Anish Kapoor
Haurdun nagoenean, 1992
Horia, 1999
Iruzkinak
Adam, 1988–9, eta Titulurik gabea, 1990
- Izenburua:
- Adam, 1988–9, eta Titulurik gabea, 1990
- Erakusketa:
- Anish Kapoor
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Artea eta psikologia | Sorkuntza artistikoa | Iluntasuna | Lan-prozesua | Dimentsioa
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Kapoor, Anish
Bi lan horiek 1988 eta 1990 artean egin ziren. Hutsaren ideia aztertzen duen eskultura-sail batean kokatzen dira:
Prozesu psikologiko antzeko bat da…, psikoanalisia oso garrantzizkoa da niretzat eta prozesu horiek zehazten dute…, neurri handi batean nik objektuari buruzko harremanaz pentsatzen dudana. Orduan, objektu bat zer den galdetzen diot nire buruari. Alde batetik, batek esan dezake eskulturaren historia materialaren historia dela, mamiaren historia… Behin eta berriz topatzen dut masak, mamiak ez-mamia ere ematen duela aditzera.
Hutsak espazio bat bete dezakeelako ideia Kapoor-en kontzeptu-aurkikuntza erabakigarria izan zen. Adam hutsaren inguruan egin zuen saileko lehenengo lanetako bat da. Hona Anish Kapoor bere lana deskribatzen:
Orduan, itxuraz hemen leiho bat dugu harri baten gainazalean pintatua. Egia esan, barnealdea zulatu da. Harri-masa gehiena hustu egin da, eta Prusiako urdinez pintatu… eta fenomenologikoki harri baten gainean zabaldu den geruza edo gainazal bat ematen du …
Distantzia batetik begiratuta, azalera angeluzuzenak bi dimentsiokoa dirudi: pintura bat edo alfonbra bat. Bi eta hiru dimentsioen, pintura eta eskulturaren arteko lausotasun hau oso interesgarria da artistarentzat.
1990eko Titulurik gabea 1991ko Turner Prize erakusketarako Anish Kapoorrek aurkeztu zituen lan saridunen artean zegoen ikusgai. Berriz ere, lan honek hutsaren ideiari heltzen dio.
Bazirudien forma hustuz, barru hori guztia kenduz… ez zela espazioa husten; aldiz, betetzen zela zirudien, eta hori niretzat benetako ezustekoa izan zen. Sentitu nuen benetako aurkikuntza-une batean nengoela, hustean betelana egiten nuela, eta halako iluntasun batez betetzen zela. Masa-iluntasun bat, barnealdearen iluntasun bat eta, jakina, iluntasun psikologiko antzeko bat.
Ikusle garen neurrian, rol aktiboa dugu Kapoorren lanean: ikusten dugunaz galdetzen dugu. Nola eragiten digu prozesu horrek?
Eskulturak gorputzarekin du harremana, masa, forma, forma-eza eta abarrekin harremanetan jartzeko dugun era fisikoarekin; hein horretan haren esanahi sakonenak gorputzari lotuak daude. Iluntasunak arazoak sortzen zizkidan, baina hemen, ordea, ezagutzen dugun zerbait bihurtzen da: gure barnean, gure irudimenean behintzat, daramagun iluntasuna. Eta horretaz ohartzen zara eta ezagutze-une hori gailentzen da.