Espresionismo Abstraktua
Franz Kline
Jackson Pollock
Atalak
Mark Rothko
- Izenburua:
- Mark Rothko
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Gaiak:
- Artea eta emozioa | Kolorea | Drama | Drama
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Rothko, Mark
Dvinsk, Errusia, 1903–New York, AEB, 1970
Mark Rothkok 1950eko eta 1960ko hamarkadetan sortu zituen pintura adierazgarriak bikainki laburbiltzen dute haren nahi bizia, abstrakzioaren bitartez ahalmen handiko giza sentimenduak irudikatzekoa: “tragedia, estasia, zorigaiztoa”, haren hitzetan.
Rothkoren laukizuzen esekiek, berehala antzeman daitezkeenek, 1950az geroztik sortzen hasi eta bi hamarkadatan lantzen jardundakoek —bere bizialdiko azkeneko urteetara arte— era guztietako interpretazioei eman diete bide: zutik dagoen gizakiaren bertikaltasunaren ordezkoak direla iradokitzen dutenak, paisaiaren sinbolo abstraktu eta sublimeak direla defendatzen dutenak, edo batez ere gogo-aldarteak espresatzen dituztela adierazten dutenak, besteak beste.
Rothkoren teknika funtsezkoa zen sortzen zituen efektuetarako: pinturak trementinarekin diluitzean, mihisea tindatu zezakeen, pintura mihisearen gainazalean aplikatu beharrean. Lodiera desberdinetako pigmentu desberdinak gainjartzen zituen eta era horretan halako konplexutasuna gehitzen zien bere konposizio itxuraz sinpleei. Narratiba oro ezabatzean, horrek erreakzio emozional zuzenagoa sorrarazten du irudiaren aurrean. Rothkok “fatxadak” deitzen zien bere pinturei; termino horrek baietsi egiten du obrek ikusleari eskatzen dioten aurrez-aurreko jarrera, eta euren hipnotismo enigmatikoa aditzera ematen du, fatxadek, definizioz, erakutsi eta ezkutatu egiten baitute aldi berean. Hurbiltasun eta zuhurtasun sentsazio hori areagotuz, kolore-eremu angeluzuzenak zenbaitetan mugatzen dituzten haloek halako kutsu misteriotsua ematen diete, 1952–53ko Titulurik gabea “argizko pareta” handian ondo antzeman daitekeenez, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumakoan, alegia. Hala eta guztiz ere, ingerada horiek laukizuzenen gainazal etereoaren azpian zerbait ezkutatzen dutela ere iradokitzen digute. Baretasun eta dramatismo arteko nahasketa arraro bat da horren emaitza.
Garrantzi berbera du Rothkok berak “neurriak” deitzen ziena erabiltzeko erakutsi zuen trebetasuna: proportzio, oreka, gardentasun eta opazitate-gradazio zoliak, formatua —itxuraz sinplea, nahita— bereizi eta aberasteko propio erabiliak. Bere bizialdiko etapa desberdinen arabera Rothkok mihise koloretsuak edo ilunagoak sortu bazituen ere —ikus, adibidez, 4.zk (Titulurik gabea) laneko belztura paregabea—, 1957az geroztik iluntasuna da nagusi bere obran. Hala, hemen erakusten diren pinturetan isilean sumatzen da argiarekiko bere hasierako kezkak gerora itzalekin jarri zuela harremanetan, betiere Rothkok 1161ren hunkigarritasuntzat jotzen zuen hori jaso nahian.