katalogoa
HEMEN ETA ORAIN
Kata Bodor
- Izenburua:
- HEMEN ETA ORAIN
- Egilea:
- Kata Bodor
- Argitalpena:
- Madril: Brizzolis, 2025
- Neurriak:
- 24 x 27 cm
- Orrialdeak:
- 216
- ISBN:
- 978-84-95216-99-1
- Lege gordailua:
- BI-01752-2024
- Erakusketa:
- Budapesteko paper gaineko maisulanak
- Gaiak:
- Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Lan-prozesua | Ingurunea eta natura | Europa | Frantzia | Emozioa | Sentsualtasuna | Sentimenduak | Subjektibotasuna | Bidaiak | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Inpresionismoa
- Teknikak:
- Grabatua | Marrazkia
- Aipatutako artistak:
- Daumier, Honoré | Degas, Edgar | Manet, Édouard | Monet, Claude | Pissarro, Camille | Toulouse-Lautrec, Henri de
Inpresionismoak XIX. mendeko arte-arloan nolako bizkortasunez hartu zuen lekua guztiz harrigarria izan zen garaikideentzat. Edonola ere, eta ordutik mende bat baino gehiago igaro delarik, argi dago joera haren zantzu ugari agertuak zirela hainbat hamarkada lehenago ere, artistak errealitatea atzemateko bestelako bideen bila hasi zirenean alegia. Erromantizismoko maisuek ere inspirazio-iturritzat erabilia zuten naturaren esperientzia, eta, bidaiatzeko aukera berriez baliatuz, ikuspegiak irudikatuz gozatzen zuten, neurri batean beren bisiten oroitzapen gisa eta, gero eta gehiago, baita beren emozioen ispilu gisa ere. Gero eta zabalagoa zirudien munduko paisaia ezezagunak erakutsiz, beren garaiko jendea liluratzea lortu zuten artistek, eta beren bidaien abenturazaletasuna eta kutsu exotikoa nabarmentzeak garrantzi berezia eman zien haien bizipenei. Era berean, erromantizismoa emozioen eremura bideratu zenean, paisaia bera giza sentimenduen adierazle bihurtu zen, eta, horrela, zubi ikusezin eta traszendente bat sortu zen gizadiaren eta naturaren artean. Bi arrazoi horiengatik interesatzen zitzaien artistei fenomeno naturalak —giza irudia barne, bere ohiko ezaugarriekin— bizitzarekiko eta unearekiko modu zintzoan atzematea. Denborarekin, fenomeno natural horien azterketa —erronka eta arazo piktorikoei zegokienez— justifikatu egin zen, baita giza arimaren taupadak islatzen ez zituenean ere. Inpresionistak agertu ziren garaian, baziren hainbat hamarraldi margolariak naturara irteten zirela, inguruko fenomenoak atzematen zituztela eta eguneroko bizitzako gaiak irudikatzen zituztela. Arte ederrek dagoeneko konkistaren bideari ekina zion argazkilaritzaren kontrako borroka abiarazi zuten baieztapen baten abaroan: artistak ez diola munduari forma ematen, behatu besterik ez duela egiten, eta erregistratzeko modukotzat jotzen duela behatutako guztia, bere zekenkeria, ausazkotasun eta ezjakintasun eta guzti. Hala ere, ez zen beti horrela izan. XIX. mendeko artistak, eta inpresionistak ez ziren salbuespena izan, oso gutxitan mugatu ziren beren margolanetan lehen begiratuan izandako sentipena irudikatzera, besterik gabe; aitzitik, lehen sentipen horren esperientzia islatzen zuten. Ikuskizunaren behaketak eta esperientzia atzemateko nahiak ez dakarte behatutakoaren imitazioa nahitaez “hemen eta orain” egin beharra margolaritzaren bitartekoak erabiliz. Artistak gai ziren sentipen horren freskotasuna transmititzeko, nahiz eta ulertzen zuten “unean unekotasunak” ez zuela esan nahi momentuan bertan gauzatu behar zenik. Eszena “aleatorio” bat, benetan halakoxea balitz bezala osatua, irudikatzeko gaitasuna izan zen belaunaldi haren lorpenik handiena, eta Claude Moneten Inpresioa, egunsentia (1873) izan zen lorpen haren erakusgarri. Ez da harritzekoa, beraz, inpresionistek bat-bateko sentipenak jasotzeko