Espresionismo Abstraktua
Barnett Newman eta Ad Reinhardt: bideak absoluturantz
“Fenomeno” hobe, “Mugimendu” baino
Atalak
Epizentro zehaztugabe bat
- Izenburua:
- Epizentro zehaztugabe bat
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Gaiak:
- Kolorea | Lan-prozesua | Gerra Zibila (Espainia) | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Keinu-pintura | Kolore-eremuko pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Francis, Sam | Frankenthaler, Helen | Guston, Philip | Mitchell, Joan | Motherwell, Robert | Still, Clyfford
Espresionismo Abstraktua New York hirian sustraitu bazen ere, Mendebaldeko Kostara zabaldu zituen bere erroak. Clyfford Stillek —mugimendu honetako artista adierazgarrienetakoa— Washington Estatuan eta Albertan, Kanadan, eman zituen bere bizitzako aurreneko urteak, eta 1946an San Frantziskora bizitzera joan zen. Stillek kolorea erabiltzeko zuen talentu handiak eta espazioa garatzeko bere modu hain bereziak —zenbaitetan erraietakoa eta kosmikoa— eragin sakona izan zuen Mendebaldeko Kostako Sam Francis artistarengan.
1950eko hamarkadan zehar Francisen obra aldatzen joan zen: aurreko konposizioak, ia guztiz monokromatikoak ziren, motibo korpuskularrez beteak, eta garai hartatik aurrera tonu biziez betetako piezak sortzen hasi zen, ondoren, zeruetako huts dotoreak gogora ekartzen zutenak. Batzuetan espresionista abstraktuak “kolore-eremuko” pintoretan eta “keinuzko” pintoretan sailkatuta “enkasillatzen” dituzten sailkapen guztiz ordenatuetatik harago, 1950eko hamarkadaren bigarren erdian, Gustonek, Joan Mitchellek eta Helen Frankenthaler gazteak euren palinpsesto bisual bereziak garatu zituzten. Mitchellen Agur egiten dizut, Tom obra apoteosi bat da, non eguzki-argiak eta itzalek elkarri aurre egiten dieten. Koadriptiko formatuak, Moneten Nenufarrak inguratzaileak nolabait gogora ekarriko dizkigunak, goretsi egiten du artistak barnean daraman paisaian duen fedea. Hala eta guztiz ere, agur baten sentsazioa da jasotzen duguna; titulua omenaldi bat da, Espresionismo Abstraktua defendatu zuen Thomas B. Hess kritikariari eskainia. Artistek, nork bere erara, oso modu berezian bategin zituzten kolorea eta gestualitatea: Gustonek, enpaste jori eta hauskorren bitartez; Mitchellek, pintzelkada bizkor eta ukigarriez baliatuz; eta Frankenthalerrek, lausodura lirikoekin, mihise osoan zehar zabaldu ahala mito eta oroitzapenen zertzeladak sumarazten dizkiguten horiekin.
Obra horiekin alderatuta, Robert Motherwellen paleta goibelak eta gai itogarriek artistaren betiereko obsesio bat aditzera ematen digute: Espainiako Gerra Zibilaren tragedia. Conrad Marca-Rellik —AEB eta Italia artean bizi zena— collage abstraktuaren teknika bat garatu zuen 1950eko hamarkadaren hasieran: bizar-xaflaz mihise zatiak moztu eta gero, euskarriari itsasten zizkion eta, ondoren, bere gainazala konposatu eta belzten zuen.