katalogoa
GIZA GORPUTZAREN IRUDIKAPENA
Réka Filep
- Izenburua:
- GIZA GORPUTZAREN IRUDIKAPENA
- Egilea:
- Réka Filep
- Argitalpena:
- Madril: Brizzolis, 2025
- Neurriak:
- 24 x 27 cm
- Orrialdeak:
- 216
- ISBN:
- 978-84-95216-99-1
- Lege gordailua:
- BI-01752-2024
- Erakusketa:
- Budapesteko paper gaineko maisulanak
- Gaiak:
- Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Giza gorputza | Arte italiarra | Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Konposizioa | Lan-prozesua | Sinbologia | Biluzia | Gizarte-kronika | Marrazkigintza | Europa | Italia | Sentsualtasuna
- Mugimendu artistikoak:
- Errenazimentua
- Teknikak:
- Grabatua | Marrazkia
- Aipatutako artistak:
- Buonarroti, Michelangelo | da Vinci, Leonardo | Parmigianino, | Sanzio, Rafael | Tintoretto, | Veronese, Paolo
Giza irudia beti izan da, nolabait ere, artisten interes gune. Errenazimentu garaiko Italian, giza gorputzaren irudikapena adierazpide indibidualerako gai bihurtzen joan zen astiro-astiro, artista bakoitzaren estilo eta ikuspegiaren muinaren erakusle. Giza irudiak biziki liluratzen zituen sortzaileak, eta beren azterketen, behaketen eta irudimenaren oinarrizko motibo izan zen. Hortaz, gai ezin aproposagoa da Italiako Errenazimentuko marrazkigintza definitu zuten alderdi nagusiak aztertzeko.
Antzinaroko artea, filosofia eta kultura literarioa berreskuratzeko eta berpizteko interesaren ildotik, XV. mendeko artistek eta humanistek sortzaile klasikoen lanak hartzen zituzten gorputzaren irudikapenaren gailurtzat. Horrez gain, naturalismoa azpimarratzeko joerak gora egin zuen, artistak irudikapen errealistagoak, zehatzagoak eta indibidualagoak lortzen ahalegintzen ziren, eta estudioan modeloak aurrez aurre izanda margotzearen aldeko apustua gailendu zen. Errenazimentuko teorialariek artisten sortzeko eta asmatzeko gaitasuna goresten zuten, eta haien ustez, marrazkia zen arte ederren baitako hiru diziplina garrantzitsuenen aitzindaria; horrek badu loturarik italierazko disegno hitzak daukan esanahi-sorta ugariarekin ere: ez dagokio soilik marrazkiari objektu gisa, orobat aplikatzen zaio irudimen artistikoaren, asmamenaren eta horren gauzatzearen arteko harremanari.
Ez litzateke gehiegikeria izango esatea Leonardo funtsezko pertsonaia izan zela Quattrocentoaren eta Goi Errenazimentuaren arteko trantsizioan. Leonardok marrazkigintzan izandako lorpenak ezinbesteko erreferentzia-puntua izan ziren ondorengo belaunaldientzat, eta funtsezkoak izan ziren, halaber, baliabide hori eskubide osoz forma artistiko gisa ezarri zedin. Errenazimentuko gizona izanik, bere interes unibertsala pizten zuen oro marrazten zuen Leonardok, izan animaliak, landareak, makinak edo giza gorputzaren atalak eta proportzioak. Bera izan zen giza gorputzaren egitura eta funtzioak ahalik eta ondoen ulertzeko azterketa anatomikoak egin zituen lehenengo maisuetako bat. Liluratuta zeukan giza aurpegiaren morfologiak, baita hura aztertu eta interpretatzen zuen diziplinak ere, hau da fisonomiak; irudi mota berri bat sortu zuen, adierazkortasunez betea eta indibidualizatua. Gorputzaren eta gogoaren, keinuen eta emozioen arteko harremana banaezina zela uste zuenez, berdin-berdin irudikatu zituen edertasuna eta itsusitasuna. Budapesteko bilduman badago artistaren estanpa bat, mundu osoan ospetsua, fisonomia-azterketa bat dena oroz gain, eta bertan ezin hobeto transmititzen da borrokan ari den soldadu baten haserre ikaragarria.
XVI. mendeko artistak, beren aurrekoek zabaldutako bideari jarraituz, maila berrietara iritsi ziren giza gorputzaren irudikapenari dagokionez. Sorkuntza prozesuan prestaketa-marrazkiak egin ohi zituzten, eta, batzuetan marrazki horiek azken lanera eraman gabe gelditutako ideiak irudikatzen bazituzten ere, obraren garapenaren ikuspegi bat ematen dute. Lehenik, lerro gutxi batzuekin zirriborratzen zituzten beren ideiak, eta, ondoren, buruen edo figuren bozeto zehatzagoak osatzen zituzten aurrez aurre zituzten modeloei begira, edo, beste batzuetan, argizarizko estatua edo estatuatxoei begira. Konposizio-estudioen bidez irudien arteko harremana garatzen zuten; eta, gero, modelloa marrazten zuten, lanaren azken diseinua, margolana gauzatzeko modelo zehatz gisa balio zuena.
