katalogoa
1945. URTEAREN AURREKO JOERA KONSTRUKTIBOAK ETA ADIERAZKORRAK
Kinga Bódi
- Izenburua:
- 1945. URTEAREN AURREKO JOERA KONSTRUKTIBOAK ETA ADIERAZKORRAK
- Egilea:
- Kinga Bódi
- Argitalpena:
- Madril: Brizzolis, 2025
- Neurriak:
- 24 x 27 cm
- Orrialdeak:
- 216
- ISBN:
- 978-84-95216-99-1
- Lege gordailua:
- BI-01752-2024
- Erakusketa:
- Budapesteko paper gaineko maisulanak
- Gaiak:
- Artea eta gizarte iraultza | Artea eta politika | Artearen historia | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Lan-prozesua | Marrazkigintza | Europa | Hungaria | Giza harremanak | Subjektibotasuna | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismoa | Inpresionismoa | Modernismoa | Post-Inpresionismoa
- Teknikak:
- Grabatua | Marrazkia
- Aipatutako artistak:
- Chagall, Marc | Delaunay-Terk, Sonia | Kokoschka, Oskar | Malevich, Kazimir | Moholy-Nagy, László | Rodchenko, Alexander | Schwitters, Kurt | van Doesburg, Theo
XX. mendeko lehen bi hamarkadak, zerbait izatekotan, askotariko aldaketa politiko eta sozialen garaia izan ziren; eta, ohi denez, berrikuntza horiei estuki lotuta iritsi ziren artearen arloan gertatutako eraldaketak ere. Artista asko sentitu ziren nazioaz haragoko halako espiritu eta pentsamolde batek elkarri lotuta baleude bezala. Cézanneren kutsuko tradizio piktoriko kubista-konstruktibistaren ondoren —XX. mendeko modernitatearen abiapuntutzat jotzen dena—, eta Chagallen adierazkortasun bereziarekin batera, zenbait talde sortu ziren joera estilistiko berrien inguruan, zurrunagoak batzuk, irekiagoak beste batzuk. Hala sortu ziren, esaterako, espresionismo alemana, Bauhaus mugimendua Alemanian, dadaismoa Zürich, Paris, Kolonia eta Berlinen eta konstruktibismoa Errusian eta bai Erdialdeko bai Ekialdeko Europan. Baziren, halaber, artista bakar batek ordezkatuak izanik ere abangoardiako plataformei atxiki zitzaizkien mugimenduak, hala nola Theo van Doesburgen De Stijl eta Kurt Schwitters-en Merz. Hala ere, egile gutxi batzuek uko egin zioten nazioarteko joerekin bat egiteari. Errusiarren artean, kategoria horretan aipatzekoak dira Alexander Rodchenko eta Varvara Stepanova senar-emazteak, zeinek esperimentatu baitzuten nagusiki irudi objektiboen prozesatze abstraktuarekin, irudi eskematikoekin eta plano, gainazal, letra, sinbolo eta lerroekin, baita horiek guztiak konbinatzeko moduekin ere.
1919az geroztik, linearismoa deritzonaren ildoan, Rodchenkok arlo teorikoan ere landu zuen lerroa, eraikuntza eta mugimendu ororen oinarri gisa harturik, Vasily Kandinskyk lerroaren teoriari buruz zituen ideien eraginpean, seguru asko. Kandinsky 1911n iritsi zen abstrakziora, garapen-prozesu luze batean barrena. Lehen irudi ez-figuratiboak amaitu ondoren, abstrakzioari buruzko bere idatzi teoriko guztiak bildu zituen manifestu moduko liburu batean, zeina 1912an argitaratu baitzuten Über das Geistige in der Kunst (Espirituzkoa artean) izenburupean. Aurrerago, Klänge (Soinuak) atera zuen, non Gesamtkunstwerk edo artelan erabatekoari buruzko ideiak aurkeztu baitzituen; bertan, testua, irudiak eta musika uztartu zituen Kandinskyk osotasun bateratu batean. Liburua 300 aleko edizio mugatu batean plazaratu zuten; egilearen 38 poema, koloretako 12 xilografia eta zuri-beltzeko 44 zituen. Kandinskyk gogoeta-aro emankor eta sakon batean sortu zuen Klänge, figuratiboa denaren eta ez denaren arteko dikotomia ebazteko ahaleginetan murgildurik zebilela.
