Edukira zuzenean joan

Espresionismo Abstraktua

“Fenomeno” hobe, “Mugimendu” baino

Info gehiago

David Smith

Info gehiago

Atalak

Clyfford Still

Izenburua:
Clyfford Still
Erakusketa:
Espresionismo Abstraktua
Mugimendu artistikoak:
Espresionismo Abstraktua
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Pollock, Jackson | Still, Clyfford

Grandin, Ipar Dakota, AEB, 1904–Baltimore, Maryland, AEB, 1980

Hasieratik amaiera arte, Still nahita aldendu zen giroaren muinetik: 75 urteetatik 12 besterik ez zituen eman New Yorken. 1920ko eta 1930eko hamarkadetan, Washington Estatuan bizi izan zen eta Albertako (Kanada) lautadetan lurra lantzen lan egin zuen. Mendebaldeko gizona zen Still —are Pollock baino gehiago—, lurraldearen “izugarrizko handitasunarekin” harreman estua zuena. Bere originaltasuna, neurri handi batean, gertakari geografiko soil baten isla da: urruntasun egiazkoa, batez ere bere hastapenetan, artearen mundutik oro har aldentzen zuena. Gainera, Stillek, berezko marrazkilari, sakonetik ezagutzen zuen artearen historia eta goretsi egiten zituen pintura klasikoko zenbait maisu handi, Rembrandt eta Turner besteak beste, baita garaian gertuago zituenak ere, Vincent van Gogh, besteren artean.

Paradoxikoki, tradizionalismo horrek piztu zuen Stillen erradikalismoa, Espresionismo Abstraktuaren aurrenetako obra enblematikoetako batean, PH- 235ean, ordurako iragartzen hasia. Hasierako paisaia sorta batetik, bertikaltasuna bilakatu zen Stillen gai nagusi. Bizitzako lerroak (“lifelines”, artistaren hitzetan) lerden-lerdenetan nahiz monolito garaietan kontzentratuta, Stillek gizakiaren jarrera tentearekin eta transzendentzia espiritualarekin lotzen zuen bertikaltasuna. Bere aurkakoak osin sakonak dira, likidoak edo glazialak alternatiboki, goranzko bultzada horrekin ahokatzen direnak. Ez da harritzekoa, 1950ean, Stillek —jarrera ia manikeoa zuen hark— bere arteaz hitz egitean “bizitza eta heriotza izugarrizko uztartzean bat eginez” hitzak erabiltzea. Ondorioz, argitasunaren eta iluntasunaren arteko borrokak areagotu egiten du oinarrizko drama hori, Stillek espatulaz trazatzen dituen gainazal malkartsuetan nabariago ageri dena. Hedadura izugarriko pintura hauetan ere halako kontraste-ñabardurak ageri dira, bizitasun txinpartak aditzera ematen digutenak.

Nahiz eta Stillek harremanak eten zituen bere kide espresionista abstraktu ia guztiekin, inoiz ere ez zuen Pollock erabat baztertu. Izan ere, 1956an mendebalderantz bidaia bat errepidez egiteko asmoa zuen harekin. Zoritxarrez, Pollockek izan zuen auto-istripu zorigaiztokoak zapuztu egin zituen plan haiek. Pollockek, bere aldetik, hauxe adierazi zuen behin: “Besteok akademiko hutsak bagina bezala sentiarazten digu Stillek”. Hemen ikusgai jarritako pinturak, gehienak Denverreko Clyfford Still Museum-en funts paregabeetatik ekarriak, nahita proposatu dira Pollocken lorpenak, artista horri eskainitako aretoan beha daitezkeenak, orekatzeko.

BESTE ATALAK

Obra goiztiarra

Espresionismo Abstraktua, Atala, 2017

Info gehiago

Arshile Gorky

Espresionismo Abstraktua, Atala, 2017

Info gehiago

Willem de Kooning

Espresionismo Abstraktua, Atala, 2017

Info gehiago

Franz Kline

Espresionismo Abstraktua, Atala, 2017

Info gehiago

Mark Rothko

Espresionismo Abstraktua, Atala, 2017

Info gehiago

Jackson Pollock

Espresionismo Abstraktua, Atala, 2017

Info gehiago

Barnett Newman eta Ad Reinhardt: bideak absoluturantz

Espresionismo Abstraktua, Atala, 2017

Info gehiago

Epizentro zehaztugabe bat

Espresionismo Abstraktua, Atala, 2017

Info gehiago

“Fenomeno” hobe, “Mugimendu” baino

Espresionismo Abstraktua, Atala, 2017

Info gehiago

Clyfford Still

Espresionismo Abstraktua, Atala, 2017

Info gehiago

David Smith

Espresionismo Abstraktua, Atala, 2017

Info gehiago