katalogoa
Ixone Sádaba
- Izenburua:
- Ixone Sádaba
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2007
- Neurriak:
- 28 x 23 cm.
- Orrialdeak:
- 128
- ISBN:
- 978-84-95216-54-0
- Lege gordailua:
- BI-2897-07
- Erakusketa:
- Chacun à son goût
- Gaiak:
- Gizakia | Giza gorputza | Artea eta identitatea | Artea eta paisaia | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Antzerkia | Dualtasuna
- Artelan motak:
- Argazkia
Bilbo, 1977. New Yorken bizi da eta bertan egiten du lan
Bere belaunaldiko artista askok bezala, Ixone Sádaba-k bere gorputza erabiltzen du bere irudia bikoiztuz nortasunaren inguruko gaiak aztertzeko. Antzerki-koreografiak antolatzen ditu eta horien bidez fikziozko istorioak kontatzen ditu, mitologia klasikoa (Citerón, 2002–03) edo beldurrezko zinea (Phlegmone, 2004) inspirazio-iturritzat hartuz. 2006an Sádabak Eta hori zergatik? Tristeagoak direlako (¿Y eso por qué? Porque son más tristes) egin zuen: bost argazki modularren saila da, eta argazki horietan artista antzerkiko eszenaratzetik aldentzen da road movie-aren estetika formalean eta kontzeptualean barneratzeko.
Chacun à son goût erakusketan aurkeztutako obra sortan Desagertzearen poetika (Poétique de la disparition, 2006) saileko argazkiak eta Leviatan (Leviathan, 2007) izeneko sail berria barne hartu ditu. Desagertzearen poetikan Sádabak nortasun- eta dualtasun-kontzeptuak arakatzen ditu ohe baten gainean agertzen den gorputz zatikatu baten irudien bitartez. La Poétique de l’espace liburuan, Gaston Bachelard-ek etxe bati edo ohe bati buruz hitz egiten du, “intimitatea erakusten duten egoera psikikoa” balira bezala. Obra garrantzitsu honen berri emanez, Sádabak gogo-aldarte psikologikoen alegoria eraiki du hemen, non beldurrak eta segurtasun faltak, keinu soil bihurtuta, “ohea irakurtzera”, Bachelardek esango lukeen bezala, eramaten duten ikuslea bere esperientziaren isla modura.
Leviatan tornadoen garaian Estatu Batuetako erdialdean barrena egindako bidaia baten emaitza da. Artistak berak honela dio: “Bost astez motelak eta gasolindegiak, amaitzen ez diren errepideak eta zabor-janaria, tornado handi hori aurkitu eta argazkietan jasotzeko”. Tornadoen ehunka ehiztarik, amateurrek edo profesionalek, urtero egiten dute bidaia hori irudi ikusgarri eta exotikoen bila. Irudi horiek kontsumo azkarrerako eta mediatikorako dira, eta oso gutxitan jartzen dituzte zalantzan botere egiturak edo mass-mediaren interes korporatibistak. Hala eta guztiz ere, Sádabarentzat proiektu honek “beldurraren politika” irudikatzeko premiari erantzuten dio, urtero milaka gizon eta emakume berdin uzten dituena ikararen eta hiltzeko arriskuaren aurrean.
Hobbes-en Leviathanen gizaki guztiak berdinak dira euren egoera naturalean, baina inor ez da bortizki hiltzeari diogun beldurrari aurre egiteko adina indartsu edo adimentsu. Leviatani, Bibliako itsas munstroari, zaion ikarak beldurrik gabe bizitzeko premiari erantzungo lioketen legeak sortzera eramango luke gizakia. Eta baliteke exorzismoaren behar horrek berak bermatzea postmodernotasun amerikarra osatzen duten suntsipenezko eta etsipenezko irudien gerra bizkor hori, eta Sádaba paisaia eder eta apokaliptiko horiek sortzera eraman duena: zatien eta aurrien paisaiak, non isiltasuna, beldurraren konplize, errealitatea —eta ez bere simulakroa— bizi dutenen biziraupen premien oso bestelakoa den.
[Itzultzailea: Bitez® Logos®
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]