Emakumeak abstrakziogile
Errusiako abangoardia (1912–25)
Bauhaus
Iruzkinak
Sophie Taeuber-Arp
- Izenburua:
- Sophie Taeuber-Arp
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Arkitektura | Artearen historia | Artistaren estudioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erritmoa | Kolorea | Oreka | Altzari-diseinua | Jantzi-diseinua | Pinturagintza | Bauhaus Eskola | Monte Veritáko artista-kolonia | Zurgintza | Ehungintza | Plastique aldizkaria | Dantza | Alemania | Estrasburgo | Suitza | Hans Arp | Rudolf von Laban | Herri-kultura
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Artisautza | Kokapen zehatzerako artea
- Aipatutako artistak:
- Taeuber-Arp, Sophie
Egin dezagun orain Suitza aldera eta Sophie Taeuber-Arpen obrara. Diziplina ugaritan aritutako artista izan zen Taeuber-Arp: dantzan eta pinturan ez ezik, modan eta arkitekturan ere jardun zen.
Aretora sartu bezain pronto, harritu egingo gaitu artista suitzarrak menderatzen zituen tekniken ugaritasun sinestezinak: egilearen lehen ehungintza-lanak ikus ditzakegu, baita jantzi bat ere, Ipar Amerikako Hopi herriaren arte tradizionalean inspiratua. Halaber, ikusgai daude haren margolan batzuk, altzariak, Aubette kafetegirako proiektu arkitektonikoa, bai eta Plastique aldizkaria ere; azken horren editore izan zen.
Sophie Taeuber 1889an jaio zen, eta artearen eta artisautzaren arteko ohiko ezberdintasun hierarkikoa ezabatu zuen. Lehenik, brodatzen eta ahokatzen ikasi zuen Suitzan, eta, ondoren, beste diziplina artistiko batzuetan trebatu zen Alemanian, batez ere zurgintzan eta ehungintzan. Halako prestakuntza zabala jaso izanari esker, teknika ugari menderatzen zituen, eta, gainera, lan abstraktuen corpus izugarria garatu zuen euskarri mota guztietan.
Egiaz, abstrakzioaren ikuspegi osoa zeukan, eta ez zuen bereizketarik egiten euskarrien artean. Haren ikusmoldean, sentiberatasun berezia antzeman daiteke erritmoarekiko; izan ere, gaztetan landu zuen elementu hura, Suitzako Monte Verità aldean Labanekin dantzari aritu zenean. Artistaren bereizgarri da, baita ere, oreka, harmonia eta kolorea ulertzeko zuen modua.
XX. mendearen hasieran, artisten kolonia utopiko baten sorreraren lekuko izan zen Monte Verità; hantxe ikasi zuen Sophie Taeuberrek dantzan, eta diziplina horrek artistaren gainontzeko jardueretan izan zuen eragina.
1915ean, Zurichera joan zen, eta hantxe ezagutu zuen Jean Arp artista. 1922an ezkondu ziren. Bikoteak Paris aldera jo zuen 1925ean, eta, handik berehalaxe, Meudon hirira, Sophiek berak diseinatu eta egokituriko etxe batera. Etxe hartan, bakoitzak bere estudioa zuen. Jakin badakigu Sophie Taeuberrek eta Jean Arpek eragina izan zutela elkarrengan, eta elkarrekin sortu zituztela hainbat lan. Emazteak mantentzen zuen bikotea ekonomikoki, irakasle aritzeaz gainera bere enkarguetan ere egiten baitzuen lan. 1926an, Estrasburgoko Aubette kafetegiaren barruko dekorazioa diseinatzera gonbidatu zituzten senar-emazteak.
Artearen eta artisautzaren arteko bereizketa hierarkikoa ezabatzeagatik hartzen da aitzindaritzat Sophie Taeuber-Arp, eta abstrakzio erabat erradikala sortzeagatik ere nabarmendu zen. Garai hartan bertan, Alemaniako eskola batek ere aplikatu zuen arte handi eta txiki deiturikoak bateratzearen printzipioa. Bauhaus eskola izan zen hura, hurrengo aretoan ezagutu daitekeena.