Georges Braque
Kubismoa (1908-1917)
Atalak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Georges Braque
- Gaiak:
- Giza gorputza | Pertsonaia mitologikoak | Artea eta paisaia | Ibilbide artistikoa | Natura hila | Paisaia | Bigarren Mundu Gerra | Lehen Mundu Gerra | Ingurunea eta natura | Natura | Frantzia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Garaikidea | Fauvismoa | Kubismoa
- Teknikak:
- Collage | Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura | Pintura (olio-pintura)
- Aipatutako artistak:
- Braque, Georges
Georges Braque (1882–1963) margolari, grabatzaile eta eskultore ospetsuaren heriotzaren 50. urteurrenaren harira, XX. mende hasierako abangoardiako artista nabarmenetakoa oroitzea du xede erakusketa honek. Kubismoaren aitzindari eta tradizio frantsesaren oinordeko, margolari frantziar nagusitzat jotzen dute; aldi berean, gerraosteko abstrakzioaren sustatzailetzat jotzen da.
Artistaren heriotzaz geroztik 50 urte igaro direla, bere sorkuntzaren garai guztien birpasa egiten du atzera begirako bikain honek, Fauvismotik hasi eta amaiera arte. Artistaren lanari egindako bisita kronologiko honek bere produkzioaren garai nabarmenenak azpimarratzen ditu, hala nola, Kubismoa, 1920ko hamarkadako kaneforak edo Nicolas de Staël-ek hain gustuko zituen azken paisaiak. Batetik artistaren lan gailenak bildu dira, bestetik, hainbat gaiei buruzko sailak —paisaiak, mahaitxoak, kaneforak eta lantegiak, haren ikerketa artistikoak zabaldu eta laburbiltzen dituztenak—. Azkenik, obra, dokumentu eta argazkiak erakusgai dituzten modulu dokumentalak ere ikus daitezke, artista era hurbilagoan erakuste aldera. Dokumentu horiek, halaber, erakusketaren bestelako ikuspegiak azaleratzen dituzte: Kubismoaren garaian Pablo Picasso-rekin izandako lankidetza; bere artearen eta musikaren arteko lotura estua eta Erik Satie-rekin zuen laguntasuna; baita Pierre Reverdy, Francis Ponge eta René Char poetekin eta garaiko beste intelektual garrantzitsuekin, Carl Einstein edo Jean Paulhan kasu, izandako konplizitatea ere.
Erakusketa honek, azken batean, Georges Braque Kubismoaren maisu handiaren ibilbidea artearen historian merezi duen lekuan kokatzen du, eta artistaren lan zorrotza, geldiezina eta sakona berrezagutzeko aukera eskaintzen dio ikusleari.
Erakusketa hau Guggenheim Bilbao Museoak eta Réunion des Musées Nationaux – Grand Palais-ek antolatu dute, Parisko Centre national d’art et de culture Georges Pompidou-rekin lankidetzan.