katalogoa
ERREALITATEAREN ZENTZUA IPARRALDEAN
Bernadett Tóth
- Izenburua:
- ERREALITATEAREN ZENTZUA IPARRALDEAN
- Egilea:
- Bernadett Tóth
- Argitalpena:
- Madril: Brizzolis, 2025
- Neurriak:
- 24 x 27 cm
- Orrialdeak:
- 216
- ISBN:
- 978-84-95216-99-1
- Lege gordailua:
- BI-01752-2024
- Erakusketa:
- Budapesteko paper gaineko maisulanak
- Gaiak:
- Gizakia | Emakumea artean | Giza gorputza | Herbeheretako artea | Artea eta ekonomia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Erretratua eta autorretratua | Gizarte-kronika | Europa | Herbehereak | Flandes | Klase sozialak
- Mugimendu artistikoak:
- Barrokoa
- Teknikak:
- Grabatua | Marrazkia
- Aipatutako artistak:
- Bloemaert, Abraham | Dusart, Cornelis | Rubens, Peter Paul | van Ostade, Adriaen | van Rijn, Rembrandt
Errealitatearen benetako adierazpenaren bilaketa Alpeetatik iparraldera sustraitu zen Europan sakonen. XV. mendeko holandar pintoreek barnealde garaikideetan kokatu zituzten erretauletako irudi erlijiosoak. Artista haiek bereziki miretsiak ziren fenomeno atmosferikoen behaketa zorrotzagatik, ehunen materialtasunagatik, fisionomia zehatzagatik eta hori guztia modu biziki errealistan irudikatzeko zuten talentuagatik. Iparraldeak bereizgarri zuen errealitatearen zentzu artistiko horrek garatuz jarraitu zuen ondorengo mendeetan zehar ere.
Herbehereetako iparraldeko probintziek espainiar absolutismoarekiko independentzia lortu ondoren, garapen ekonomiko izugarria hasi zen XVII. mendean. Klase ertain burgesaren jarduerei, aurrerapen zientifikoei eta gobernu-sistema demokratikoari esker, goren mailako lorpenak egin ziren arlo intelektualean nahiz arte ederretan. Gortearen eta Elizaren mezenasgoa beharrean, garai hartan burgesia zen margolanak eta paper gaineko obrak erosi ohi zituena, tartean saltzeko berariaz landutako grabatuak eta marrazki autonomoak. Gaiak aukeratzeko orduan ere sumatzen da klase ertainen bizimodu sekular, arrazional eta faktikoaren filosofiaren eragina. Genero independente berriak sortu ziren gai errealistetiko interesean oinarrituta: eguneroko bizitzako eszenak, paisaiak eta erretratuak.
XVII. mendearen lehen herenean, giza aurpegiak sentimenduak transmititzeko duen ahalmenarekiko interes artistiko ia zientifikoa sortu zen Alpeez iparraldera. Horren adibide dira Rembrandtek lehen urteetan egindako autorretratuak, bere emozioak ispilu aurrean arakatuta osatu zituen haiek. Haren garaikide flandestarra, Pieter Paul Rubens, aski ezaguna da bere senitartekoen marrazki intimoengatik. Bere garaiko pintura-tailerrik handienaren zuzendaria izan zen Rubens, eta erretaulak eta tapiz-diseinu zoragarriak ekoizten zituen Anberesen zituen bezero dirudunentzat. Haren obra fresko eta erakargarriek ikuslea xarmatzen dute beren izaera espontaneoaren bidez, eta maisu handiaren bizitza pribatuaren zertzelada batzuen berri ematen dute.
Aberri birkonkistatu berria irudikatzen zuten holandar artistek beren marrazki eta grabatuetan, eta lan haiek errealismoranzko aldaketa sakona erakusten zuten ordura arte landu ziren tankera manieristako alegiazko paisaietako konposizio asmatuekin alderatuta. Haarlemeko Hendrick Goltzius, Utretcheko Adriaen Bloemaert eta Amsterdamgo Claes Jansz. Visccher artistek, besteak beste, holandar ordokiak, Haarlem inguruko dunak zein Amsterdam aldeko herrixkak marraztu ohi zituzten, antolaera sinplea eta ikuspuntu apalak baliatuz. Garai hartako bildumazaleek gustukoak zituzten aurri, estalpe erdi erori eta etxalde abandonatuak ere. Cornelis Pietersz. Biens poetak (1590/95–1645) honela zioen 1636an idatzitako marrazketa-gidaliburuan: etxaldeak margotzeko edo marrazteko, “aukeratu landetxe zaharrak, bitxiak, erdi eroriak, ihiz edo lastoz estaliak, landareek janak, horma zahar eta ate-leiho hautsiak dituztenak”.
