Espresionismo Abstraktua
Mark Rothko
Barnett Newman eta Ad Reinhardt: bideak absoluturantz
Atalak
Jackson Pollock
- Izenburua:
- Jackson Pollock
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Gaiak:
- Kolorea | Lan-prozesua | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Gorky, Arshile | Krasner, Lee | Motherwell, Robert | Pollock, Jackson | Rothko, Mark | Smith, David
Cody, Wyoming, AEB, 1912–Springs, New York, AEB, 1956
Gutxitan jarri izan da zalantzan Pollocken estatusa Espresionismo Abstraktuaren buru nagusi gisa. 1949an, Life aldizkariko titular ironiko bat harago joan zen galdera hau planteatu zuenean: “Bizi den artista handiena da?”. 1943ko udan, bildumagile eta mezenas Peggy Guggenheimek eskari bat egin zionean Pollocki haren Manhattango etxean mural bat egiteko, obrak —bere ibilaldi osoko mihiserik handiena— mugarri itzela izatea lortu zuen hasierako Espresionismo Abstraktuaren historian. Ez da kasualitatea, beraz, bai Rothkok bai Gorkyk tamaina handieneko euren mihiseak hurrengo urtean sortu izana.
Ia nahi gabe, Horma irudiak tratamendu piktoriko ausarta —non artistaren gorputzaren dinamismoa erabakigarria zen— eta tamaina kolosala konbinatzen zituen, sekulako indar hura askatzen uzten ziona. Bere Horma irudiak eman zion segurtasunari esker, Pollockek berehala ekin zion pinturaren prozesua arakatzeari —ondo antzeman daiteke hori HMren erretratua eta Gaueko lanbroa lanen azalera beteetan—, 1947–50eko bere estilo bereizgarrira heldu zen arte. Mihisea tratatu gabe eta zoruan luzatuta, Pollockek kontrol harrigarriarekin isuri eta zipriztintzen zituen pigmentuak —“Ez da inolaz ere kaos bat, arraioa!”, erantzun zion kritikari bati— artistaren gorputzak jarraitzen zion erritmoa irudikatzen zuten labirintoak sortzeko. Pollocken nahaste-borrasteek, halakotzat, bai idazkera mental bat bai muskuluen jarduera bat iradokitzen digute. Pollockek honela azaldu zituen tran paregabe horiek “ikusgai jarritako energia eta mugimendua, espazioan etendako oroitzapenak”. Eta baliteke deigarriena izatea Pollocken hain estilo bereziak, muga bat adieraztetik urrun, hain efektu anitzak sortzeko aukera eman izana.
Pollock 1956an hil zen, auto-istripu suizida antzeko batean Springs-eko (Long Island) bere etxe-tailerraren inguruan. Traumatizatuta, bere alargun Lee Krasner ezin izan zen libratu hark utzitako itzal luzeaz 1960ra arte: urte hartan, erritmo asaldatuz eta bektore makurrez osatutako mihise kolosal bat sortu zuen, Begia da lehen zirkulua, Pollocken lorpen erradikalari inoiz egin izan zaion omenaldirik bikainena ziurrenez. Krasnerrek eta Janet Sobel artista ukraniar-estatubatuarrak 1940ko hamarkadaren bukaeran sortutako eremu ia mikrografikoetan antzeko barne handitasun sentsazioa sumatzen da. Litekeena da Sobelek mikro eta makrokosmikotik egiten zuen bategiteak Pollocken miresmena piztu izana, eta eragina izatea hark all-over pintura-estiloa (azalera guztia hartzen duena) bere egin zuenean gerora. Robert Motherwellen 200etik gora Espainiako Errepublikari elegiak pinturek ere baliteke izaera kontenplatiboa izatea; areto honetan erakusten den bertsioa Pollocken Horma irudian inspiratu zen, eta artistari egindako omenalditzat har daiteke ere bai. David Smithen Andel totema eskulturak presentzia harro eta basati bat gogora ekartzen digu, Horma iruditik aterea eta hiru dimentsioko mundura eramana.