Edukira zuzenean joan

Chacun à son goût

katalogoa

Maider López

Izenburua:
Maider López
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2007
Neurriak:
28 x 23 cm.
ISBN:
978-84-95216-54-0
Lege gordailua:
BI-2897-07
Erakusketa:
Chacun à son goût
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta umorea | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bolumena | Forma | Geometria | Tamaina
Mugimendu artistikoak:
Post-Minimalismoa | Surrealismoa
Artelan motak:
Afixa | Argazkia | Arkitektura | Bideoa | Instalazioa
Aipatutako artistak:
López, Maider

Donostia-San Sebastián, 1975. Donostian bizi eta bertan egiten du lan

Tradizio postminimalistaren oinordeko, Maider López-en lana artearen, diseinuaren eta arkitekturaren arteko elkarrizketatik sortzen da. Ildo hori jarraitzen dute bere instalazioek, paretatan, zoruetan edo leihoetan interbentzioak eginez, barruetarako edo hirietarako altzariak sortuz, edo zutabe-sailak aurkeztuz, artistak obra bihurtzen baitititu galeria baten edo eraikin baten espazio arkitektonikoak.

Umorea izan da Lópezen ibilbidearen beste tresna bereizgarrietako bat. Deialdi publiko bidez egindako zenbait ekintzatan, egoera zentzugabeenek Surrealismoaren logika subjektiboa hartzen dute, testuinguru sozial jakin batera zabalduz. Ataskoa (2005) obran, ehunka auto-gidariri deialdia egin zien Nafarroako mendi batean auto-ilara izugarri bat sortzeko; Hondartza (Playa, 2005) obran, berriz, bainulariez betetako hondartza bateko itxurazko normaltasun giroa eten egin zuen guztiek toaila gorriak zituztelako. Kolorearekin eta paisaiaren geometriarekin jolas eginez, artistak argazki-sailetan, bideoetan eta instalazioetan dokumentatzen ditu ondoren ekintza horiek, baita kamisetak edo posterrak bezalako kontsumo-objektuetan ere.

Chacun à son goût erakusketarako propio egin duen 306 aretoa (Sala 306) proiektuan, López berriro baliatu da aurretik egin izan dituen instalazioetako geometria espazialaren kontzeptuaz —oraingo honetan eskala handian, barruan hartzen duen eraikinari dagokion bezala—, ironia dosi handiarekin Guggenheim Bilbao Museoaren areto klasikoetako bat “Frank Gehry aretoa” bihurtzeko. Horretarako, arkitekto enblematikoaren estiloaren jabe egin da artista, erakusketarako leku konbentzional bat Museoaren gainerako espazioak imitatzen dituen espazio bihurtzean.

Teknikoki, proiektua lehendik zeuden paretak estaliz aretoaren bi elementu eraldatzean datza: oinplano angeluzuzen bat, pareten kurbaduraren bitartez lore-hostoen formako oinplano organiko bihurtu duena; eta erdiko kubo bat, sabai-leihoan sartzen den zutabe makur bihurtu duena.

Azalera angeluzuzenak kurbatzean, Lópezek berriro erakusten digu maltzurkeria ukitua duen ironia, ikuslearen adimenean zirkuluaren koadraturaren kontrakoa aditzera ematen duena. Antzinate klasikotik, matematikari ugarik espekulatu izan dute azalera lerromakurrak koadratzeko aukeraren inguruan. Geometria askaezineko problema matematikoetan sartu gabe, dilema honetan Lópezek 306 aretoa obran planteatzen duen proposamenaren oihartzunak aurki daitezke. Bolumen-jokoa den aldetik, Gehryren eraikinak duen edertasun orekatuaren isla da obra hau. Gehryren ustez, eskultura bat balira bezala hartu behar dira eraikinak. Era berean, Lópezek hauxe eskaintzen digu hemen: “erakusketarako leku bat, bertan nire lana zintzilikatu beharrean, bere burua erakusten duena. Leku aldakorra alegia, museoaren gainerako aretoekin nahastu nahi duena, eta aldi berean autoretzari eta arkitekturari buruz galde egiten diguna”.

[Itzultzailea: Bitez® Logos®
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]