Edukira zuzenean joan

Chacun à son goût

katalogoa

Clemente Bernad

Izenburua:
Clemente Bernad
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2007
Neurriak:
28 x 23 cm.
Orrialdeak:
128
ISBN:
978-84-95216-54-0
Lege gordailua:
BI-2897-07
Erakusketa:
Chacun à son goût
Gaiak:
Gizakia | Artea eta gizartea | Artea eta komunikabideak | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa
Artelan motak:
Argazkia
Aipatutako artistak:
Bernad, Clemente

Iruña, 1963. Iruñan bizi da eta bertan egiten du lan

Clemente Bernad gizarte-gaietan interes berezia erakusten duen kazetaritzako argazkilari independentea da. Argazkilaritzak hasieratik egiarekin eta memoriarekin duen harreman estu bezain nahasiaz jabetuta, eta, aro digitalean, argazki-kazetaritzaren jatorrizko asmoa —errealitatearen froga gisa irudi jakin bat erakustea— zalantzan jartzen ari dela aintzat hartuta, Bernadek lanbidearen erantzukizuna defendatzen du oraindik, baita lan egiteko modu berezi bat ere, hedabideen manipulazioa eta artearen eta kulturaren merkatuarena saihestuko duena, non argazki artistikoak deitutakoen eta kazetaritzako argazkigintzaren arteko desberdintasunak lausotu egiten diren “irudi-artifizioen” ugaritasunean.

Kazetaritzako argazkigintza artea den ala ez dilemaren aurrean, hainbestetan planteatu ohi dena baina inoiz konponbiderik ematen ez zaionaren aurrean, bi arlo horien arteko mugak hausteko asmotan parte hartu du Bernadek Chacun à son goût erakusketan, hark dioen bezala momentu honetan “litekeena baita argazkilaritza hainbeste urtetan egotzi izan zaion betebehar handi horretatik askatu behar izatea, baita gure nahien zerbitzura bidegabe jarri zuen zama horretatik ere.”

Cartier-Bresson eta Robert Capa bezalako erreferente historikoen oinordeko izanik, bere obrak espiritu humanista, kritikoa eta sortzailea erakusten du, deontologia profesionaletik eta oker ulertutako humanitarismotik aldentzen duena. Erakusketa honetarako aukeratutako obrek lan egiteko modu berezia ez ezik, ikusten duena zalantzan jartzen duen ikuskera aditzera ematen digute batez ere.

Bere lanbidea kontuan hartuta, Bernadek eskariz lan egiten du zenbaitetan, eta horixe da ondorengo sail hauen kasua: Caracas (2003–04), Hugo Chávez-en gobernuaren aurkako petrolio-industriako grebari buruzkoa, eta Meka (La Meca, 2005–06), Iruñeko zaharren egoitza bati buruzko erreportaje gizatiarra eta hunkigarria. Dena den, gehienetan bere ekimenez egindako lanak dira egiten dituenak, urte asko ematen dituelarik lan horiek egiteko. Jornalariak (Jornaleros, 1987–92) obra —jornalari andaluziarren nomadismoa, kolokatasuna eta borroka sindikala aztertzen dituena—, ahaztutako historiak ezagutzera emateko nahiaren erantzuna da.

Euskal kronikak (Basque Chronicles, 1987–2001) bere ingurura begiratzeko premiatik sortutako obra da, “begiak garbi eta bihotza zabalik” dituela. Irudi sorta ausart eta adierazgarri batean, bere asmoa ez da justifikatzea ezta kondenatzea ere, hedabideek eta Estatuak terrorismoaren etiketaren pean sinplifikatu izan duten kolektibo tabu baten bizitzetan barneratzea baizik, oso momentu historiko zail baten arrazoiak edo zentzugabekeriak ulertzen saiatu gabe.

Hilobi irekiak (A tumba abierta, 2001) Turkiako kartzeletako baldintzen kontra protesta egiteko ezker muturreko preso turkoen senideek egin zuten gose grebari buruzko erreportaje hunkigarria eta mingarria da. Lau argazki gehiago, Titulurik gabea (Meka sailekoa, 2006), Carabanchel (1998), M–11 (11–M, 2004) eta Hobi komuna (Fosa común, 2004) gehitu dira, puntuazio modura, argazkilaritzak duen balio sinbolikoa azaldu eta memoria berreskuratzeko bide hobe ezina dela aditzera emateko.

[Itzultzailea: Bitez® Logos®
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]