Rafaelek Goi Errenazimentuko molde klasiko berri bat sortu zuen bai Antzinaroa bai eragin garaikideak txertatu eta berrasmatuta. Bere irudien bizitasun eta adierazkortasun emozionalari esker eta irudi autonomoak konposizio sofistikatu eta dinamikoetan maisuki uztartzeko zuen gaitasunari esker, Rafael eredu izan zen sortzaile belaunaldi askorentzat. Haren estilo idealistak oihartzun handia izan zuen bere dizipulu eta jarraitzaileengan, eta bere asmakizunak —Antzinaroaren erreferentziaz beteak— askotan erreproduzitu zituzten estanpatzaileek, bereziki haren kolaboratzaile Marcantonio Raimondik.
Michelangelok lorpen artistikoaren gorena irudikatzen du, baita XVI. mendeaz haratago ere. Giza gorputzaren errepresentazioarekin obsesionatuta bazegoen ere, gutxitan erabili zuen aurrez aurreko marrazketa figurak egiteko, eta ez zuen apenas interesik erakutsi zuzentasun anatomikoarekiko. Ezohiko jarrera dinamikoetan irudikatzen zituen biluzi sendo eta zeharo gihartsuek artisten irudimena (invenzio) naturaren imitazioaren gainetik balioesten zuen ideal artistiko bat erakusten dute. Michelangeloren eragin izugarriari jarraituz, margolari manieristek —bereziki Parmigianinok, Bronzinok eta Pontormok— jarrera biziki bihurrietan irudikatzen zituzten beren figurak, proportzio anatomiko ez zehatzekin eta eskortzo nabarmenekin irudikatu ere. Figura serpentinata izeneko kategoria hori aldaera ugaritan agertu izan zen, bai bakarka bai konposizio dinamikoen barruan. Garai hartako beste berrikuntza bat zera izan zen, emakume-biluziak ordura arte baino maizago eta ausardia handiagoz irudikatzen hasi zirela; hala ere, gizonezkoen biluziek zituzten rol askotarikoen kasuan ez bezala, emakumeen biluziek kutsu erotikoa zutela uste zen oro har oraindik ere. Gai sentsual hark entzutea bazuen ere, tailerretako jardunean ez zen ohikoa emakume modeloak aurrez aurre marraztea: emakume biluzien irudiak gizonezko modeloen behaketatik abiatuta egin ohi ziren.
Parmigianino bere margolanen eta marrazkien estilo berritzaile, delikatu eta dotoreari esker egin zen ospetsu, baina baita bere kabuz akuaforteak sortu zituen lehen italiar margolaria izateagatik ere. Gainera, garai hartako grabatzaile onenekin jardun zuen lankidetzan, tartean argi-ilunaren aitzindaririk entzutetsuenekin. Estanpa mota berri horrek argiaren eta itzalaren arteko kontrastean oinarritutako ezaugarri estetiko bereziak zituen, eta kolore bereko hainbat tonutako egurrezko plantxak gainjarriz sortzen zen hainbat fasetako prozesu baten bidez. Baliabide hark sona izan zuen prestakuntza klasikodun elitearen baitan, eta argi-ilun grabatzaileek garai hartako artista aipagarrienetako batzuen marrazkiak erabili zituzten estanpetarako eredu gisa, bereziki Rafaelenak eta Permigianinorenak.
XVI. mendearen amaieran, eliza katoliko berrituaren asmo artistikoaren ildotik, irudi idealizatu baina errealistak erabiltzen ziren jendearen emozioak pizteko, bereziki errukia. Asmo horiek urrun zeuden margolari manieristen estilo birtuosistatik eta haien konposizio konplexuetatik. Testuinguru horretan, Carracci Akademia izan zen pintura arloan eraginik handiena izan zuena, eta garaikoek arteen salbatzailetzat jo zituzten egoitza Bolonian zeukan eskola hartako kideak. Carraccitarren —Annibale, Agostino eta, bereziki, Ludovico— zuzendaritzapean, akademiak aurka egin zien garai hartako ohiko praktikei, eta aurrez aurreko marrazketari (dal vivo) eta anatomiaren azterketari eman zien garrantzia margolarien trebakuntzan. Carracci Akademiak, gainera, mende hartan bertan jardunean aritu ziren zenbait artista ezarri zituen jarraitu beharreko eredu gisa, batez ere Rafael, Michelangero, Veronese eta Tintoretto. XVI. mende amaierako biluzi-estudioetan, oro har, zaila izaten da bereizten zein heinetan diren aurrez aurre marraztuak, aurretiko obretan inspiratuak edo, artistaren irudimenetik abiatuta, modu autonomoan sortuak.
[Itzultzailea: Rosseta Testu Zerbitzuak S.L.]