Edukira zuzenean joan

Chacun à son goût

katalogoa

Chacun à son goût

Rosa Martínez

Izenburua:
Chacun à son goût
Egilea:
Rosa Martínez
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2007
Neurriak:
28 x 23 cm.
Orrialdeak:
128
ISBN:
978-84-95216-54-0
Lege gordailua:
BI-2897-07
Erakusketa:
Chacun à son goût
Gaiak:
Giza gorputza | Artea eta estetika | Artea eta gizartea | Artea eta pertzepzioa | Artea. Teoria | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Kultura eta globalizazioa | Dualtasuna | Gogoeta
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Argazkia | Bideoa | Eskultura | Performance
Aipatutako artistak:
Ansareo, Elssie | Aranberri, Ibon | Arregui, Manu | Bernad, Clemente | Lazkoz, Abigail | López, Maider | Mendizabal, Asier | Okariz, Itziar | Ortiz, Aitor | Pérez Agirregoikoa, Juan | Prego, Sergio | Sadaba, Ixone

Produkzio artistikoaren eremua ez da erabateko autonomia duen unibertso bat. Bere hizkuntz arauak ditu, ezarritakoa hausteko ahalbideak eta erreferente jakin batzuk, bere esanahien eremu espezifikoan zentzua ematen diotenak. Hala, eremu horretan batera agertzen dira indar ortodoxoak eta hausturarako gogoa, garai batean aurrerabidearen ideia bultzatu zuen historia ebolutiboa eta etorkizuna imajinatzeko zailtasunak dituen orainaldi nahasia. Orainaldi honetan sinkronian elkartzen dira geografia, ekonomia eta politika; hezkuntza eta desioa; itxaropena eta frustrazioa; komunikabideetako hedapena eta isiltasuna, guztiak gustua eta disgustua eratzen duten faktoreak, hau da, artelan batek gugan eragin dezakeen gozamena, gogaitasuna edo gaitzespena.

Artearen eremuan inplikatuak dauden eragile guztiek etengabe dihardute balidazio kategoriak legitimatu nahian, joeren hegemonia instituzionalizatzeko, eta borrokan dihardute merkatuan, Pierre Bourdieu-k dioen bezala “berez sinbolikoa den balioa eta merkataritzako balioa elkarrengandik hain urrun ez dauden merkatuan”1 hain zuzen, leku bat izateko. Bourdieuk azaltzen duenez, ondasun sinbolikoak bi alderdiko errealitateak dira, salgaiak eta esanahiak aldi berean, eta izaera purua, desinteresatua edo gorena dutela uste arren, industria kulturalaren parte dira, ondasun horiek produktutzat hartu eta ahalik eta irabazi handiena eta errentagarritasun sinboliko handiena atera nahi izaten dien industriarena, alegia. Horretarako gizartearen gustua finkatzen duten berrikuntza eta errepikapen estrategiak kontuan hartu behar ditu, baita kontsumitzaileek adierazten duten botere eremuarekiko harreman estrukturalak ere.

“Chacun à son goût” esaerak —Robbie Williams abeslariak lepoko handi bat balitz bezala bere lepoa inguratzen duen tatuajearekin Diderot-i aske egotzi diona—, erakusketaren titulu orokor gisa erabiltzean, norbanakoak gozatzeko eta aukeratzeko duen askatasuna aldarrikatzen du. Diderotek 1746an idatzitako Pensées philosophiques aforismoen bilduman hauxe zioen: “On déclane sans fin contre les passions: on leur impute toutes les peines de l’homme, et l’on oublie qu’elles sont aussi la source de tous les plaisirs”2. Argien Mendeko arrazionaltasunean oinarrituta, komunitatearen barruan norbanakoak duen halako autonomia babesteko instintuek duten ahalmena goraipatzen du Diderotek. Urte batzuk geroago, Baudelaire-k, arte-kritikari gisa Diderot hainbeste miresten zuenak, norbanakoaren pasioa eta irudimenaren sentsibilitatea defendatu zituen arrazoiaren eta metodologiaren aliatutzat, ez ordea etsaitzat. Gaur egun irakurriz gero, “chacun à son goût” esaera estiloen aniztasunari eta desberdintasunekiko errespetuari buruzko manifestu antzeko bat da, baina onartu egiten du baita ere norbanakoaren gustua subjektu bakoitza eratzen duten klase indarren, generoaren, egoera geopolitikoaren eta prestakuntza profesionalaren arteko nahasketa batek zehazten duela.

