Edukira zuzenean joan

Chacun à son goût

katalogoa

Asier Mendizabal

Izenburua:
Asier Mendizabal
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2007
Neurriak:
28 x 23 cm.
Orrialdeak:
128
ISBN:
978-84-95216-54-0
Lege gordailua:
BI-2897-07
Erakusketa:
Chacun à son goût
Gaiak:
Gizakia | Artea eta gizartea | Artea eta politika | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Indarkeria
Artelan motak:
Bideoa | Eskultura | Ready-made
Aipatutako artistak:
Mendizabal, Asier

Ordizia, Gipuzkoa, 1973. Bilbon bizi da eta bertan egiten du lan

Asier Mendizabalentzat errealitatearen errepresentazioa ezinezkoa da politikoki fikzioaren egituratik irten gabe eta ikuspegi kritikoa hartuz errealitate horretatik urrundu gabe. Aurretik egin izan duen bezala, Zer da herriak eskatzen duena? (2004) obran adibidez —bideo bat da eta bertan musikari-talde bat auzune bateko kaleetatik dabil errebindikazio politikoekin lotu ohi den abesti herrikoi bat joz—, ideologia jakin baten izenean edo besterik gabe batera egoteko premiak eraginda taldeak eta gizabanakoak elkartzen diren moduak ikertzen ditu Mendizabalek.

Nom de guerre, 2007, erakusketarako propio sortutako proiektua, interbentzio bat da eta bi osagai ditu: erregaiez betetako metalezko edukiontzi bat, su-ontzi inprobisatu baten antzekoa, hormigoizko bloke baten gainean sugarra uneoro kanporatzen duena; eta kearen ihesbide bertikal bat, museologiaren ikuspegitik beharrezkoa. Obra hau, eginda dagoen moduan sinplea, baina zentzuak laburtzen dituen moduan konplexua, funtsezko hiru esanahi eremurekin lotua dago: suarekin, osagai sinboliko gisa; eskulturarekin, errepresentazio kritikoaren ariketa gisa; eta gaur egun gizarteak dituen hersturekin.

Su-ontzia ospakizun erritualekin lotua dago, eta erritual horietan suak ez du zentzu orokorrean bizitza ospatzen, “heroiaren bizitza itzalia baizik, ekintzaren ondorioz bat-batean, goizegi beti, gertatutako heriotza”, dio artistak. Suak, berez, eraso eta arrisku potentzialaren konnotazioak ditu, ekintzari lotuta baita ere: 1967an Los Angelesko Watts auzoko altxamendu arrazialetan dendei su emateko funtsezko elementu izan zen; halaxe izan da duela gutxi Parisko aldirietan izandako protestetan eta halaxe da Euskal Herriko kale borrokan ere. Kaleko biolentziaren itxurazko ready-made bat museoaren testuinguru aratz eta sakratutzat hartutakora eramatean, erakundeak berak obran parte hartzea erabaki du Mendizabalek, muntaketa eta sistemetako teknikariek diseinatu behar baitute kearen ihesbidea segurtasun arauen arabera. Mendizabalek museoaren mugak aztertzen ditu museoa babestu eta arautzen duen testuinguru gisa hartuta, baina baita artelanen kontserbaziorako konbentzioei aurka egiten dien elementuak bere baitan hartzen dituen erakin gisa ere. Era berean, elementu horien inpaktutik babesteko ahalegin handiak egin behar dituen erakundea ere bada, nahiz eta inpaktu hori txikiena izan. “Su-ontziaren egitura formalak halako trantzeetan eskatzen den giro zeremoniatsutik urruntzen du eta, prozesu den aldetik, kaleko arte antzeko batekin, baliabideen ekonomiarekin, hiriko brikolajearekin lotua dago, aipatutako ekintza nozio horrekin parekatuz”. Sua sintoma gisa, “soziala denaren sukar” gisa erabiltzen duen bitartean, obra honek zalantzan jartzen du eskulturaren funtzio monumentala eta oroitzapenezkoa, eta zeharka aipatzen du Museoa bera inauguratu zeneko Hamargarren Urteurrenaren ospakizuna.

[Itzultzailea: Bitez® Logos®
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]