leialen. Beharbada, ez da gehiegikeria esatea (lerroa nagusi denez haien hiztegian) abstrakzio-maila jasoagoa adierazten dutela, oro har, eta beste genero batzuetako obrek baino arreta eta ulermen sakonagoa eskatzen diotela ikusleari. Paper gaineko obrek haiei zorrotz begiratzera bultzatzen gaituzte: zorrotz, eta hurbiletik. Urratsez urrats, ohartzen gara haien xehetasun guztiez, ikertzen ditugu haien sorreraren arrasto guztiak. Paper gaineko obrek beti pentsarazten digute zelako arreta handiaz sortu izan diren, eta zer helbururekin. Marrazki bat edo grabatu bat ikustea esperientzia pribatu eta intimoa da. Haien izaera askotarikoak eta eragiten dituzten azterketa sakonek bihurtzen dituzte hain berezi.

Erakusketak orobat eskaintzen du Hungariako grabatuen eta marrazkien ondare nazional handienaren eta bilduma baliotsuenaren historia oparo eta gorabeheratsuaren ikuspegia. Izan ere, testuingurua azaltzeko artxiboko elementu-sorta bat bildu da Hungariako familia noble garrantzizkoenaren, Esterhazy familiaren, bilduma artistikoko obren jatorria azaltzeko eta museoaren zuzendari, kontserbatzaile eta komisario saiatu askoren lan nekaezinaren lorpenen berri emateko, haiei esker hedatu baita bilduma hainbeste, baita ahal bezainbeste ikertu eta ezagutzera eman ere.

Guggenheim Bilbao Museoak arte modernoaren ikerketarekin eta hedapenarekin konpromisoa izatea iraganaren azterketarekin uztartu behar da halabeharrez, iraganak gure orainaldia eta etorkizuna taxutzen baitu. Ezinbesteko ikerketa horren harira antolatzen ditugu Budapesteko paper gaineko maisulanak bezalako izaera historikoko erakusketak. Artea ez da objektu edo pieza bisualki erakargarrien bilduma soilik; gehiago da oroitzapen kultural, sineste eta balioen gordailua. Kultura eta garai desberdinetako artelanak aztertzean, ulermen osatuagoa lortzen dugu bai esperientzia artistikoari buruz bai giza esperientziari buruz. Gaur egungo aro digitalean, teknologiak esparru askotan —artean, esaterako— eragindako aurrerapen bizkorren zurrunbiloan, garrantzizkoa izaten jarraitzen du praktika artistiko historikoetatik eratorritako ikuspegiak. Arrazoi hori dela eta, hemen bildutako lanek, gure ikuspegia aberasteaz gain, orobat ahalbidetzen digute gure orainarekin eta etorkizunarekin kritikoki konprometitzea.

Azken batean, erakusketa honek bidaia bisual eta intelektual konplexu bati ekiteko gonbita egiten dio bisitariari; bidaia bat, non hainbat garaitako marrazkiak eta grabatuak elkarrizketan ageri baitira erakusketa-testuinguru berdingabe batean: obra bakoitzak, bere historia gorabehera, Budapesteko Arte Ederren Museoan aterpea topatu du bere kalitate artistikoari esker, eta Guggenheim Bilbao Museoan aldi baterako ikusgai izango dira orain.

[Itzultzailea: Rosseta Testu Zerbitzuak S.L.]