Artisten kasuan, dauden eraikuntza kulturalen zama historikoa gainditzea, baina baita ikuspegi kritiko batez onartzea ere, ezinbestekoa da norbere hizkuntza sortzeko. Onartzearen, gaitzestearen eta berreraikitzearen dialektika honetan Chacun à son goût erakusketan aukeratutako artistek lan handia egin dute beren jarrerak eta hizkuntzak eguneratzen, eta garrantzi handiko proposamenak eskaintzen dizkiote publikoari, eztabaida soziala, intelektuala eta estetikoa piztearren. Proposamen horiek sorraraz dezaketen gustua edo disgustua ikuslearen heziketa estetikoak eta jarrera ideologikoak zehaztutako ikuspegian datza funtsean. Ikuslea, batez ere artearen eremuan aditua bada, obra interpretatzean bere zentzua sortzen aktiboki parte hartzen duen subjektua da eta, beraz, bere esanahi indibidualean eta kolektiboan ere parte hartzen du. Dena den, milieu artistikoaren barruan, zentzuaren keinuek ere halako oihartzuna behar dute adituak ez diren kontsumitzaileen eremu zabal horretan.

Artisten, erakundearen eta publikoaren arteko elkarrizketa arte-arduraren ikuspegiak baldintzatu du, hasiera batetik onartu baitzen parte-hartzaileen kopuru mugatu bat aukeratzearen egokitasuna, Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman jadanik dauden artistak edo aurreko erakusketetan parte hartu izan dutenak barne hartuko ez zituena. Hala, irizpide horrek laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran eta 2000ren hasieran sendotutako belaunaldirantz zuzendu zuen begirada. Aukeratutako hamabi artistek —Elssie Ansareo, Ibon Aranberri, Manu Arregui, Clemente Bernad, Abigail Lazkoz, Maider López, Asier Mendizabal, Itziar Okariz, Aitor Ortiz, Juan Pérez Agirregoikoa, Sergio Prego eta Ixone Sádaba— beren locus zehatzaren tentsioei erantzun eta zalantzan jartzeaz gainera, nazioarteko hiztegien egile direla erakutsi dute. Hamabi izen hauen aukeraketa subjektiboa izan da, ez ordea ausazkoa: orainaldia aztertu ondoren egin da, orainaldi hori bat ez datozen denborak eta ikuspegiak sinkronizatzen direneko borroka eremu gisa hartuta, eta betiere jabetuta orain sortzen ari diren jarrerak lekuz aldatu daitezkeela eta esanahi berriak har ditzaketela, tokiko hersturek eragindako presioetatik aldendu eta herstura horietan murgildu nahi izan ez duen irizpidearen autonomiari esker. Azken finean, edozein interpretazio berrik gustuen eta baloreen sistema berria hurbiltzen du merkatura. Chacun à son goût erakusketaren kasu zehatzean, euskal arteari ustez berariaz dagozkion genealogiaren, antropologiaren edo soziologiaren diakronia baino gehiago, arte-arduraren ikuspegiak jarrera anitz eta multipolarren hierarkiarik gabeko elkartearen sinkronia islatzen du.

