Anish Kapoor
Sarrera
Haurdun nagoenean, 1992
Iruzkinak
Harea zuria, artatxiki gorria, lore asko (White Sand, Red Millet, Many Flowers), 1982
- Izenburua:
- Harea zuria, artatxiki gorria, lore asko (White Sand, Red Millet, Many Flowers), 1982
- Erakusketa:
- Anish Kapoor
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Artelanak | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Kolorea | Lan-prozesua | Materiala | Eskulturagintza | Britainiako Eskultura Berria | Chelsea School of Arts | Alison Wilding | Bill Woodrow | Richard Deacon | Shirazeh Houshiary | Tony Cragg | Dimentsioa
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Kapoor, Anish
Pigmentu-objektu hauek Anish Kapoor-en lehenengo eskultura-sail batekoak dira. 1979 eta 1984 artean burutu zituen eta oinarrizko koloreak forma geometrikoekin nahasten ditu. Bere ibilbidean zehar artistak erabili duen eskulturaren mintzairaz baliatu da. Gainera, Kapoorren lanaren muinean dagoen beste gai bat ere aurkezten digute: pieza bakoitza bere aldetik ondokoaren desberdina da, baina denak sail berekoak dira.
Halako batean nire buruari galdetu nion ez ote zegoen eskultura kolorearen bidez egiteko modurik. Deigarri egin zitzaidana da materialak bazuela halako kontraesan bat, mami hau —pigmentua— fisikoa dela. Badu halako…, "mamitasun" fisiko bat, eta gustuko dut, eta hala ere… ezohikoa da-edo, benetan ez baitago bertan… edo hor ez dagoela ematen du aditzera. … Ohartzen hasi nintzen nik kolore absolutuarekin lan egin nahi nuela. Koloreak lanaren egoera behar zuen, eta ez konposiziorako tresna..
Lan hauek Kapoorrek behin eta berriz erabilitako kolore-sorta aberats bat aurkezten digute: urdin ilunak, gorri biziak eta hori distiratsuak.
Objektu horiek egin zituen garaian, Anish Kapoor nazioartean ezaguna zen 'Britainiako eskultura berria’ delakoren partaide zen beste hainbat artista gazterekin batera, adibidez, Richard Deacon, Tony Cragg, Alison Wilding, Bill Woodrow eta Shirazeh Houshiary.
Ikuspuntu historiko batean kokatzeko besterik ez, … artearen mundua figurazio-mota berri batera irekitzen ari zenean zen…, eta ni nengoen…, lankide-talde batekin, eta guztiak ere hiru dimentsioko forma aztertzen ari ginen nolabait.
Kapoor oraindik Londresko Arte Ederren eskolan zegoela, hasi zen sinisten irudimenezkoa erreala baino poetikoki benetakoagoa dela. Ideia horrek bere horretan jarraitzen du bere lanetan. Nola aplikatzen zaie baina bere pigmentatutako lan hauei ordea?
Objektu horiei buruz deigarri egiten zaidan gauzetako bat da partzialak direla, izozmendiak bezalakoak direla; zati bat ezkutuan dago. Pigmentuak ikusteak objektuaren zati bat erakusten du. Gainontzekoa, berriz, ez dago hor. Ondorioz, fikzio moduko bat da lana, zentzu batean, behintzat; baina iruditzen zait den-dena fikzio kontua dela.
Niretzat objektu horietatik ateratako beste ideia garrantzitsu bat beste fikzio bat da: berez sortutakoak direla, beren burua egiten dutela; ez zirela "eginak" izan, "sortu" zirela baizik.
Objektu horien formek naturalak eta abstraktuak dirudite aldi berean. Museoko zorutik eta hormetatik ateratzen direla dirudite. Piezak estatikoak direla dakigun arren, arkitekturatik atera direla sinisten dugu ia, pigmentu-hautsa ateratzen diren heinean barreiatzen dutela.
Pigmentua aplikatzeko era zainduak artistaren eskuaren aztarnak ezabatzen bide ditu. Objektuek ez dute artistaren ezer agerian uzten, ezta horiek sortzeko erabilitako prozesu artistikoari buruz ere. Horrek ezinbesteko garrantzia dauka Kapoorrentzat.