Edukira zuzenean joan

Chacun à son goût

katalogoa

Elssie Ansareo

Izenburua:
Elssie Ansareo
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2007
Neurriak:
28 x 23 cm.
Orrialdeak:
128
ISBN:
978-84-95216-54-0
Lege gordailua:
BI-2897-07
Erakusketa:
Chacun à son goût
Gaiak:
Gizakia | Emakumea artean | Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Perspektiba | Erretratua eta autorretratua | Dualtasuna
Artelan motak:
Argazkia
Aipatutako artistak:
Ansareo, Elssie | Arregui, Manu

Mexiko Hiria, 1979. Bilbon bizi da eta bertan egiten du lan

Bere argazki-lanetan, Elssie Ansareo-k dualtasunetik begiratuta sakontzen du nortasunaren ideian, hau da, “niari” buruz gogoeta egiten du “bestearengan” duen isla oinarri hartuta. Ansareok serie-lana egiten du beti, eta eszenifikatutako argazkiaz baliatzen da, triptikoak edo panoramika zinematografikoak erabiliz istorio intimoak kontatzeko, linealak izan ez arren kutsu narratibo nabarmena dutenak.

Bere hasierako obretan [Maiatza (Mayo), 2003; Serie zuria (Serie Blanca), 2003; Alokatzeko etxebizitzak (Pisos de alquiler), 2003], bestearen ausentziaren bidez dualtasunaren edo norbere nortasunaren nozioak irudikatzeko, Ansareo pertsona bikiez baliatzen zen arren, eta ispilu bat balitz bezala kamera bera edo giza irudirik gabeko leku anonimoak erabiltzen bazituen ere, azkenaldi honetan, bere obraren ezaugarri formalak garatu ditu eta irudiari kanpoko edozein eszenifikazio kendu dio. Era horretara, kosmogonia pertsonala sortzea lortu du, silueta jokoaren bidez [Senitartekoak (Relatives, 2006)] edo familia-erretratu klasikoaren bidez [Flâneuses-en dantza (La danse des flâneuses, 2007)], nortasunaren eta alteritatearen nozioak gurutzatuz.

Chacun à son goût erakusketarako propio sortu duen obra, Flâneuses-en dantza, Baudelaireren flâneur/voyeur gizonezko irudiaren apropiazioa da, baina modernotasunaren soziologia feministatik begiratuta. Flâneuse bihurtuta, familia-irudietatik sortutako pertsonaia fantasmagorikoen galeria bat sortu du artistak, haien fisionomia indibidualak nahasten direneko espazio neutro batean batera existitzen direnak, baina elkarrekin bizi ez direnak.

Formalki, horma-irudi panoramiko handi batek, bi vanitas-ek eta diptiko batek osatzen dute obra, zuri-beltzeko argazkietan jasota. Horma-irudian —triangelu formako konposizioa duen friso simetriko bat— erdiko pertsonaia estatikoen taldea txikituz doa perspektiba markatzen duten figurante batzuen bidez. Memoria historikoaz eta fantasiaz baliatuz, artistak perspektiba errenazentista, argi-iluna, eta antzinako jantzien osagaiak ere erabiltzen ditu janzkera modernoaren gainean jarriak. Bere asmoa hauxe da, familia- eta gizarte-hierarkia irauliko duen genealogia atenporal bat flâneuse honen begiradaren bitartez sortzea; begirada horrek ezustekoez eta distrakzioez betetako bere behaketa sozialak eta estetikoak jasota uzten ditu, baina obraren interpretazioa mugatuko duten ondorioetan sakondu gabe.

Kontraste modura, muralaren mugak zehazten dituzten bi vanitas horiek obra honen osagai formal batzuk errepikatzen dituzte; diptikoak, berriz, scherzo antzeko baten itxura hartzen du, eta bertan artista bera eta bere alter egoa (kasu honetan Manu Arregui artista, Chacun à son goût erakusketan espazio berean ikusi ahal izango duguna) biki gisa agertzen dira bikoizketa-joko batean, musikako scherzo-ek bezalaxe, obra osoari sorpresa ukitua emanez.

[Itzultzailea: Bitez® Logos®
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]