Ernesto Neto. Naraman gorputza
Bizitza gorputz bat da: haren zati gara (A vida é um corpo do qual fazemos parte)
Ertz gozoa (Borda doce)
Iruzkinak
Ametsen etxea (Oca de Sonhos)
- Izenburua:
- Ametsen etxea (Oca de Sonhos)
- Erakusketa:
- Ernesto Neto. Naraman gorputza
- Gaiak:
- Gizakia | Generoa eta sexualitatea | Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Materiala | Natura | Herri-kultura
- Artelan motak:
- Eskultura | Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Neto, Ernesto
"Ametsen etxea" (Oca de sonhos) du izena ezinegona sortzen duen atal honek. “Oca” hitzak “etxea” esan nahi du tupi-guarani hizkuntzetan. Rio de Janeiro eta inguruetan hitz egiten diren hizkuntza amerindiar ugarietako familia bat da. Areto honetan, artistaren helburua arkitektura kosmikoko pieza bat sortzea izan zen. "Ametsen etxea" (Oca de sonhos) atalak Neto-ri aukera ematen dio artista den aldetik egiten dituen proiektuen dimentsio biokosmikoak eta eraikuntza-prozesua bera lotzeko.
Harrizko ezpainak, piperbeltzezko titiak, iltzezko amodioa, lainozko igela (Stone Lips, PepperTits, Clove Love, Fog Frog) itxura mehatxagarriko eraikuntza bat da eta historiaurreko narrasti baten gorputz erraldoia gogorarazten du. Ehunka metro poliamidak azal moduko bat sortzen dute eta urki-egur kontratxapatuzko euskarriek eusten diote, narrastiaren saihetsak eta bizkarrezurra balira bezala.
Aurreko lan batzuetan, maskor gisa erabili zuen Netok arkitektura. Artelanak ziren “gorputzaren” zati biguna, eta arkitektura haiek estaltzen zituen maskorra edo mintza. Pieza haietan, artistak hezurrezko egitura batzuk ere erabili zituen eta gela bat sortu zuen beste gela baten barruan. Obra honetan ere ikus daiteke elementu hori. Harrizko ezpainak, piperbeltzezko titiak, iltzezko amodioa, lainozko igela lana kolore ilunetan egina dago eta lurra gogorarazten du gauez, zeru izarratua, gaueko animalia.
Netok “animalia-arkitektura” esaten die obra hauei. Lan hauetan Lurrean nagusi izandako bi espezieekiko duen liluran sakontzen du: dinosauroak eta gizakiak. Gizakiak bezala, dinosauroek ere botere handia izan zuten, baina azkenean, ezin izan ziren inguruan gertatu zitzaizkien aldaketa bizkorretara egokitu eta antzeko erronka du gizakiak ere une honetan.
Obraren hasieran oihalari beherantz tira egiten dioten harri batzuk ikusiko ditugu. Pieza erabat tenkatzen dute. Piperbeltzez betetako “tanta ar” bik eta iltzez betetako “tanta eme” batek gure usaimena piztuko dute eta amets-irudietara eramango gaituzte.
Pieza honen instalazioa konplexua eta desafiatzailea da. Pentsa, Ernesto Neto bera ere harritu egiten du batzuetan amaierako emaitzak. Bai oihal elastikoak, bai barne aldeko pisu eta kontrapisuek borondate propioa dutela erakuts dezakete eta ia izaki bizidun baten gisa jokatzen dute.