Edukira zuzenean joan

Chacun à son goût

katalogoa

Manu Arregui

Izenburua:
Manu Arregui
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2007
Neurriak:
28 x 23 cm.
Orrialdeak:
128
ISBN:
978-84-95216-54-0
Lege gordailua:
BI-2897-07
Erakusketa:
Chacun à son goût
Gaiak:
Gizakia | Generoa eta sexualitatea | Artea eta identitatea | Artea eta komunikabideak | Artea eta teknologia | Sorkuntza artistikoa | Dualtasuna | Introspekzioa
Artelan motak:
Animazioa | Argazkia | Bideoa
Aipatutako artistak:
Arregui, Manu

Santander, 1970. Santanderren eta Bilbon bizi eta hiri horietan egiten du lan

Manu Arregui-k ordenagailua erabiltzen du bideoak eta argazkiak 3Dko modelatu eta animazio birtualeko teknikekin nahasteko tresna nagusitzat, gure existentzian plano “errealen” eta birtualen arteko bizikidetasuna planteatzeko. Arreguik sarritan itxuraldatzen du berrogeiko eta berrogeita hamarreko hamarkadetako Hollywoodeko melodrama, soinu-banda itxurati horiekin, orainaldiko gaiak jorratzeko. Introspekzio psikologikoa, nortasunaren bilaketa edo sexu-kode zaharkituen desegitea dira bere errepertorio artistikoaren ohiko gaiak.

Bere hasierako obra batzuetan pertsonaia nagusia alter ego birtual gisa agertzen bazen [Kaixo Baudrillard (Bonjour Baudrillard, 2004)], orain pertsonaia errealekin zuzenean lan egiten hasi da artista, eta haien bitartez elbarritasuna edo nortasun sexuala bezalako ideien inguruan galderak planteatzen ditu. Arimaren bultzada liriko bat (Un impulso lírico del alma, 2007) obran gizonezko gimnasta baten irudi androginoa, emakumezko gimnasia erritmikoa egin nahian dabilena, artistaren beraren nortasunaren isla da, konbentzionalismoetatik kanpo dagoen gizabanakoarena, alegia.

Ildo beretik doa bere obra berria, Guztiz xarmangarria (2007), Chacun à son goût erakusketarako egin duena. Aldi honetan, Vanesa Jiménez da pertsonaia erreala, “kristalezko hezurren neska” izateagatik ezagun egin dena —hezurretan malformazioak sorrarazten dituen gaixotasun sendaezina izateagatik—. Pertsonaia artistaren kosmologia pertsonalaren osagai bilakatu da hiperrealitate kontzeptua eta telebistako erreportajeei darien etika zalantzan jartzen dituen fikziozko eszena baten bitartez.

Vanesa famatu bihurtu zen nolabait telebistan, norbere burua hobetzeko nahiaren adibide gisa erakusten zuten programa batzuetan. Programa haien asmo onetatik eta protagonistaren etorkizunerako izan zezaketen eraginkortasun praktikotik harantz, Arreguiri interesatzen zaiona hauxe da, baldintzatzen den edozein errealitate bezalaxe, pertsonaia erreal hau bere buruaren kopia hiperreal, eta, beraz, Baudrillard-ek esan bezala, “inoiz existitu ez den zerbaiten simulazio” bihurtzea.

Baudrillardek, Arreguiren ibilbide artistikoan aholkulari izandakoa, bereizi egiten du hedabideetako simulakro “pobrearen”, non dena erabateko hutsaltasunean errepikatzen den, eta ilusio perfektua lortzeko joera duen mundu birtualaren artean. Eta hortxe lortzen du Arreguik —teknologia digitala aukeratzean eta egiazkotasuna axola ez zaiola— mundu paralelo bat sortzea; mundu horretan nahastu egiten dira erreala eta birtualtasuna, eta pertsonaia infografiko batzuen bitartez erreala denaren egoera birsortzeko modu areagotua baino ez da melodrama hiperreala, haien nortasunak, izaki teknologiko diren aldetik, irudi postmodernoen osagai bilakatu direlarik jadanik.

[Itzultzailea: Bitez® Logos®
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]