Artearen arloko zalaparta 1918–19 inguruan hasi zen baretzen, abangoardiako artistek iraultza politikoarekin bat egin zutenean en masse, iraultza hura harturik beren printzipioaren eta artearen berrespen gisa. Horrek berekin ekarri zituen era askotako esperimentu utopikoak. Artista batzuek abstrakzio erabatekoaren edo geometrikoaren bideari jarraitu zioten (esaterako, Kazimir Malévich eta Kandinsky). Beste batzuek fedea zuten munduaren berreraikuntzan, eta horretarako bitarteko gisa baliatzen zituzten egitura konstruktibistetan, diagonaletan edo zirkulu zentrokideetan oinarrituriko irudiak (László Moholy-Nagy, Erika Giovanna Klien eta Sonia Delaunay, besteak beste), edo egitura, irudi eta sistema linealen absolutismoan oinarrituak (Alexander Rodchenko). Hastapenetako euforiaren ondoren, ordea, hogeiko hamarkadatik aurrera abangoardian izandako pixkanakako gainbeherak eta desilusio gero eta nabarmenagoak bultzatuta, arte “iraultzailetik” urrunduz joan ziren sortzaile asko: asmoa ez zen jada artea eta gizartea elkarri lotzea iraultzaren bitartekoen bidez; horren ordez, “ingeniari artista” delakoaren ideia garatzen saiatzen ziren, eta ikuspegi funtzionalagoko artea sortzen. Zernolako gauzak ekoitzi behar zituzten artistek munduko ordena modernoko eguneroko bizitzarako diseinuak sortzean? Aukera bat zen agertoki eta egitura mekanikoen irudiak marraztea, eraikinen ordena tektonikoa (Andor Weininger, Vilmos Aba-Novák), edo objektuak eta irudiak zehaztasun hotzez sortzea proportzioetan oinarritutako ingeniaritza-sistema bati jarraituz (Theo van Doesburg). Beste bide batzuk izan ziren espazioan eta planoan konposizio geometrikoak eratzea (László Moholy-Nagy, Sándor Bortnyik) edo askotariko material, gai, kolore eta formekin esperimentatzea (Kurt Schwitters).
XX. mendearen lehen erdiko abangoardiako taldeek irmoki uste zuten funtsezkoa zela elkarrekin harreman estua izatea. Ildo horretan, berebiziko garrantzia izan zuten elkarrekin argitaratutako manifestuek, aldian-aldian egin zituzten nazioarteko biltzar eta erakusketek eta hainbat tokitan argitaratutako aldizkari eta argitalpen ugariek. Idatzi teoriko, marrazki, jatorrizko estanpa eta beste artelan batzuen erreprodukzioak, argitalpen merke eta zabalkunde handikoetan plazaratuak, eta banakoek nahiz artista-taldeek sortutako grabatuak izan ziren harreman estu eta iraunkorrari eusteko baliabide nagusiak. Garai hartako abangoardiako lehen aldizkarietako bat Der Sturm izan zen, Herwarth Walden-ek Berlinen sortua 1910ean. Handik bi urtera, 1912an, Der Sturm galeria inauguratu zuen. Denbora gutxian, Waldenen galeria eta aldizkaria nazioarteko abangoardiako mugimenduen topagune eta abiapuntu nagusi bihurtu ziren. Kokoschka, Kandinsky, Delaunay bikotea, Chagall, Die Brücke eta Der Blaue Reiter taldeetako artistak, baita Klee, Itten, Schlemmer eta Schwitters ere, denak igaro ziren galeriatik. 1916an, Der Sturm hungariar artistak aurkezten hasi zen; Sándor Bortnyik eta László Moholy-Nagy sortzaileek, besteak beste, hainbatetan izan zuten aukera euren lanak Waldenen galerian erakusteko eta haren aldizkarian aurkezteko. Erdialdeko eta Ekialdeko Europako artista guztien artetik, hungariarrak bereziki hurbil zeuden garai hartan nazioarteko abangoardiatik, batez ere Hungariako Sobietar Errepublikak 1919an hondoa jo ondoren, Mendebaldera emigratu baitzuen herrialde hartako intelligentsia delakoaren parte handi batek. Hungariar sortzaileak une desberdinetan iritsi ziren Berlinera, eta egonaldi gutxi-asko luzeak egin zituzten han. 1919an Alemanian sortutako Bauhaus mugimenduko kide gehientsuenek parte hartu zuten Der Sturmen. Hungariar artista asko ere Bauhausari lotuta egon ziren, hala nola Sándor Bortnyik, Moholy-Nagy eta Andor Weininger: irakasle edo ikasle gisa batzuk, eta haren zirkulu zabaleneko kide gisa beste batzuk.
Abangoardiako taldeak bat zetozen beren ideia ezkertiar eta antibelizistetan, baita arteak gizartea eraldatzeko duen ahalmenean ere. Orobat zuten jarrera autonomoa, esperimentatzeko beharra eta oztoporik gabe sortzeko askatasunaren irrika. Ideia komunak gorabehera, jarrera kontrajarriak izaten zituzten gai teoriko eta plastikoetan, eta, denborak aurrera egin ahala, handituz joan zen haien arteko arrakala. Ideien sintesi handi baten alde lan egin ordez, beren printzipio artistiko dibergenteen araberako soluzioak garatu zituzten eta elkarrengandik gero eta gehiago urrunduz joan ziren norabide berean aurrera eginez hasi zituzten bideak.
[Itzultzailea: Rosseta Testu Zerbitzuak S.L.]