Georges Braque
Sarrera
Kubismo Analitikoa (1909-1912)
Atalak
Kubismoa (1908-1917)
- Izenburua:
- Kubismoa (1908-1917)
- Erakusketa:
- Georges Braque
- Gaiak:
- Artea eta paisaia | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Perspektiba | Paisaia | Ingurunea eta natura | Natura
- Mugimendu artistikoak:
- Fauvismoa | Kubismoa
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Braque, Georges
1907an, hiru pertsonaia izan ziren Georges Braque-ren inguruan Parisen: Guillaume Apollinaire poeta, Daniel-Henry Kahnweiler arte-merkataria eta Pablo Picasso artista gaztea. Braquek 1907an ezagutu zuen Picasso Bateau Lavoir-eko estudioan, baita haren Avignongo andereñoak (Les Demoiselles d’Avignon) artelan ospetsua ere. Topaketa hartatik sortu zen bien arteko adiskidetasuna, baina, batez ere, Kubismoaren hastapenak finkatu ziren. Pinturaren munduan lengoaia erabat desberdina erabiltzen zuen Kubismoak, eta Paul Cézanne-k egindako berrikuntza formalak aitzindari zituen. Braqueren lanetan, Kubismoaren lehen aztarnek objektuen eta eremu piktorikoen zatikatze geometrikoa eta trinkoa adierazten dute, baita ikuspegi bakarrarekiko apurketa ere, ordura arte artean nagusi izandakoa. Horrela, objektuak ikuspegi anitzetatik eskaintzen zituen, berezko formak gordez. 1908ko azaroan, Guillaume Apollinairek Kahnweiler galerian aurkeztutako Georges Braque erakusketarekin, ofizialki estreinatu zen Kubismoa. Erakusketa hartan Braqueren L’Estaqueko paisaiak jarri ziren ikusgai. Horietan nagusi ziren ikuspegirik gabeko espazioa eta bolumen geometriko eta trinkoak; bolumen horiek planoetan egituratuak daude eta ez dago inolako erreferentziako elementurik. Henri Matisse-k “kubo txikiak” bezala deskribatu zituen. Kubismoa jaio zen.
— Zuk zeuk, Georges Braquek, Kubismoaren oinarrizko ezaugarriak hitz gutxitan definitu beharko bazenitu, zer esango zenuke?
— Marraztu, eraiki eta margotutako azalera baten gainean, munduaren ikuspegia biderkatu duela Kubismoak, aldi berean, gauzen aurpegi desberdinak eskainiz eta begirada aurrealdeko planora erakarriz, horizontetik aldenduz, han galduta baitzegoen eremu konbentzional batean.
André Verdet, Entretiens, notes et écrits sur la peinture: Braque, Léger, Matisse, Picasso, Éditions Galilée, 1978