Emakumeak abstrakziogile
Choucair, Herrera eta Zeid
Ehunak eta abstrakzioa
Iruzkinak
Brasilgo neokonkretismoa
- Izenburua:
- Brasilgo neokonkretismoa
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Giza gorputza | Artea eta espazioa | Artea eta gizartea | Artea eta pertzepzioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Forma | Geometria | Kolorea | Mugimendua | Parte hartzeko artea | Eszenografia | Erakusketak | Copacabana Palace | Balleta | Brasil | Rio de Janeiro | São Paulo | Poesia | Liburuak | Max Bill | Piet Mondrian | Zentzumenak | Dimentsioa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Konkretua | Neo-Konkretismoa
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Clark, Lygia | Pape, Lygia
Brasil aldera egingo dugu jarraian.
Gune honetan parez pare ageri zaizkigun bi artista brasildarren lanek erabat bestelako geometria erakusten dute. Geometria horrek bizitzan ditu sustraiak, espazioari, denborari eta gorputz indibidual zen kolektiboei loturik; geometria horrek, halaber, elkartu egiten ditu gorputza eta burua, lotura soziala sortzen du eta esperientzia multisentsorialen lurralde bihurtzen da.
1950ean, Max Bill artistari eskainitako erakusketa bat antolatu zuten São Paulon; halaxe hasi zen Brasilen arte konkretu izenez ezagutzen duguna. Arte konkretuak, Max Bill eta beste hainbat zurichtarrek ulertzen zuten moduan behinik behin, funtsezkoenera mugaturiko zorroztasun geometrikoa du ezaugarri, eta errealitatean existitzen diren formatzat hartzen ditu lerroa, karratua eta zirkulua. Hortik datorkio “konkretu” izendapena. Artista brasildarrek bestelako bira bat eman zioten ideia horri, eta arte neokonkretua sortu zuten. 1950eko hamarkadaren amaieran, artista-talde batek Manifestu Neokonkretua sinatu zuen; agiri hartan, korronte haren printzipioak ezarri zituzten, eta zorroztasun geometrikoari gorputzarekin lotuago zegoen dimentsio bat gehitu zioten, nolabaiteko sentsualitate bat. Lygia Pape eta Lygia Clark izan ziren manifestu hori sinatu eta neokonkretismoarekin bat egin zuten emakume bakarrak, zein bere sentsibilitatearekin. Lygia Clark, haren lanean nabari den moduan, liluraturik zegoen Mondrianen obrarekin, eta pixkanaka bigarren dimentsiotik hirugarrenera zabalduz joan zen bere jarduna, plano modularrei buruz eginiko ikerketen bidez. Hirugarren dimentsioan murgildu zenean sortuak dira Zomorroak izenez ezagutzen diren eskulturak. Metalezko plakaz eta bandaz eginak dira, eta, horri esker, hainbat itxura har ditzakete. Originaltasun handiz, Clarkek lanak manipulatzeko aukera ematen zien ikusleei, eta, horrekin, eskultura abstraktu manipulagarri eta interaktiboa asmatu zuen: egiaz parte hartzeko aukera eskaintzen zuen eskultura abstraktua. Esparru horretan, benetako aitzindari izan zen Clark.
Aretoaren erdian daude ikusgai Lygia Clarken Zomorroak: metalezko eskultura txiki horiek izaki bizidun gisa daude diseinaturik, eta infinituraino eralda daitezke. Lygia Clarken arabera, artelanak akzioa ekarri behar du, eta ez du izan behar kontenplazio-objektu hutsa. Hain zuzen ere, manipulatzeko sortuak dira pieza horiek.
Bigarren beira-arasa handian, beste lan interaktibo bat dago ikusgai; oraingoan, Lygia Paperena. Sorkuntzaren Liburua da, 1959ko poema-liburu bat. Egia esan, berez ez da liburu bat zentzu hertsian, baizik eta orri independentez osatutako egitura ireki bat: bertan, munduaren sorrera kontatzen da, baina baita arian-arian gertatu ahalako sorkuntzarena ere, forma geometriko koloretsu eta irekiz sorturiko lexiko batetik abiatuta. Publikoari sorkuntza-ekintzan parte hartzeko gonbita egiten zaio, liburuaren orrialde bakoitza ordenatu eta, hala, bere poema bisual propioa sortu dezan. Horman, bideo batek erakusten du nola manipulatzen duten liburua.
Ikusgai dugu, era berean, Paperen ballet neokonkretuaren filma. Ballet hori Rio de Janeiroko Copacabana Palace hoteleko antzokian aurkeztu zen 1958ko abuztuan. Pape abstrakzioaren eta gorputzaren artean bilatzen zuen harremanagatik egin zen ospetsu, eta film honi esker ezagutzen dugun ballet neokonkretua ere asmatu zuen. Agertoki gainean eszenaratzen zen ballet horretan, koloretako zilindroak eta bolumenak mugitzen ziren oholtza gainean, barnean ezkutuan zeuden dantzariek mugiturik.
Lygia Clarkek eta Lygia Papek abstrakzio geometrikoa berrasmatu zuten, eta bestelako potentzial bat eman zioten sormenez, sentsorialitatez eta alteritatez jantzirik.