Emakumeak abstrakziogile
Ehunak eta abstrakzioa
Ildo minimalista
Iruzkinak
Abstrakzio eszentrikoa
- Izenburua:
- Abstrakzio eszentrikoa
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Feminitatea | Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Giza gorputza | Artea eta industria | Artea eta espazioa | Artea eta estetika | Artea eta politika | Artea eta umorea | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Biomorfoa | Materiala | Sinbologia | Erakusketak | Feminismoa | Dantza | AEB | New York | Alice Adams | Bruce Nauman | Carl André | Sol Lewitt | Lucy Lippard
- Mugimendu artistikoak:
- Abstrakzio Eszentrikoa | Arte Abstraktua | Espresionismo Abstraktua | Minimalismoa | Post-Minimalismoa
- Artelan motak:
- Eskultura | Performance | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Bourgeois, Louise | Castoro, Rosemarie | Hesse, Eva
Gela honetako eskulturak espazioan eta hormetan zabaldurik ageri dira: badirudi beren pisupean makurturik daudela, edo lehertzen, irakiten eta ugaltzen ari direla. Hondoratzen edo ihes egiten ari direla ere ematen du. Eskultura horiek guztiek ezaugarri organiko harrigarriak eta biziki sentsorialak dituzte.
1966an, Lucy Lippard feminista sutsuak erakusketa gogoangarri bat antolatu zuen Alice Adams, Louise Bourgeois, Eva Hesse, Bruce Nauman eta beste hainbat artistarekin. Erakusketa hark estetika berri bat aurkeztu zuen, formetara askoz ere modu malguagoan hurbiltzeko aukera ematen zuten materialen erabileran oinarritzen zena; arte hura postminimalista gisa ezagutzen zen. Egilearen ustez, arte hark nolabaiteko ezaugarri femeninoak zituen finean. Auzi nahiko problematikoa zen hori, material jakin baten erabilera genero zehatz bati lotzea ekar baitzezakeen. Gaur egun “esentzialismo” deituko litzaioke emakumezko artista horien jarduera feminitatera murriztearen ideia horri, eta ez du batere oinarririk. Nolanahi ere, erakusketa hark artista garrantzitsuen lanak aurkeztea ahalbidetu zuen; esate baterako, Louise Bourgeoisen latexezko eskulturak, edo Eva Hesseren “eskultura bigunak” edo, behinik behin, malguak.
Rosemarie Castoro hasiera batean dantzari gisa egin zen ezagun New Yorkeko eszenan, eta 1972an Besapeko ilea obra ikusgarria egin zuen, Brushstrokes edo Pintzelkadak sailaren barruan. Lan horrek ilerik gabeko larruazal leunaren ideal femeninoa salatzen du, eta horrek Amerikako Estatu Batuetako bigarren olatuko feministek emakumeen gorputza askatzeko izaniko borroka islatzen du.
Izan ere, obraren izenburuak, Besapeko ilea, emakumezkoen gorputzarekiko harremanari eta emakumeek beren gorputzarekin duten harremanari egiten die erreferentzia. Kaleak garbitzeko eskuila batekin egin zuen artelana, ez margolari-pintzel batekin: horra hor trazu sakonen zergatia. Halaber, “emakumeei dagozkien etxeko lanen” topikoarekin ere jokatzen du, jakina. Batzuetan, itxuraz abstraktuak diren eskultura postminimalista horiek mezu politiko konprometituak izaten dituzte atzean.
Espresionismo abstraktuko artistek aurreko hamarkadan neurri gabe erabili zuten pintzelkadaren ekintzaren tokian, kale-garbitzeko eskuilaren trazua ageri da hemen. Castorok umorez gogorarazten digu etxeko lanak emakume kontuak izaten zirela. Ekintza bakar batean, kategoria artistiko nagusiak biltzen ditu: marrazkia, pintura, eskultura eta performancea (ez dezagun ahaztu dantzaria zela). Sol LeWitt eta Carl André artistena bezalaxe, Rosemarie Castororen obra minimalismoari lotuta dago, eta bere lanek bestelako bizitza bat eman zioten berez zeharo maskulinoa zen mugimendu horri, zeinak estetika hotz eta industriala izaten baitu maiz ezaugarri.