Orainaldi zehatz honen sinkronian, eta artisten, komisarioen eta erakundearen arteko elkarrizketa-transferentzien multzoan, komisarioek eta erakundeak, eztabaida kritikorako funtsezko alderdiek alegia, tokikotasunaren eta globaltasunaren, eta pertenentziaren eta esklusio indibidualaren edo sozialaren sentimenduen arteko tentsioak eta hibridazioak hartu dituzte kontuan, baita mendebaldeko modernotasun artistikoaren borondate unibertsalistaren eta modernotasun horren balioen inguruan subjektibotasun postmoderno edota periferiko anitzetatik sortutako zalantzen arteko elkarrizketa ere. Argi dago globalizazioak kultur balioen produkzioa eta kontsumoa homogeneizatu dituela, nortasuna indartzearen aldeko mugimendu batzuk berriro sortzen ari diren bitartean. Era berean, mugimendu hauek berariazko tradizio kultural jakin baten zeinuetan eta estilematan bere burua ezagutzeko subjektuak duen legitimotasuna defendatzen dute. Hala ere, artearen berezitasun lokala balidazioaren inguruko diskurtsoak menderatzen dituen nazioz haraindiko produkzioari aurre egiten ari zaio, eta nortasun txikiagoei dagozkien berariazkotasunei buruz hitz egiteko exijitzen die, baldin eta narratiba estetikoetan leku bat izan nahi badute. Izan ere, hortxe datza jarrerak zehazten diren lekuaren edo lekuen garrantzia eta hortxe datza artista baten balio erantsia, eremu lokala gainditu eta nazioarteko ekitaldi handietan edo Guggenheim bezalako erakunde globaletan bere burua erakusten duen artistaren balio erantsia. Eta hortxe datza baita ere kemen eta ausardia intelektualaren premia, Émile Durkheim-ek “konformismo logikoa” deitu zuen horretatik harantz doazen lekualdaketak proposatzekoa eta produzitutakoa eta esperotakoa bat etortzea besterik onartzen ez duten indar-lerroei desafio egitekoa.

Guggenheim Bilbao Museoaren Hamargarren Urteurrenerako bereziki antolatu den Chacun à son goût erakusketan aurkeztutako obrek ahaleginak eta tentsioak aditzera ematen dituzte, baina baita artisten jarrera estetikoen eta museoaren espazio arkitektoniko eta ideologikoen arteko ironia eta kontzientzia ere. Obra horiek edozein artistarentzat garai eta espazio jakin batean jaio izanak adierazten duen metaketa sinbolikoa itxuratzen dute, eta jolas egiten dute haiengan eragin zuzena duen garrantzi handiko testuinguru batean aldi baterako ikusgai egoteko aukeratu izanak sorrarazten duen lilurarekin, kritikarekin eta zailtasunekin. Eskultura material astunetatik beste arinago batzuetara nola aldatu den erakusten dute, kontzeptuen dentsitatea hobeto ebaluatzeko aukera ematen dutelako; agerian uzten dute marrazkiak bizirik jarraitzen duela, espresio garaikiderako argazkilaritza eta bideoa baliabide pribilegiatuak direla, eta oraingo hizkuntzen bilakaeran performancea eta eszenaratzea, gorputzarena paisaiarekin harremanetan edo obrarena hartu duen arkitekturarekin harremanetan, funtsezko lerroak direla. Gorputzaren errepresentazio politiken bitartez, niaren nortasuna eratzen den moduari buruzko analisian murgiltzen dira batzuk; beste batzuk zoriona bilatzen saiatzen dira zeharka edo gure mundua osatzen duten tragediak jasotzen dituzte; eta beste batzuek museoak adierazten duen botere sistemaren kontraesanak arakatu nahi dituzte, gustua instituzionalizatzeko eta finkatzeko modua den aldetik.

Pertzepzioaren eta balorazioaren fenomeno gisa hartuta, gustua norbanakoaren askatasun gorena ustez argi adierazten duen kategoria da. Balio eskala subjektiboan, obrari buruzko diskurtsoa etenda gera daiteke aldi batez, eta aukeratzen duen eta sendotzen den niaren irudipen fetixista ager daiteke. Gustuak libido bat eratzen eta osatzen du, baina, sexuaren eremuan bezalaxe, libidoa ez da norbanakoari soilik dagokion fenomenoa, subjektua itxuratzen duten egitura sozialek eta ideologikoek baldintzatutakoa baizik. Hortaz, interpretazioa ez da ekintza libre bat, subjektuak bere garaiaren eta bere hurbileko testuinguruaren parametroekiko duen loturaren erakusgarri baizik. Zalantzarik ez dago osasungarria dela gustuen tenporaltasuna, gustua atsegintasun sistematzat hartuta, etenda ikustea; etena aurrez sortutako itxaropenei eta oraindik zintzilik dauden gaiei edo, egongo balira, zorretan dauden faboreei desafio egingo dieten ikuspegiek sortzen dute, betiere kontzientziari, irizpideari eta nahiari aukera berriak eskainiz.

