Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura
Rembrandt Harmensz van Rijn, Maertgen van Bilderbeecq-en erretratua, 1633
Dirck van Baburen, Gizon gaztea abesten, 1622
Iruzkinak
Frans Hals, Gizon baten erretratua, 1638, eta Emakume baten erretratua, 1638
- Izenburua:
- Frans Hals, Gizon baten erretratua, 1638, eta Emakume baten erretratua, 1638
- Erakusketa:
- Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura
- Gaiak:
- Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Artea eta psikologia | Sorkuntza artistikoa | Bitxiak | Jantziak | Moda-osagarriak | Erretratua eta autorretratua | Erretratu bikoitzak | Herbeheretako Urrezko Aroa | Haarlem | Holanda | Burgesia
- Mugimendu artistikoak:
- Barrokoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Hals, Frans
Frans Hals XVII. mendeko Holandako erretratugile garrantzitsuenetako bat da. Anberesen jaio zen, baina familiak Espainiak okupatutako Flandesetik ihes egin zuen Haarlemera.
1638ko bi erretratu hauek holandar burgesiako bikote aberats bati dagozkio. Hondo neutro baten aurrean, biek begirada gogorra itzultzen diote ikusleari. Gizonak honakoa darama soinean: dotore tolestutako parpaila-iduneko eta mahuka zuriko toga beltz soil bat eta hegaldun kapera beltz handi bat. Gorputz-enborraren goiko aldea emazteari zuzentzen dion arren, haren begirada ziurrak gure arreta bereganatzen du.
Alboratutako kapela handiak eta bekain iletsuek bizitasuna eta dinamismoa ematen diote aurpegiari. Bibote handi batek irribarre baten zantzua eta nolabaiteko distantzia ironikoa ezkutatzen du. Ezkerreko eskuan heltzen dituen eskularruek gizonaren aberastasuna eta maila adierazten dute.
Emazteak ere jantzi beltzak ditu. Bere janzkera soila osatzen dute mahuka apainduek eta goleta motako lepoko handi batek. Estu jantzitako buruko argi batek atzera bildutako ilea eusten dio. Eskuak magalean ditu lasai, atzamar erakuslean ezkontza-eraztun bat agerian duela. Zapi bat edo beharbada eskularruak heltzen ari da. Emakumearen aurpegiera lasaia, patxadatsua eta atsegina da, senarrarena ez bezala.
Hals biziki estimatzen zuten bere garaian eta aginduz eskatzen zizkioten bakarkako zein taldeko erretratuak. Pintzelkada arin eta adierazkorrak erabiliz, Halsek irudikatuen kanpo-itxura ez ezik, haien nortasuna ere uzten zuen agerian. Hori gizonaren koadroan da bereziki nabarmen; aldiz, emakumea zehaztasun zorrotzagoaz margotu zuen.
Bi koadroek egiaztatzen dute Halsen trebetasun nabarmena, baita sormen-gaitasunaren une gorenean zen artista erakusten ere.