Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

Bauhaus

Info gehiago

Choucair, Herrera eta Zeid

Info gehiago

Iruzkinak

Espresionismo Abstraktua

Gatozen orain Bigarren Mundu Gerrako New Yorkera: inflexio-puntu bat gizateriaren historian. Herritar askok ihes egin zuten Europako erregimen totalitarioetatik, eta New Yorken komunitate artistiko bat eratu zen Europako sortzaile talde baten inguruan; horietako batzuk, Bauhausetik iritsiak ziren. Horri esker, bestelako energia bat garatu zen Amerikako Estatu Batuetan. Margolari-belaunaldi gazte bat ari zen sortzen: espresionista abstraktuak.

Publiko orokorrak, gaur egun, Jackson Pollocken drip paintings edo tantakako pinturengatik ezagutzen du batik bat espresionismo abstraktua. Hans Namuthek artistari eskainitako film ospetsuan ikus daiteke margotzeko modu hori, hau da, gainazal lau baten gainean zabaldutako mihise batera pintura jaurtiz margotzeko teknika. Ekintza horretatik abiatuta, gizontasunarekin loturiko mito bat sortu da: mihise gainera oso modu fisikoan likidoa isurtzen duen margolariarena, hain zuzen.

Filmak eta Hans Namuthen argazki bikainek agerian uzten dute zer-nolako garrantzia zuen sormen-prozesuak Jackson Pollockentzat. Hortik dator action painting edo akzio-pintura terminoa. Hala ere, frogatuta dago pintura jaurtitzeko ekintza hori ez zela izan Pollocken ideia soilik, garai hartan hain ezaguna ez zen Janet Sobel izeneko artista batek ordurako baliatzen baitzuen pintura tantaka isurtzeko prozedura hori.

Janet Sobel autodidakta izan zen. Hark ere egiten zituen drip painting direlakoak, baina ez zuen baliatzen Pollocken modu aktiboa. Aitzitik, pipeta txikiak erabiltzen zituen pintura mihise gainean jariatzeko, baita oihalean bertan bizkor asko lehortzen ziren esmalteak ere. Peggy Guggenheimen Art of this Century galerian ikusgai ipini zuten Sobelen obra, eta, Clement Greenberg kritikariak esan zuenez, bertan ikusi zuen Jackson Pollockek lan hura. Horrek zera esan nahi du: Jackson Pollockek Sobelen obra ikusi eta estimatu zuela; eta, ziur esaterik ez badugu ere, pentsatzekoa da Pollockek bisita haren ondotik egin zituen drip painting margolanek izan zutela Sobelen eraginik. Nolanahi ere, bien lanak desberdinak dira hala prozesuan nola eskalan.

Emakume artistek borroka egin zuten beren lana 1950eko hamarkadako Amerikako Estatu Batuetan ikusgai jar zedin, eta haietako batzuen obraren zati bat bidegabeki ezkutaturik geratu zen artearen historiaren begietara. Halaxe gertatu zen, adibidez, Lee Krasner margolariaren lanarekin, nahiz eta ondo integratuta zegoen 1940ko hamarkadako eszena artistikoan.

Lee Krasner Jackson Pollockekin ezkondu zen. Krasner lehenagotik zen ezaguna artista gisa, eta, bere zirkulu sozial zabalari esker, izugarri lagundu zion senarrari ospea lortzen. 1948 eta 1949 arteko lehen lanak, Krasnerrek berak Irudi txikiak deitu zituenak, oso interesgarriak dira lerroaren eta zeinuaren auziari buruzko ikerketa gisa. Krasnerrek oso bestelako moduan landu zituen elementu horiek espresionismo abstraktuko beste artista batzuen aldean, izan ere, beste horiek gehiago saiatzen baitziren bereizgarri edo nortasun-ikur bat topatzen.

Krasnerrek 1945ean margotu zituen hemen erakutsitako hiru koadroak, Pollock eta biak New York hiria utzi eta estatu horretako bertako Springs aldera joan zirenean. Hantxe atondu zuten biek estudioa: senarra aletegiko beheko solairuan, eta emaztea, berriz, lehen solairuko gela txiki batean. Biek ala biek zuten introspekzioarekiko eta sakratuarekiko zaletasuna. Lee Krasner bere judu eta errusiar herentzian barneratu zen, hain zuzen idazkera hebraikoan, zeina lengoaia abstraktu original baten bidez unibertsalizatu baitzuen. 1956an senarra bat-batean hil ondoren, aletegira eraman zuen estudioa, eta eskala handiko mihise nabarmenak produzitzen hasi zen.

Helen Frankenthaler artistak gazte-gaztetan ezagutu zuen Clement Greenberg kritikaria, eta, ondoren, Robert Motherwell margolariarekin ezkondu zen. Frankenthalerrek maiz ikusi zuen bere burua emazte-rolera bazterturik, baina arte-bide garrantzitsu bat ireki zuen pouring edo pintura-isurketa erabiltzean; teknika horren bidez, mihiseak xurgatu egiten du pintura, pintzelarekin lan egin beharrean. Kolore-eremuak jorratzen zituzten margolariek erabili zuten teknika hori; esaterako, Kenneth Noland, Clyfford Still eta Morris Louis artistek.

Helen Frankenthalerrek 1952an asmatu zuen metodo hori. Haren bidez, pintura xurgatzen eta blaitzen uzten zaio mihiseari, inprimaziorik gabe. Jackson Pollock Springseko estudioko lurrean pintatzen ikusi ondoren, pinturaren mugak zabaltzea erabaki zuen Frankenthalerrek, eta hauxe esan zuen: “Pikutara asto errespetagarria; pikutara pintzelkadaz eginiko pintura praktikoa; pikutara foku-puntu batetik ikustea!”. Une horretatik aurrera, gorputz osoa hasi zen erabiltzen sormen-prozesuan, eta, harrezkero, belakiak, arraspak eta erratz-eskuilak izan zituen lanabes. Hala, lurrean ipinitako mihisearen gainean uzten zuen jariatzen trementinaz diluituriko pintura, bastidorerik eta inprimaziorik gabe. Uda freskoa izeneko lan handi eta argitsu honetan, Helen Frankenthalerrek naturako elementuak barneratu zituen, mihiseari pintura xurgatzen utziz.

Harrezkero, emakume horien eta erakusketan bilduriko beste askoren nortasunak (Elaine de Kooningenak eta Joan Mitchellenak, kasu) Amerikako Estatu Batuetako adierazpen-askatasuna eta sormena gorpuztu zituen.

BESTE ATALAK

Atarikoa

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Abstrakzioa eta espiritualismoa. Abstrakzioa sakratutasunaren sinbolo gisa

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Abstrakzioa eta dantza

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Errusiako abangoardia (1912–25)

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Sophie Taeuber-Arp

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Bauhaus

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Espresionismo Abstraktua

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Choucair, Herrera eta Zeid

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Brasilgo neokonkretismoa

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Ehunak eta abstrakzioa

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Abstrakzio eszentrikoa

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Ildo minimalista

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Abstrakzio konprometitua

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago

Txina-Australia 

Emakumeak abstrakziogile, Iruzkina, 2021

Info gehiago