Edukira zuzenean joan

Chacun à son goût

katalogoa

Aitor Ortiz

Izenburua:
Aitor Ortiz
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2007
Neurriak:
28 x 23 cm.
Orrialdeak:
128
ISBN:
978-84-95216-54-0
Lege gordailua:
BI-2897-07
Erakusketa:
Chacun à son goût
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Mugimendua
Artelan motak:
Argazkia
Aipatutako artistak:
Ortiz, Aitor

Bilbo, 1971. Bilbon bizi da eta bertan egiten du lan

Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Aitor Ortiz-entzat argazkilaritza espazio arkitektonikoa aztertu eta arakatzeko baliabidea izan da. Funtsean duen balio deskriptibotik eta dokumentaletik harago, argazkilaritza tresna hobe ezina da eraikinen egiturak deseraikitzeko, duten izaera modularra, testuren ezaugarriak edo argi erregistroak agerian uzteko. Gainera, isiltasunaren eta hutsaren dentsitatea komunikatzeko balio du.

Hasiera batean, Ortizen lana, Desegiturak (Destructuras), 1995–2002, sailean murgildua, lehendik existitzen diren espazioen errepresentazioan oinarritua egon zen. 2002 eta 2003 urte bitartean, Modular.mod sailak aldaketa nabarmena adierazi zuen, argazkiak, perspektiba aldarazten zuten bastidore higikorren gainean muntatuta eskultura-multzoak balira bezala erabiltzean, argazkiaren funtzio dokumentala bera eta errepresentatutako espazioa interpretatzeko ikusleak duen gaitasuna zalantzan jartzen zituztelako. Argi-hormak (Muros de luz), 2004–2006, saila espazioak asmatu eta eraikitzera emandako urratsa izan da, baita argazkilaritzak adimenean bertan espazioak sortzeko duen fikziozko ahalmenaren baieztapena ere.

Chacun à son goût erakusketan aurkeztu duen proiektuak aurretik egin izan dituen ikerlanak garatu eta burutzen ditu, Guggenheim Bilbao Museoaren 304 aretorako propio pentsatu eta egin duen interbentzioaren bitartez. Bertan, Aitor Ortizek argazki-panel batzuk eta Museoaren horman egindako zuloa bateratu ditu, arkitekturaren pertzepzio fenomenologikoan sakontzeko eta errealitatearen eta argazki bidezko errepresentazioaren arteko mugak arakatzeko hain zuzen ere. Panelak higikorrak dira eta hormaren norabide aldaketetara egokitzen dira; aldi berean, mimetizatu egiten dute horma igartzen ez diren irregulartasunekin eta argi-aldaketekin. Paretan egindako zulo garbiak Museoaren beheko solairuan dagoen 104 ArcelorMittal aretoaren eraikuntzako xehetasun batzuetarantz zabaltzen du ikuspena, eta argazki-panoramikaren ikuspegi literala proposatzen du marko baten bitartez. “Argazki panelek errepresentazioaren prozeduren bitartez erakusten dute horma; zuloek, berriz, pareta hustuz eta leiho fisiko bat sortuz, eraikitako espazioaren esperientzia erreala proposatzen dute”, dio artistak.

Interbentzio honen handitasunak eta Aitor Ortizek diseinatu dituen argi/itzal joko sotilek arkitekturaren eta argazkilaritzaren arteko nortasun eta desberdintasun erlazioei buruz gogoeta egitera gonbidatzen dute ikuslea, baita errepresentazioaren eta errealitatearen artean dauden jarraitasun eta etenetatik mugitzera ere. Kontrakoen joko horiek sotilki barneratuz, interbentzioak ibilbide bisual, fisiko eta kontzeptual bat proposatzen digu, eskulturaren, argazkilaritzaren eta arkitekturaren arteko mugak lausotzen dituena —tradizioz bereizitako arloak—, eta zalantzan jartzen du errealitatea objektiboki hautemateko ikusleak duen gaitasuna.

[Itzultzailea: Bitez® Logos®
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]