Edukira zuzenean joan

Chacun à son goût

katalogoa

Itziar Okariz

Izenburua:
Itziar Okariz
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2007
Neurriak:
28 x 23 cm.
Orrialdeak:
128
ISBN:
978-84-95216-54-0
Lege gordailua:
BI-2897-07
Erakusketa:
Chacun à son goût
Gaiak:
Gizakia | Generoa eta sexualitatea | Artea eta espazioa | Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Sorkuntza artistikoa | Dualtasuna | Tradizioa | Komunikazioa
Artelan motak:
Bideoa | Ikus-entzunezkoa | Performance
Aipatutako artistak:
Okariz, Itziar

Donostia-San Sebastián, 1965. New Yorken bizi da eta bertan egiten du lan

Itziar Okarizek gizarteak nortasunak eraikitzen dituen modua aztertzen du ekintzen bitartez. Ekintza horiek gertaera bereziak sorraraztean, eguneroko keinuen karga semantikoa agerian utzi eta esanahi berriez hornitzen dituzte. Okariz sexuaren eta generoaren inguruko gaietan oinarritu da batik bat, baina beste alderdi kultural eta politiko batzuk ere jorratzen ditu. Variations sur le même t’aime (1991) ekintzatik hasita, ilea motz-motz utzi zuenekoa buru gainean mundu maparen forma marraztuz, 2000n hasitako Leku publiko eta pribatuetan pixa egitea (Mear en espacios públicos o privados) edo 2003an hasitako Eraikinak igotzea (Trepar edificios) sailetara arte, espazio intimoetan edo hiriko testuinguruetan egin dituen ekintzez baliatu da Okariz funtsezko estrategia modura, estereotipo sozialak eremu pribatuan nahiz publikoan eraikitzen diren modua eta bi testuinguruen arteko tirabiran haien esanahia aldatu daitekeen modua erakusteko.

Irrintzi (2007) da Chacun à son goût erakusketarako propio sortu duen obra. Bideoan jasota dagoen ekintza da, Museoan barrena ibili, irrintziak bota eta areto desberdinetan erresonantzia desberdinak sortzean datzana. Irrintzia garrasi mota tradizionala da, Euskal Herriko haranen artean dagoen distantzia handiak kontuan hartuta komunikatzeko premiatik sortua. Gaur egun alaitasunaren adierazpide gisa mantendu da taldeko ospakizunetan. Irrintzia “bota” egiten da eta, hitz zehatzik esan gabe, nortasuna adierazi eta eskatzeko zeinu bilakatu da, nahiz eta “gerrako garrasi” gisa ere erabili izan dela dirudien. “Garrasia oinarrizko sistema sintaktiko bihurtzen da hizkuntzaren mugetan”, dio artistak. Munduko beste leku batzuetan ere antzera erabiltzen dira halako garrasiak, baina esanahiak desberdinak dira testuinguru kulturalaren arabera.

Itziar Okarizentzat, Museoko espazioetatik soinu eginez egindako ibilbidea espazio arkitektonikoa fisikoki atzemateko modu bat ere bada, baita elkarrengandik urrun dauden adierazleen arteko kontraste semantikoaren ariketa ere; irrintziaren konnotazio tradizionalen eta Guggenheim Bilbao Museoaren modernotasun ikusgarriaren artean sortzen den kontrastea bezalaxe. Bere ahotsa, soinu-substantzia gisa erabilia, Museoaren espazioak puntuatzen doa, eta erresonantziek giza garrasiaren eta paretek soinua xurgatzeko edo islatzeko duten ahalmenaren arteko hurbiltasuna edo urruntasuna arakatzen dute. Soinuzko zeinuaren esanahia aldatu egiten da eta berriro egituratzen da harrera egiten dion testuinguruaren arabera, interferentzia soziala eta kulturala sortzeko duen eraginkortasuna erakutsiz.

Dokumentazio bideografikoan, Itziar Okarizek denboran gehitutako dislokazio ia oharkabeak, soinuaren eta irudiaren arteko tartea ahalik eta gutxien atzeratzean, mezuaren igorpenaren eta ikusleak mezu hori jasotzeko duen gaitasunaren arteko sinkronia falta aditzera ematen digu, hau da, komunikazioaren tarte horretan sortzen den espazio hutsa. Artistak berak dioen bezala, proiektuak agerian uzten ditu “zarataren eta hizkuntzaren, tradizioaren eta garaikidetasunaren, espazioaren eta igarotzearen, edo ekintzaren eta zeinuaren arteko” kontraesanak eta kontrasteak.

[Itzultzailea: Bitez® Logos®
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]