Espresionismo Abstraktua
Arshile Gorky
Atalak
Obra goiztiarra
- Izenburua:
- Obra goiztiarra
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Gaiak:
- Bigarren Mundu Gerra | Gerra Hotza | Gerra Zibila (Espainia) | Lehen Mundu Gerra | Depresio Handia | Holokaustoa | Suntsipen atomikoa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Espresionismo Abstraktua
- Aipatutako artistak:
- Baziotes, William | De Kooning, Willem | Gottlieb, Adolph | Guston, Philip | Hofmann, Hans | Kamrowski, Gerome | Pollock, Jackson | Pousette-Dart, Richard | Rothko, Mark | Smith, David
Espresionismo Abstraktua oso heterogeneoa izan zen, bere protagonistak bezalaxe. Robert Coates kritikariak 1946an lehen aldiz erabilitako talde-etiketak kontrako bi mutur iradokitzen dizkigu: Espresionismo alemanaren intentsitate emozionala eta Europako Abstrakzioaren estetika formala. Artisten artean ere jaiotzez New Yorkekoak zirenak eta errefuxiatu politiko europarrak zeuden, baita AEBtako erdiko eskualdekoak eta mendebaldekoak ere. Dena den, haien biografiak eta jatorriak desberdinak izan arren, lehenengo espresionista abstraktuek esperientzia bera bizi izan zuten: zorigaitza nagusi zen garai moderno batean bizi ziren, bi Mundu Gerrak, Depresio Handia, Espainiako Gerra Zibila, suntsipen atomikoa eta ondorengo Gerra Hotza, eta beste gertakari historiko izugarri batzuk tartean zirela. Hala eta guztiz ere, AEB berehala bihurtzekotan zen munduko potentzia eta horrek, aldi berean, konfiantza zabaltzen lagundu zuen goranzko bidea hartzen hasia zen bertako artearen alorrean.
Espresionismo Abstraktuaren lehenengo urteek mugimendua sortu zeneko zorigaiztoko aldia islatzen dute. Jackson Pollocken Titulurik gabeko panelak A–D pintura-saileko eskeleto makurretan, Mark Rothkok Barrualdean aurkeztutako arkitekturan nahiz Philip Gustonen Portxea obraren protagonistetan —Holokaustoaren eragina argi antzeman daiteke horietan—, giza irudia mehatxatuta ageri da, metamorfosi prozesuan eta kutsu makabroa sumatzen zaiola. 1940ko hamarkadan, konnotazio tragiko horiek arintzen joan ziren eta ustezko hizkuntza unibertsalago batera eboluzionatu zuten, hauek barne hartzen zituena: mitoen sorkuntza —Emakume idolatra I, Hans Hofmannena—, arketipoak —Pollocken Maskulinoa eta femeninoa obrako bi pertsonaia totemikoak— eta forma primitibistak —Richard Pousette-Darten Uhindura laneko basati biomorfoak—.
Willem de Kooningen biomorfismoak halako sentsibilitate subjektibo arraroa ematen die motibo abstraktuei. Goraldian zen beste joera bat pintura ia nahierara mihisean isurtzen uztea zen, William Baziotesek, Gerome Kamrowskik eta Pollockek elkarrekin landu zuten, adibidez. Azkenik, iragarpenez eta dramatismoz jositako sinbolismo baten bilaketa-lanak idazkera ulertezin bat eta kode eta zeinu enigmatikoak ekarri zituen berekin, obra hauetan ikus ditzakegunak: Isiltasunaren kadentzia, Bradley Walker Tomlinena; Gutuna, David Smithena; eta Adolph Gottlieben Maskarada piktografia iragarlea.