Donald Kuspitt-ek dioenez3, etengabe eraikitzen ari den historia da garaikidetasuna. Orainaldiaren sinkroniaren testuinguruan erakusketa honetatik hauxe espero da, poetikoki edo politikoki oraindik esan ez diren gaiak eta alderdiak argitara atera izana, galderak planteatu izana, argibideak proposatu izana eta ikuspegi desberdinen arteko elkarrizketak eta negoziazioak sorrarazi izana. Baina, batik bat, zera espero da, adimenean eta sentimenetan plazera eragitea eta, tokian tokiko berariazkotasunak errespetatuz, gaur egun Ilustrazioak formulatutako unibertsaltasunaren nahi etiko eta estetiko horrek bizirik dirauela erakustea, eta klase eta genero ikuspegi postkolonial berrietatik berritu beharrekoa dela. Globalizazioak desberdintasunak lausotu edo kontsumo errazeko klixeetara mugatzen dituen garaian, gizatasunaz guztiok dugun kontzientziak unibertsaltasun etiko berria eratzera bultzatu behar gaitu, kultura desberdinak bereizten dituzten inkontziente historikoen arteko distantziak txikiagoak izatea lortzeko. Arte puruaren eta arte konprometituaren, tokiko artearen eta nazioarteko artearen arteko dualtasunetik harantz joanez, eta gustuak adierazten duen berehalako bereizketa hori gure orainaldiari buruzko gogoetak eta ulermenak iragazten utziz, kritikaren benetako eguneratzea lortuko dugu, Cuauhtémoc Medina-ren hitzetan kritika halakotzat hartuz: “interpretazio estrategikoa, aurrez ezarritako intersubjektibotasunik ez dagoen adostasuna proiektatzean esanahi politikoa hartzen duena”4. Hau da, artelan bat aukeratu edo gaitzesten dugun bakoitzean, edo gozarazten digun bakoitzean, iritzi indibidual jakin batez baliatzeaz gainera, errepresentazio artistikoaren politikan esku hartzeko asmoa adierazten dugu. Erakundeak, komisarioek eta artistek egindako lan horretara elkartzean, ikusleen itxaropenen eta eskarien formulazioak eratzen du azkenean artelanen zentzua, eta artea bizi garen mundu hau ulertu eta aldarazteko modu hobezina izaten jarrai dezakeela baieztatzen du.

Bartzelona, 2007ko ekaina

[Itzultzailea: Bitez® Logos®
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Pierre Bourdieu, Les règles de l’art. Genèse et structure du champ littéraire, Du Seuil arg., Paris, 1992, 1998, 234. or. [itzuli]
  2. [“Etengabe hitz egin ohi da pasioen kontra. Gizakiaren gaitz guztien iturri direla uste da, baina ahaztu egiten dugu plazer guztien iturri ere badirela”] Denis Diderot, Pensées philosophiques, De Minuit arg., Paris, 2004. [itzuli]
  3. Donald Kuspitt, “Lo contemporáneo y lo histórico: más distantes que nunca”, Mitos de permanencia y fugacidad. IV Simposio Internacional sobre Teoría de Arte Contemporáneo, SITAC, Mexiko Hiria, 2005, 65. or. [itzuli]
  4. Cuauhtémoc Medina, “La oscilación entre el mito y la crítica. Octavio Paz entre Duchamp y Tamayo”, Mitos de permanencia y fugacidad, op. cit., 33. or. [itzuli]