katalogoa
Juan Pérez Agirregoikoa
- Izenburua:
- Juan Pérez Agirregoikoa
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2007
- Neurriak:
- 28 x 23 cm.
- Orrialdeak:
- 128
- ISBN:
- 978-84-95216-54-0
- Lege gordailua:
- BI-2897-07
- Erakusketa:
- Chacun à son goût
- Gaiak:
- Gizakia | Artea eta gizartea | Artea eta kirola | Artea eta politika | Artea eta emozioa | Artea eta umorea | Sorkuntza artistikoa | Tamaina | Indarkeria
- Artelan motak:
- Afixa | Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Pérez Agirregoikoa, Juan
Donostia-San Sebastián, 1963. Parisen bizi da eta bertan egiten du lan
Aspaldi honetan Juan Pérez Agirregoikoak egiten dituen pankartak futboleko publikoak, manifestazio politikoetan parte hartzen duen jendeak edo bere iritzia adierazi nahi duen edozein hiritarrek erabili ohi dituzten esloganetan, esaldietan edo testuetan inspiratuak daude. Artistak esaldi horiek aldatu eta bere kultur ondarearekin nahasten ditu, bere iritziak eta gaitzespenak aditzera emateko herriaren errepresentazio-guneak aprobetxatuz. Testuinguruz aldatu ondoren, eslogan horiek gizartearen pultsioen eta pasioen, kexa eta eskari indibidual edo kolektiboen adierazpide gisa interpretatzen dira, eta mezu lotsagabe eta anbiguo bihurtzen dira, galdera hau azpian dutenak: geratzen al da oraindik iraultzarako aukerarik?
Chacun à son goût erakusketa Museoaren hirugarren solairuan dago ikusgai, baina erakusketaren ibilbidea sarrera nagusiaren kanpoaldeko baranda batean jarritako pankarta batekin hasten da, “Komunitate honek propaganda onartzen du” dioen pankartarekin hain zuzen. Postontzietan publizitate komertzialik ez sartzeko etxebizitza jabeen elkarteek atarietan ipintzen dituzten errotuluetan inspiratua, jatorrizko testuaren “ez” hori kenduz eta Museoaren testuinguruarekin lotuz, Pérez Agirregoikoak zeharo aldatzen du bere zentzua. Guggenheim Bilbao Museoaren Atrioan zintzilikatutako Zuen nahiari men egin diozue? (¿Habéis cedido a vuestro deseo?, 2007) pankarta erraldoian agertzen den esaldia bukatu gabe dago, baina beste pankarta txikiago batean agertzen da osatua —“Zuen jabe nahiari men egin diozue?” “¿Habéis cedido a vuestro deseo de amo?”—; azken pankarta hau Instalazio bilakatutako proiektua (Proyecto convertido en instalación, 2007) eskulturan ikus daiteke: oihal gaineko eslogan-sorta bat da, kirol-ikuskizunetan publikoa jokoaren eremutik banatzen duten hesi horien antzekoetan ipinita. Galdera honek, Lacan-en gogoeta batzuk eguneratzen ditu, alegia: nori ari gara benetan obeditzen? Noren gogoa bete nahi dugu geure nahiari kasu egiten ari garela uste dugunean? Esaldiak adierazten duenez gu, inkontzienteki, gure boterearen aurrean etsi eta beste batzuen inposizioen mendean jartzen gara, direla gurasoak, irakaslea, politikaria, apaiza edo tribuko petrikiloa. Bestalde, lehenaldia ahazteko eta lehenaldiarekin ditugun loturak hausteko kultur iraultzaren tradizioa ere aditzera ematen du.
Juan Peréz Agirregoikoaren obran, umore kaustikoak, ironiatik igaro eta zenbaitetan sarkasmora iristen den umore horrek, inguratzen gaituen indarkeriaren halako errepresentazio sentikor bat eraikitzen du. Eta hori bere marrazki-sailetan nabari da batez ere, akuarelaren hauskortasunak eta fintasunak eraginda eszena krudelak irudi etereo eta itxuraz tolesgabeak balira bezala agertzen baitira marrazki horietan. Nahiz eta artistaren beraren hitzetan logika hutsez “errepresentazioaren errepresentazioak indargabetu egiten du errepresentatzen dena”, 1997 eta 2004 urte bitartean Orfeoi Donostiarrari buruz egindako akuarela-sail garratza bezalako obrek aditzera ematen digutenez, zenbaitetan, errepresentatzen den horretatik harantz joan daiteke errepresentazioa.
[Itzultzailea: Bitez® Logos®
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]