Edukira zuzenean joan

Budapesteko paper gaineko maisulanak

katalogoa

ILUSTRAZIOTIK IRAULTZA-GARAIRA

Kata Bodor

Izenburua:
ILUSTRAZIOTIK IRAULTZA-GARAIRA
Egilea:
Kata Bodor
Argitalpena:
Madril: Brizzolis, 2025
Neurriak:
24 x 27 cm
Orrialdeak:
216
ISBN:
978-84-95216-99-1
Lege gordailua:
BI-01752-2024
Erakusketa:
Budapesteko paper gaineko maisulanak
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta gizarte iraultza | Artea eta politika | Artea eta zientzia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Gizarte-kronika | Edertasuna | Gerra | Europa | Ingalaterra | Giza harremanak | Klase sozialak | Burgesia
Mugimendu artistikoak:
Neoklasizismoa
Teknikak:
Grabatua | Marrazkia
Aipatutako artistak:
Goya Lucientes, Francisco de | Hogarth, William

Ilustrazio izenaz ezaguna den mugimendu intelektualak XVIII. mendean erdietsi zuen goren maila Europa osoan. Isaac Newton eta Edmond Halleyren behaketek funts berriak eskaini zizkieten zientzia naturalei, eta Montesquieuren printzipioek estatu konstituzional ilustratuaren oinarriak finkatu zituzten —hau da, gizartearen funtzionamendu modernoago bati zegozkionak—. Denis Dideroten Encyclopédie argitalpenak sendotu egin zituen hainbat mendez lortutako ezagutzak, eta, hark definitutakoaren arabera, gogoak gidatutako zerbait zen ikerketa, baita erreforma zibikorako programa bat ere. Garai hartako pentsalari garrantzitsuenak, Jean-Jacques Rousseauk alegia, printzipio-sistema esplizituago bat bihurtu zuen hura. Gizadiak unibertsoan duen posizioaren ikuspegi berri hark erabat aldatu zuen gizarte- eta filosofia gaiei aurre egiteko modua; eta arte bisualetan ere nabaritu zen, noski, aldaketa hura.

Gizartea aztertu zuten artisten artean, William Hogarth (1697–1764) izan zen eragin gehien izan zuenetako bat. Ilustrazioaren espirituarekin bat zetorren idealista izanik, Hogarth sinetsita zegoen arteak hezkuntzarako gaitasuna duela, eta giza izaeraren alderdirik ilunena agerian uzteko erabili zuen uste hura. Hogarthen arteak prestakuntzarik gabeko jendearen mirespena erakarri zuen baliabide soilen erabilerari esker, baina baita gizarte-maila jantziena ere, proposatzen zituen erronka intelektualen bidez. Hogarth hirian barrena ibiltzen zen bizitza publikoari buruzko iritzia osatzeko behar zuen ezagutza bereganatzeko xedez, eta, era horretara, bertatik bertara ezagutu zuen Jonathan Swift eta Charles Dickens idazleen lanari esker garai hartako bidegabekeria sozialari buruz dakiguna: bizi-estilo gupidagabea, txirotasuna, egun batetik bestera aberasteko aukera edo, aitzitik, goizetik gauera onartu behar izatea zordunentzako espetxe bat dela orain “etxea”.

Grabatzaile aprendiz gisa, Hogarthek hainbat zeregin bete zituen, eta grabatzaile frantsesen lanekin trebatu zen, zeinak miretsi egiten baitzituen beren birtuosismoagatik eta beren trebetasun tekniko bikainagatik. Egile horren estanpa guztiek dute amankomunean irudien grazia dinamiko eta rokokoa, konposizioaren teatraltasun barrokoa eta artearen historiari buruzko erreferentziak. Bere karreraren gailurrean, The Analysis of Beauty (Edertasunaren azterketa) izenburuko tratatua idatzi zuen: lerro bakar batean oinarrituta imajina zitekeen irudirik ederrena —ezin perfektuago marraztua— sortzeari buruzko gida praktikoa. Edertasunaren lerroa (line of beauty) deitu zuenarekin, printzipio artistikoen adierazpen bisuala sortu zuen, eta bere autorretratuan sinadura gisa kokatu zuen bere lanbidearen ikurraren barruan, pintore-paletan, alegia.

Hogarthek gizarteari buruz zuen ikuspegia zeharo gizatiarra zen, baina baita zintzoa ere, eta are zinikoa ere zenbaitetan. Giza bertuteen eta bizioen inguruko ikuspegi antzekoa zuen mende amaierako Francisco de Goya (1746–1828) artista enblematikoak. Hala ere, Goya zuhurragoa zen bere iritziak ematerakoan, izan ere, garai hartan Espainian gai sozialen inguruan mintzaira politikoegia baliatzen zutenek erne egon behar zuten zentsuraren aurrean.

