katalogoa
DÜRERREN MENDEA
Bernadett Tóth
- Izenburua:
- DÜRERREN MENDEA
- Egilea:
- Bernadett Tóth
- Argitalpena:
- Madril: Brizzolis, 2025
- Neurriak:
- 24 x 27 cm
- Orrialdeak:
- 216
- ISBN:
- 978-84-95216-99-1
- Lege gordailua:
- BI-01752-2024
- Erakusketa:
- Budapesteko paper gaineko maisulanak
- Gaiak:
- Arte italiarra | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Lan-prozesua | Sinbologia | Marrazkigintza | Europa | Alemania | Viena | Zientzia eta Teknologia | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Errenazimentua
- Teknikak:
- Akuafortea | Grabatua | Kalkografia | Litografia | Xilografia
- Aipatutako artistak:
- Altdorfer, Albrecht | Cranach, Lucas | Durero, Alberto
Albrecht Dürer XVI. mendeko alemaniar artista handiena izan zen, zalantzarik gabe. Eragin erabakigarria eta iraunkorra izan zuen, alemaniar margolari eta grabatzaileengan ez ezik, Europa osoko artean ere. Zubi lana egin zuela esan daiteke, garrantzi handiko zeregina bete baitzuen Italiako Errenazimentuak arteetara eta artearen teoriara ekarritako berrikuntzak Alpeez iparraldeko eskualdeetarantz hedatzen. Dürerren garaian, urrezko aroa bizi zuen haren jaioterriak, Nurenbergek, hiriak zeuzkan pribilegioei esker eskulangintza-industriak eta merkataritzak goraka egin baitzuten. Hiri inperial autonomo hura Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadoreen egoitza ere izan zen, eta han gordeta egon ziren koroaren bitxiak hainbat mendez, 1423az geroztik. Horrekin batera, liburuak inprimatzeko industriaren gune izan zen Nurenberg, eta, bertan, humanistek eta historialariek ateak zabaldu zizkieten arteari eta erlijioari buruzko pentsamendu berriei, Erreformaren helburuei barne. Pentsamendu irekia ezaugarri zuen testuinguru hartan txertatu zituen Dürerrek Errenazimentuko ideiak.
Venezian egon zen lehen aldian, 1494– 95ean, Dürerrek Italiako Errenazimentuko artelanak ikertu zituen. Han ezagutu bide zuen Jacopo Barbari, zeinarengandik ikasi baitzituen, ia seguru, giza proportzio idealen sekretuak. Venezian, Errenazimentuko artearen teoriari loturiko beste hainbat alderdi landu zituen Dürerrek, hala nola perspektibaren egitura pinturan, anatomiako gaiak edo natura ahal bezain leial irudikatzeko xedea. Harrezkero, bere ibilbide osoan izan zuen gai haiekiko ardura, geometriari, giza proportzioei eta gotorlekuen eraikuntzari buruz egin zituen tratatu teorikoek erakusten dutenez. Nurenbergera itzulitakoan, bere lagun jakintsu batzuek, bereziki Willibald Pirckheimer-ek, humanismoaren gaietara erakarri zuten. Pinturan ez ezik, Dürerrek lan oparoa egin zuen xilografien marrazkilari eta egile gisa, baita bitxigile eta beirategile gisa ere. Hain zuzen ere, bitxigilea zen Dürerren aita, Ajtós herrian sortua —gaur egun suntsitua—, Hungariako ekialdean, eta handik Nurenbergera emigratua. Aitaren irakaspenei esker, metala lantzen aditua bihurtu zen Albrecht gaztea; bere garaiko grabatzaile ospetsuenetako bat izan zen, eta berak irartzen eta estanpatzen zituen bere obrak.
Dürer beste behin izan zen Italian, 1505 eta 1507 artean, eta Nurenbergera itzulitakoan, denbora asko eman zuen estanpak egiten. XVI. mendeko lehen hamarkadetan Europako hiru herrialdetan sortutako grabatuaren “aita sortzaileetako” bat izan zen. Izan ere, Dürerrek Alemanian egin zuen bezala, estanpa anbizio intelektual eta artistiko goreneko obra izan zitekeela erakutsi zuten, beren lorpenen bidez, Lucas van Leyden-ek Herbehereetan eta Marcantonio Raimondi-k Italian. Dürer berritzaile erabatekoa izan zen grabatuaren arlo guztietan, eta haren obrak, zeina baita izugarri oparoa, barne hartzen ditu 105 grabatu kalkografiko (gubila, akuafortea, punta lehorra) eta 346 xilografia. Haren estanpak Europa osora zabaldu ziren, eta eragin handia izan zuten haren garaiko artistengan. 1513–14 urteetan egindako hiru maisulanekin jo zuen Dürerrek goia estanpagile gisa. Lehena Zalduna, heriotza eta deabrua da, Erasmok 1503an idatzitako Enchiridion militis christiani (Zaldun kristauaren gidaliburua) obran oinarritua ustez (idatzi hark Jainkoaren zerbitzuko soldaduen modura bizitzera eta fedea defendatzeko borrokara dei egiten die kristauei).
Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore Maximiliano I.ak (1493–1519 artean agintean) zenbait obra ilustratu handitan parte hartzeko eskatu zion Dürerri, 1512az geroztik. Enperadorea jabetzen zen liburuak eta estanpak biziki baliagarriak izan zitezkeela Habsburgoko Etxea, bera eta bere egitandi heroikoak goresteko. Hala, bere arbasoei buruzko obra genealogikoez gainera, obra-sorta autobiografiko bat eskatu zuen, xilografiaz ilustratua, eta garai hartako artista nagusiek hartan parte hartzea lortu zuen. Maximilianoren enkarguen artean, pergaminoan inprimatutako testua zuen otoitz-liburu bat zegoen; liburu haren hamar ale eskatu zituen. Kopia haietako baten orriak sei artistaren artean banatu zituzten, eta eskatu zitzaien testuak ilustratzea lumaz eta tintaz koloretan egindako marrazkiekin. Dürerrez gainera, lan hartan esku hartu zuten, 1515. urte inguruan, Lucas Cranach Zaharrak, Hans Baldung Grien-ek eta Albrecht Altdorferek, besteak beste. Dürerren Budapesteko orria otoitz-liburu horretako ilustrazioekin lotzen da, hain zuzen. Itxuraz, lau zirriborroek ez dute elkarrekiko loturarik eta artistak gerora erabil litzakeen gai-sorta moduko bat osatzen zuten.
Dürerrek eta haren lantegiak ibilbide bikaina egin zuten beirateen diseinuan ere; horren erakusgarri da Kristo Pasioaren tresnekin lanaren zirriborroa, Dürerren talentu handieneko ikasleetako batena: Hans Baldung Grien, Alemaniako Errenazimentuko artista berezienetako bat, zeina Dürerrek Nurenbergen zuen lantegiko kide izan baitzen 1503tik 1507 ingurura arte. Estilo propioa landu zuen arren, maisuaren obraren eragin nabaria izan zuen Baldungek. Bere ekoizpen grafiko biziki adierazkorrean lantzen dituen gaien artean aipagarria da gai tradizionalak lantzeko duen modu berezia eta gai berrien irudikapena, hala nola sorgin eta zaldiena.
Dürerren garaikide Lucas Cranach Zaharrak Vienan osatu zuen bere ibilbidearen lehen etapa, eta humanisten zirkuluarekin harremana izan zuen hango unibertsitatean. Garai hartan paisaia lantzeko erakutsitako trebetasunari esker, “Danubioko Eskolaren” ordezkari goiztiartzat hartua da. Federiko Azkarraren gorteko pintorea izan zen Wittenbergen, eta bizi osoan eutsi zion kargu hari: hiru printze hautesleren zerbitzuan jardun zuen, hurrenez hurren. Martin Luterorekin eta Erreforma Protestante sortu berriarekin lotura estua izan zuen, eta XVI. mendearen hasierako arte alemanaren irudi handienetako bat izan zen Cranach, bere estilo dotore eta zainduari esker. Budapesteko bilduman dagoen San Jurgi marraztu zuen bere xilografiarako (1506koa) modelo gisa.
Dürerren lanarekiko mirespena ez zen desagertu artista 1528an hil ondoren. Haren obra biltzeko grinak bere horretan jarraitu zuen, eta, mende hartan zehar, haren pintura, marrazki eta estanpen eskari handia sortu zen. Bavierako dukeez gainera, Dürerren sorkuntzen bildumazale amorratua izan zen Rodolfo II.a Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea. Azkenerako, halako eskari handia zegoen, kopien bidez baino ezin izan baitzitzaion erantzun. Edonola ere, Dürerren XVI. mendeko kopistek, zeinen artean baitago Hans Hoffmann, ez zituzten erreplika zehatzak egiten; oro har, jatorrizko ereduak aldatzen zituzten. Garai hartako ohiko jarrera artistikoaren arabera, asmoa ez zen jatorrizko artista imitatzea, hura gainditzea baizik. Jarrera horren adibide bikainak dira Hoffmannek Dürerren marrazkietan oinarriturik sortutako kopia irudimentsuak, lan faltsu birtuosistak eta bere aitzindari handiaren motiboak erabiliz egin zituen bildumak. Budapesteko bilduman gorderik dauden Hoffmannen marrazkiak bere ibilbidearen hasieran egin zituen artistak, artean Nurenbergen bizi zen garaian.
[Itzultzailea: Rosseta Testu Zerbitzuak S.L.]