Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

Espresionismo Abstraktua

Info gehiago

Brasilgo neokonkretismoa

Info gehiago

Iruzkinak

Choucair, Herrera eta Zeid

Areto honetan, Saloua Raouda Choucair libanoarraren, Carmen Herrera kubatarraren eta Fahrelnissa Zeid turkiarraren lanak ezagutuko ditugu. Parisen egon ziren hirurak 1940 eta 1950eko hamarkadetan. Hainbat artistak abstrakzio geometrikoa forma guztietan sustatzeko sorturiko Errealitate Berrien Azokan erakutsi zituzten egileok beren lanak.

Hemen, Saloua Raouda Choucairren lan-multzo bat ikus dezakegu: harria, pintura, metala eta oihala erabiltzen ditu horietan. Choucairrek hamaikatxo materialetan aplikatu zituen abstrakzioaren alorrean eginiko ikerketak. Choucair 1940ko hamarkadan joan zen Parisera, eta kontra egin zion edertasuna, ontasuna eta egiazkotasuna Mendebaldetik bakarrik etor daitezkeela zioen ideiari. Kontrajarri egin zituen arte figuratibo mendebaldarra eta arte islamiarrean ordurako presente zegoen abstrakzioa. Eta, fededuna ez zen arren, interes berarekin jorratu zituen pentsalari islamiarrak, teoria matematikoak eta lilura eragiten zion DNAren egitura.

Egilearen ikuspegiaren originaltasunak badu loturarik sufismoarekin zuen harremanarekin, eta, beraz, dualtasunaren eta batasunaren gainean eginiko lanarekin. Oso argi ikus dezakegu hori haren sistema modularretan, izan piktorikoak edo eskultorikoak. Eta argi ikusten dugu, orobat, dekorazio-arteekin edo, bestela esanda, egunerokotasunean agertzen zaigun abstrakzioarekin zuen harremanean. Besteak beste, etxeko altzariak apaindu zituen. Eta berak egiten zituen bere poltsak, bufandak eta zapiak, irudi abstraktuekin apainduak; eraztunak ere sortzen zituen, miniaturazko eskulturak bezalakoxeak.

1960ko hamarkadatik aurrera, konposizio poetikoa eta eskultorikoa uztartzen saiatu zen. Choucairrek bertsoak eta biko errimatuak balira bezala diseinatzen zituen eskulturak, hau da, berrantolatu egin zitezkeen artistak une bakoitzean lortu nahi zuen harmonia, erritmoa, errima zein kontrapuntuaren arabera. Eraikuntza modularrekin, infinitua zuen jomuga. Egilearen lan guztietan ageri da bere pentsamenduaren jarraitutasuna, hasi bere eraztunetatik eta bankuetan idatzi zituen poemetaraino nahiz bere margolanetaraino. “Nire pinturak eskulturak balira bezala eraman daitezke”, esaten zuen. 2010eko hamarkadara arte, ez zuen izan banakako erakusketarik Mendebaldeko museo nagusietan; ordurako ia ehun urte beteak zituen.

Choucairren obraren parean, Carmen Herrerarena dago. Herrera 1915ean jaio zen Kuban, 1949an Parisera joan zen, eta hantxe bizi izan zen urte batzuetan. Parisko egonaldi hura erabakigarria izan zen haren karrerarako, eta orduan utzi zuen figurazioa; ederki erakusten dute hori forma geometriko nahasiak dituzten kolore biziko bi margolan handi hauek. 1954an, New Yorkera joan zen betiko, eta hantxe jarraitzen du lanean bere estudioan, etenik gabe, 106 urterekin.

Azkenik, gune honetan dagoen hirugarren artistaren lan bat dugu, bere neurri eta intentsitateagatik begirada erakartzen duen margolan erraldoi bat. Artista hori Fahrelnissa Zeid da, eta Zeid printze irakiarrarekin ezkondu ondotik hartu zuen abizen hori. Oso bizitza kosmopolita izan zuen: Parisen ikasi zuen Choucairren garai berean, eta margolan handiak egin zituen argi-islak edo nolabaiteko mosaikoak diruditen kolore-alde ugari baliatuz.

Hiru artista hauek, denak ere mundu zabalean bidaiatuak eta urte luzez bizitakoak, ez ziren ezagun egin oso berandu arte, eta haien obra biziki pertsonal eta askea abstrakzioaren esplorazio eta berriztapen erradikala da.

BESTE ATALAK

Atarikoa

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Abstrakzioa eta espiritualismoa. Abstrakzioa sakratutasunaren sinbolo gisa

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Abstrakzioa eta dantza

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Errusiako abangoardia (1912–25)

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Sophie Taeuber-Arp

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Bauhaus

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Espresionismo Abstraktua

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Choucair, Herrera eta Zeid

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Brasilgo neokonkretismoa

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Ehunak eta abstrakzioa

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Abstrakzio eszentrikoa

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Ildo minimalista

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Abstrakzio konprometitua

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Txina-Australia 

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago