Edukira zuzenean joan

Chacun à son goût

katalogoa

Abigail Lazkoz

Izenburua:
Abigail Lazkoz
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2007
Neurriak:
28 x 23 cm.
Orrialdeak:
128
ISBN:
978-84-95216-54-0
Lege gordailua:
BI-2897-07
Erakusketa:
Chacun à son goût
Gaiak:
Gizakia | Heriotza | Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Artea eta umorea | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Antzerkia | Dualtasuna
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Horma-pintura | Pintura
Aipatutako artistak:
Lazkoz, Abigail

Bilbo, 1972. New Yorken bizi da eta bertan egiten du lan

1999an Abigail Lazkozek baztertu egin zuen pintura, gutxieneko baliabide formalen “idazkera” artistikoa lortzeko premiak bultzatuta. Murrizketa lortzeko saio horretan, artista marrazkia eta tinta beltza material zuriaren gainean erabiltzera mugatu da. Hala, eszenak kontatu eta sortzeko tenebrista bezain humoristikoa den teatraltasunaz baliatzen da, erabiltzen duen teknikaren soiltasunarekin kontrastean.

Obraren instalazioa funtsezko adierazpidea da bere lanean. Bere marrazki guztiak, horma-pintura nahiz paper gaineko lanak, berariaz aritzen dira elkarrekintzan erakusgai jartzen diren espazioarekin. Gainera, espazio/denbora harreman horretan funtsezkoa da ikuslearekin sortzen den elkarrekintza, narrazioaren sekuentzia mekanismo eta “bizitako” antzerki bilakatzean.

Kontrakoen paradoxa, kontrajartzea eta baterako existentzia ezinbesteko osagaiak dira eta Lazkoz osagai horietaz baliatzen da zorionaren gaia, gizakiaren paradoxa nagusi den aldetik, bere obraren ardatz nagusi bihurtzeko. Interpretazio humanistiko horrekin batera, indarrean dauden ortodoxia jakin batzuetatik aldenduta, dagoeneko kontatu diren istorioak berriro biltzea eta birziklatzea, eta tradizio grafikopiktorikoaren erreferentziak dira Lazkozek erabiltzen dituen beste erresistentzia armak artearen alorrean “modernoa” denaren kontzeptua auzitan jartzeko.

Chacun à son goût erakusketarako, Lazkozek horma-pintura handi bat egin du, Azken joeren 130.000 urte (130,000 Years of New Trends) izenekoa. Tituluak, alde batetik, artearen sistemak modarekin eta berritasunarekin duen obsesioa aditzera ematen digu; bestetik, zentzu literal akademikoagoa ere badu, Homo sapiens ehorzketa erritualak egiten hasi zen unea aipatzen duena, era horretara gaur egun gizakitzat ezagutzen dugun horren estatusa lortuz.

Oraingo proposamen artistiko askorekin bat etorriz, hemen ere, obraren argumentu nagusia da heriotza. Lazkozek, ordea, ez du izugarria edo makabroa den zerbait balitz bezala irudikatzen, ikusteko moduko arrastoak utzi gabe gertatzen den zerbait balitz bezala baizik. Ikusleak horma-hobi/umetoki batzuk ditu aurrean, non hildakoek, kanpoaldean zer gertatzen den ez dakitela, kontzentrazio-ariketa nagi batean murgilduak diruditen. Bakartze isil horrekin zerikusirik ez duela, hilarrietako testuek, begiramenik gabe, heriotzaren itxura baketsua bortxatzea dute helburu.

Ikuspegi formaletik, obra honetan zuri-beltzeko marrazkiaren errepresentazio teknikak dituen aukerei buruzko ikerlanari berriro heldu dio Lazkozek, eta aldi berean, omenaldi egiten die pintura klasikoaren baliabide piktorikoei, besteren artean marko angeluzuzenari eta nitxo geometrikoari, Sánchez Cotán-en natura hilen forma organikoei kontrajartzen zaizkienak.

[Itzultzailea: Bitez® Logos®
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]