Sinbolikoa gerta daiteke Francisco de Goyak —bere prestakuntzagatik baino bere adimen eta zorroztasunagatik ezaguna denak— arrazoimenaren bidezko aurrerapenarekiko fedea hedatzen ari zen garai batean sortu izana, hain zuzen ere, haiek ulertu nahian jardun direnak mende luzez zur eta lur utzi dituzten hainbat grabatu sail. Lan horien esanahiaren iluntasuna eta izaera nahaspilatsua, artistari berari baino, herritarrei dagokie (edo erregearen mendekoei, garai hari buruz jarduteko egokiagoa den hitza erabiltzearren); izan ere, azken horiek erabat jabetzen ziren indarrean zeuden politikez, eta haien beldur ziren, bazuten, eta, horretarako arrazoirik. Ilustrazio frantsesaren ideiekin liluratuta, egoera hobetu nahi zutenek errege-erreginen eta Elizaren erresistentzia bortitzari aurre egiten zioten. Erreformisten eta ordena zaharraren defendatzaileen arteko borrokak gailurrean zeuden Goyaren jardun plastikoa emankorren egon zen unean. Lehenengoen aldekoagoa bazen ere, artista gisa edozertarako prest zegoen bizibidea atera eta sormena bizirik mantentzearren, eta behartua egon zen azken horiekin lankidetzan aritzera; horrexegatik, ezkutatu egin behar izaten zuen benetan zer pentsatzen zuen garaiko gizarte-arazoei buruz. Hala ere, gero eta arrazoi gehiago zeuden baikor egoteko, eta horrek eragin handia izan zuen Goyak grabatzaile gisa izandako goraldian. Karlos IV.a Espainiako errege koroatu zutenean (1788), Ilustrazio frantsesa ez zen jada gizartearen egituren hobekuntzari buruzko eztabaida filosofikoetara mugatzen, eta munizio bihurtu zen erregetzaren eta Elizaren gehiegikerien ondorioak jasaten zituzten herritarrentzat. Frantziako Iraultza Espainiara zabalduko ote zen beldur, Karlos IV.ak berehala indargabetu zituen haren aitak ezarritako dekretu erreformistak. Ilustrazioan sinesten zuten espainiarrei, pixkanaka-pixkanaka, askatasuna eta ondasunak kendu zizkieten, sarritan haien bizitzak ere mehatxupean jartzeraino. Bien bitartean, frantsesak, ordura arte eredugarritzat hartuak, laster bihurtu ziren Espainiaren etsai bortitz azpijoko politikoen ondorioz. Ilustrazioaren helburu zintzoak Frantziako Iraultzaren errealitate odoltsuarekin nahastu ziren, eta aurrekaririk gabeko etsipen-sentipena agertu zen Goyaren artean. Sentipen hori Kapritxoak grabatu-sailean nabarmendu zen lehenik; lan horietan zaila gertatzen da estanpen esanahi misteriotsua deszifratzea. Obra horiek garrantzi handia ematen zioten arrazionaltasunetik haratagoko mundu batean sinesteari, Goyaren behaketen eta, batzuetan, kritiken xede zen munduan sinesteari, alegia. Sail horren izpiritua ezin hobeto laburbiltzen da Arrazoiaren loak munstroak sortzen ditu lanean, zeinak errealitatearen eta ametsetako edo irudimenezko munduaren arteko dualtasunera eramaten baikaitu; gizaki ilustratuek zientzian eta arrazionalismoan zuten konfiantza sinbolizatzen du horrek. 1808an Frantziako armadak Espainia inbaditu zuenean, Goyak Gerraren hondamenak saila sortu zuen, baina ez zen jendaurrean erakustera ausartu, eta hurbilenekoek baino ez zuten ikusteko aukera izan. Borrokalariak bi talde ezberdinetan banatzeko moduan datza obra haren unibertsaltasuna: bekatariak eta errugabeak. Abertzaletasun-sentipenak ere ez zuen Goyaren pentsamendu ilustratua uxatu, eta ez zuen zalantzarik egin onartzeko jendailaren gupidagabekeriak, babesgabeen haserreak eta desjabetuen eta elbarrituen ezintasunetik sortutako bortizkeriak soldaduen basakeriak adina biktima eragin zituela gudan. Napoleonen gerretatik hasi eta 1848ko iraultzetara bitarte, Europako herritarrek bakea ezagutu zuten hamarkada gutxi batzuetan, eta, tarte horretan, Industria-iraultzak ekarritako gorakadaren abantailez gozatu ahal izan zuten. Burgesia indartu zenean, Biedermeier estiloaren alde egin zuen, bereziki alemaniera hitz egiten zen eremuetan eta germaniar eraginpeko guneetan. Klase ertaineko giroan sortua izanik, estilo horrek familia-bizitzaren eta (babestutako) etxearen onurak eta edertasuna aldarrikatzen zituen, guztientzat aldarrikatu ere, goi-mailako klase ertainetatik hasi eta burgesia txiki duineneraino. Horrenbestez, garai hartan arrakastarik handiena izan zuen generoa ez zen izan zirrara eragiteko xedez sortutako erretratua, soiltasunez, egiantzez eta informaltasunez egindako erretratua baizik.

[Itzultzailea: Rosseta Testu Zerbitzuak S.L.]