Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura
Sarrera
Jan Victors, Booz-ek Elimelek-en oinordekoa jasotzen du, ca. 1651–53
Iruzkinak
Rembrandt Harmensz van Rijn, David harpa jotzen Saulen aurrean, ca. 1630/31
- Izenburua:
- Rembrandt Harmensz van Rijn, David harpa jotzen Saulen aurrean, ca. 1630/31
- Erakusketa:
- Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura
- Gaiak:
- Artea eta erlijioa | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Konposizioa | Erlijio-margoa | Herbeheretako Urrezko Aroa | Itun Zaharra | Morala | Holanda
- Mugimendu artistikoak:
- Barrokoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- van Rijn, Rembrandt
Rembrandt-en margolan honetan, Israelgo errege Saul-ek David artzain gazteari harpa jotzeko eskatu dio haren gogoaren oinazea eta pairamena goxa dezan. Saul bere tronuan dago eserita errege-jantzi guztiak soinean dituela eta Daviden harpari darion musika entzuten ari da. David margolanaren ezkerraldean dago belaunikatuta eta haren irudia inguratzen duen argiaren pean lausotzen dela dirudi; aldiz, erregearen burua, gorputz-enborra eta estalkia alde batetik argiztatuta ageri dira nabarmen, koadro osoan gailenduz.
Davidek Goliat hil eta filisteoak kanporatu ondoren, Saulek jeloskor eta mesfidati jokatu zuen David gaztearekin. Saulen aurpegi erdi itzalpetuari susmoa eta jelosia dario. Bere burua argiaren aurka egoteak efektu hori nabarmentzen du: bere aurkariak jotzen duen musika goxotik izuz aldentzen bide da Saul.
Saulen emozio kontrajarriak are bikainago agertzen dira adierazita estu heltzen duen lantzaren bidez, eta argiztatzeko moduak berak nabarmentzen du horren garrantzia. Saul bere onetik ateratzeko zorian da eta lantza Davidi botatzeko puntuan. Davidek, baina, onik ihes egingo du eta Jainkoak aukeratuko du Saulen oinordeko, Israelgo errege izateko.
XVII. mendean, Daviden eta Goliaten kondaira oso gogokoa zuten artistek eta lanak aginduz eskatzen zizkietenek, haren inplikazio moralak eta adierazten zituen emozio biziak zirela eta. Itun Zaharreko eszenak oso garrantzitsuak ziren holandarrentzat; izan ere, euren burua Jainkoak hautatutako herriarekin parekatzen zuten. Rembrandtek hainbat aldiz pintatu zuen gai hau.
Lan nabarmen honek Bibliako istorioen inguruko gertaerak ezagutzen zituela erakusteko balio izan zion Rembrandti. Haren kalitatea Saulen janzkera exotikoaren irudikapen bikainean eta pintura erabiltzeko modu paregabean ez ezik, argiaren erabilera iradokigarrian eta konposizioan egindako irudien murrizketa erradikalean geratzen da agerian; izan ere, eszenaren intentsitate psikologikoa areagotzen du.
Rembrandten garaikideek pintura hau maila gorenekotzat jo zuten. Hori uzten dute agerian lana amaitu eta berehala argitaratutako erreprodukzio-kopuruak, baita margolanaren hainbat kopia zaharrek ere.