Haarlemeko bere aitzindarien arrastoari jarraituz, Rembrandt Harmensz. Van Rijn, eragin handiena izan zuen holandar maisua, ibilaldi luzeak egiten hasi zen XVII. mendeko azken 30 urteetan bere sorterri inguruan, hau da, Amsterdam inguruan. Eguraldi aldakorrak, holandar ordokiaren topografiak eta landa etxaldeetako horma erori pintoreskoek liluratuta, marrazki askotan adierazita utzi zituen bere inpresioak.
Holandar gustuarekin bat zetorren ikuspegi errealistari, humanitate artistiko sakonari eta espiritualtasunarekiko lilurari esker, garai hartako artistarik garrantzitsuenetakoa izan zen Rembrandt. Sentiberatasun paregabea zuen, pertsonen barneko nahiz kanpoko munduen ikerketa eta behaketa iraunkorrean oinarritua, nagusiki bere marrazkietan eta grabatuetan ikus daitekeenez. Paperean lodiera desberdinetako luma edo ihiekin egindako nahiz xafletan irarritako lerro biziek modu zuzen eta adierazkorrean transmititzen dituzte artistaren inpresioak eta konposizioaren giroa, bai irudiei dagokienez bai paisaiei dagokienez.
Irudi intimo eta deskribatzaileak sortze aldera eguneroko bizitzari erreparatzeko ohiturak bultzatuta, forma artistiko autonomo modura sortu zen genero-pintura Herbehereetan XVII. mendean. Gizarte klase bakoitzak bere genero-pintorea zuen. Gerbrand Adriaensz. Bredero (1588–1618) holandar poeta eta antzerkigile ospetsuaren arabera, bizitzari hurbiletik begiratzen ziotenak ziren pintorerik onenak. Hala, gairik errealistenak —antzerkian eta komedian ere, pinturan bezalaxe— behe-mailako klaseen, nekazarien eta burgesia txikiaren bizitzetan aurki zitezkeen. Arte-bildumazale aberatsen begietara, Pieter Brueghel Zaharraren (1525/30–1569) eta Adriaen Brouwer-en (1605–1635) nekazari itsusi eta baldarrak giza irrika primarioenen adibide ziren, zazpi bekatu kapitalen eta dibertimendu alaien ikur.
Adriaen van Ostade margolariak, Brouwerrek Holandan izan zuen oinordekorik garrantzitsuenak eta bere garaiko holandar genero-artearen maisu handienetakoak, bizimodu osasungarri eta lasaia bai eta xumeki eta lurrari loturik bizitzearen gogobetetasuna idealizatu zuen laborarien bizitzari buruz egin zituen irudietan. Ekintza bera alde batera utzita, irudiaren atmosfera da haren marrazkietan gailentzen den elementua. Haren figurak barnealdeetan ageri dira, non nagusi baitira chiaroscuro edo argiilunak eta desordenaren zentzu pintoresko berezi bat. Margolanez eta estanpez gainera, landa-inguruneko eszenei buruzko marrazki sorta bat jorratu zuen saltzeko, eta garesti saldu ziren irudi haiek guztiak artearen merkatuan. Haren ikasle Cornelis Dusart-ek maisuaren estudioaren ardura hartu zuen garaian, XVII. mendearen hasierako ohiko soiltasun puritanoaren ordez bikaintasun tekniko dotore eta aratzagoa lehenesten zuen estilo bat gailendu zen frantses eraginaren ondorioz. Dusarten obrarik originalenak aurrez aurre marraztutako irudien zirriborroak ziren, trebetasun grafiko ausartaz landuak eta irudi autonomo modura salduak.
Erroman bizi ziren Iparraldeko artistek —Bentvueghels izenez ezagunak (hitzez hitz, “luma bakarreko txoriak”)— kaleko bizitzako errealitateekiko interesa zuten, eta ikusten zuten guztia beren ohar-koadernoetan erregistratuz ibiltzen ziren hiri betierekoan barrena. Tailerrera bueltan —kasu batzuetan baita Herbehereetara itzulitakoan ere—, gai haiek baliatzen zituzten beren pinturetan. Pieter van Bloemen flandestar margolariak, hau da, bamboccianti zeritzenen azken ordezkarietako batek (izen horrekin ziren ezagunak genero-pintoreak Erroman), gizon bat marraztu zuen horma bati txiza egiten —holandar arteko ohiko nekazarien festen generoko ohiko gaia—, Mediterraneoko eguzkipean.
[Itzultzailea: Rosseta Testu Zerbitzuak S.L.]