xederik izan ez zuten aitzindarien arrastoari jarraitu nahi izana; edonola ere, haien margotzeko estilo dinamikoak, non formak desegin egiten baitziren, eredutzat balio zien. Honoré Daumier izan zen aitzindari haietako bat. William Hogarthen bidetik jarraitu zuen, eta satira moral eta politikoko obrak egin zituen, erraz egokitu zitezkeenak inpresionisten mundura. Haren marrazkien inguru dardaratiek eta forma asaldatuek bai eta haren pinturetako pintzelkada bizkorrek iradokitzen dute antzeko ideiak zituela. Inpresionisten artean, Édouard Manet, Daumierren antzera, irekita zegoen garai hartako gertaera politikoetara, baina, Degasen gisara, inspirazio-iturri handi zituen bere aurretik etorritako artista klasikoak. Haien artean kutunena zuena, Francisco de Goya, inpresionistengandik oso hurbil zegoen, ez bakarrik gaiei zegokienez, baita pintatzeko moduari zegokionez ere. 1880ko hamarkadaren erdialdean, Maneten ereduari jarraituz, ikusleak margolana esperientzia bizitako unean bertan sortua zela konbentzitzeko asmotik urrundu ziren hainbat inpresionista; horren ordez, ikuskizuna irudikatzearen ekintza denboran luzatuta, ikusitakoak eragindako sentipen emozionala ere helarazi nahi zuten. Era horretara, haien lanak adierazpen emozionalarekin aberasten ziren, bai erretratatutako pertsonaren barne-egoeraren proiekzioagatik, bai behatzaileengan oharkabean iradokitako sentipenagatik. Baina, orainaren zentzua sortzeaz gain, XIX. mendeko artistek beste kontu askorekiko kezka izan zuten, beraz, ez litzateke bidezkoa izango garai horri inpresionismoaren prismatik soilik begiratzea. Garai hartako egileek beste muga asko gainditu zituzten. Halaber, artearen historiarekiko zuten harremana osotasunez definitu nahi izan zuten. Errenazimentu aurreko garaietara itzultzea proposatzen zuten hainbat joera agertu ziren (nazaretarrak, prerrafaelitak), eta gero eta sortzaile gehiago hasi ziren arreta beste kultura batzuetan jartzen, mendebaldeko artetik haratago. Ekialdearen aurkikuntzak lurralde guztiz ezezaguna eskaini zuen, birjina ia, eta bisitatzeko toki exotikoak izateaz gainera, Txina eta Japonia inspirazio-iturri garrantzitsuak izan ziren haietatik inportatutako objektuetan ikus zitezkeen arte aplikatuen estetikari esker. Japoniako xilografiek eragin handia izan zuten Camille Pissarro, Giovanni Segantini, Henri de Toulouse-Lautrec eta Edgar Degas artisten lanetan: erabat irauli zituzten konposizioa, kolorearen erabilera eta ingeradak irudikatzeko modua. Prerrafaelitek —Dante Gabriel Rossetti barne— iraganera jotzen zuten gai, inspirazio eta (eurek esan ohi zuten bezala) “zibilizazioaren eraginik gabeko garbitasun” bila. Hala ere, ikuspegi historikotik begiratuta, oso garrantzitsua izan zen, halaber, eurak izan zirela mende amaierako Art Nouveau joeraren inspirazio-iturri. Erdi Aroko artisautza lanen balioa Industria-iraultzak ekarritako masa-ekoizpenarekin kontrajarriz eta zenbait iturri literario (Shakespeare, Milton eta poeta erromantikoak) gai bibliko eta mitologikoen mailara igoz, Art Nouveau fin-de-siècle garaiko artearen estandar bihurtu zen. Arragoa handi batean bezala, 1900. urte inguruan elkarrekin suertatu ziren joera haiek guztiak, eta denak zetozen bat kontu batean, ordura arte ikusi gabea zen modu batean bat etorri ere: naturaren ikuskizuna erregistratzeko eta pinturan giza emozioei forma emateko nahiak aurrerapenerako nahiaren rol bera bete zezala. Hain zuzen ere, arteak gero eta askatasun handiagoa zuen bere burua errealitatearen arabera ez definitzeko.
[Itzultzailea: Rosseta Testu Zerbitzuak S.L.]