Emakumeak abstrakziogile
Abstrakzio konprometitua
Iruzkinak
Txina-Australia
- Izenburua:
- Txina-Australia
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Australiako aborigenak | Generoa eta sexualitatea | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erritmoa | Forma | Lerroa | Mugimendua | Eskulturagintza | Pinturagintza | Saskigintza | Ehungintza | Kosmologia | Tradizioa | AEB | Australia | APY | Txina | Herri-kultura | Hizkuntza | Astronomia | Kartografia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Tinta txinatarra
- Artelan motak:
- Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- APY Art Center Collective, | Chou, Irene | Houghton, Georgiana
Erakusketa amaitzeko, Mendebaldekoak ez diren kulturetatik harturiko postabstrakzioaren pare bat adibide ditugu.
APY laburdurarekin adierazten da Australiako hiru estatuk bat egiten duten lur-zerrenda zabala: Hegoaldeko Australia, Iparraldeko Lurraldea eta Mendebaldeko Australia elkartzen diren eremua, hain zuzen. Bertan, hainbat aborigen-komunitate bizi dira. Komunitate horietako artistek arte-zentro ugari sortu dituzte APY Art Centre Collective izenarekin.
Erdialdeko Australiako beste artista-talde asko bezalaxe, emakumez zein gizonez osatua da. Pintura da APYko artisten adierazpide nagusia, nahiz eta batzuek praktika berriak garatu dituzten, hala nola formatu handiko instalazioak —gizonek bakarrik lantzen duten diziplina—, bai eta saskigintzan, ehungintzan eta eskulturan oinarritutako forma artistikoak, azken horiek emakumeek sortuak.
APYren pinturek, abstraktuak diruditen arren, sistema zifratu bat islatzen dute benetan: espazioko posizioak eta zeinuek kokapen kartografiko bat eta hizkuntza-sistema bat osatzen dituzte, eta formak kode gisa irakur daitezke. Ildo horretan, pieza horiei ezin zaie aplikatu arte modernoaren ikuspegi mendebaldarrean dagoen arte abstraktuaren eta arte figuratiboaren arteko dikotomia: sistema abstraktua da, erabiltzen dituen kodeetan zeinu batek benetako zerbaiten lekua hartzen baitu, baina errealitatea irudikatzeko sistema bat ere eratzen dute, paisaiaren, haren historiaren eta hari lotutako hierarkia sozialen deskribapen literala baitira.
Ibilbide honetako azken artista Irene Chou da, bizitzaren amaieran Australiara bizitzera joan zen emakume txinatarra. Haren lana hainbat tradizioren sintesia da: batetik, txinatarra, tinta tradizionalez margotua, eta, bestetik, estatubatuarra, artistak berak onartu zuenez, espresionismo abstraktuko artisten lanak markatu egin baitzuen. 1960ko hamarkadan aurkitu zuen Txinako tintaz eginiko margolanek abstrakziorako zuten ahalmena, bai eta lerroen gaitasuna ere erritmoa eta mugimendua adierazteko.
Georgiana Houghtonen garaitik ehun urte baino gehiago igarota, Irene Chouk kosmosaren eta energiaren interpretazio zeharo pertsonala eskaintzen zuen ekialdeko eta mendebaldeko tradizioetatik edaten duen abstrakziogintzaren bitartez.