Espresionismo Abstraktua
Arshile Gorky
Franz Kline
Atalak
Willem de Kooning
- Izenburua:
- Willem de Kooning
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Gaiak:
- Sinbolismo erijiosoa | Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- De Kooning, Willem | Guston, Philip
Roterdam, Herbehereak, 1904–East Hampton, New York, AEB, 1997
De Kooningen errepertorio tekniko bikainean argi ikusten da keinua ondo menderatzen zuela: emozio bortitz baten isla bat balitz bezala erabiltzen zuen lan abstraktuak zein figuratiboak egitean, Gustonek bakarrik lortuko zuen goren mailan. De Kooningek, Roterdameko Arte Eder Akademian prestatuak, espresionista abstraktuen talde osoko efektu piktoriko txundigarri eta menderakaitzenetakoak sortu zituen. Bere hasierako emakumezko erotismoarekiko obsesiotik abiatuta, berehala ekin zion beste eremu batzuk arakatzeari. Hala, Zot (“txoroa” esan nahi du nederlanderaz) dugu horren erakusgarri: formatuz txikia izan arren, nabarmen trinkotutako dramatismoa darion obra da; irudiaren aztarrenak eta beste zenbait xehetasun elkarren gainean amildu egiten dira. Horrelako obrak eskala desberdinetakoak dira, baina guztiak sortu zituen paper-ebakinak gainean ipiniz eta, ondoren, emaitzazko formak pinturarekin estaliz.
Garai bertsuko Abstrakzioa lanak agerian uzten du De Kooningentzat sinbolismo erlijiosoak zuen garrantzia, bere ikonografian hain nabaria denak eta lizunkeriaren eta galbidearen ezkutuko igarobideetatik salbaziorantz doanak. Hemen, sortzaileak eguneratu egin zituen giza egoerari buruzko hausnarketak, pintura klasikoko Holandako maisu handiek, haren herrikide Jeronimo Boschek eta Pieter Bruegel Zaharrak, besteak beste, garatu zituztenak bezain bikainak.
De Kooningentzat, emakumearen gaiak zerikusia zuen “aroz aro pintatutako emakumezko irudiarekin, idolo haiekin guztiekin”. “Irudi haietan orain ikusten dut laztura; ez zen nire asmoa, ordea. Barregarriak izatea nahi nuen nik… beraz, itxura satirikoa eta izugarria emanez pintatu nituen, sibilak balira bezalaxe”, zioen. 1960ko hamarkadan, De Kooningen emakumeak grotesko eta antzemangarri bilakatu ziren aldi berean; beraz, litekeena da artista, azkenean, bere deabruekin bakeak egiten aritu izana. Emakumezko sexualitatearen unibertso bortitzari, hiri metropoli modernoaren nahasmen kaotikoa kontrajarri zion De Kooningek; horren erakusgarri dugu Konposizioa nabarmena eta iskanbilatsua. Ondoren, eldarnio hark “hirira joan edo bertatik itzultzearen” sentimenduei eman zien bide, De Kooningen hitzetan. Villa Borghese eta Titulurik gabea obretan, pastel-tonuko zerrendei —arrosa, berdea eta zeru-urdina— liberazio kutsua darie, espresionista abstraktu existentzialistenetakoa zen artista honi naturak ematen zion gozamen eta soseguarekin bat etorriz.
1970eko hamarkadarako, artistaren estiloa aldatu egin zen berriro: arinago eta kontenplatiboago bilakatu zen, 1975eko …Zeinaren izena uretan idatzi zen obrak iradoki bezala. Bertan, De Kooningek pintura diluitua erabili zuen pinturari olio gehiago gehituz, pintzelkada luzeagoak eta gestualagoak erabiltzeko aukera eman zion teknika, alegia. Obra honetako tanta jarioa arretaz begiratuz gero, mihisea behin baino gehiagotan biratu zuela antzeman daiteke.