Budapesteko paper gaineko maisulanak
Sarrera
Dürerren mendea
Atalak
Hastapenak: XV. mendeko marrazkiak eta estanpak
- Izenburua:
- Hastapenak: XV. mendeko marrazkiak eta estanpak
- Erakusketa:
- Budapesteko paper gaineko maisulanak
- Gaiak:
- Artisautza | Artea eta erlijioa | Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Papera | Marrazkigintza | Europa | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Errenazimentua
- Teknikak:
- Estanpazioa | Grabatua | Kalkografia | Marrazkia
XV. mende hasierako marrazki gehientsuenak anonimoak dira; garai horretakoak dira, hain zuzen ere, Europan onik mantendu diren paper gaineko marrazkirik zaharrenak. Sasoi hartako lanak ez ziren egileenak izaten, tailerrenak baizik, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren artista eta artisauen artean. Marrazkiak beste diziplina batzuetako artelanen prestaketarako osagai gisa sortzen ziren nagusiki, eta horren adibide bikaina dugu Antiokiako Santa Margarita, eskultura baten eredu edo zirriborro izateko egingo baitzuten, seguru asko.
1400. urtea eta gero asko zabaldu ziren Europan paper-errotak, eta, ondorioz, nabarmen merketu zen material hori. Horrenbestez, marrazkien kopuruak ez ezik, estanpen ekoizpenak ere gora egin zuen. XIV. mendeaz geroztik zur gaineko grabatua —estanpazio-teknikarik zaharrena— erabiltzen zen Europan, batez ere helburu erlijiosoarekin erabili ere, aukera ematen baitzuen Elizaren irakaspenak herri xeheari helarazteko; eremu profanoan, berriz, kartak egiteko baliatzen zen sarritan. Kalkografia 1430eko hamarkadaren inguruan garatu zen Rhin Garaiko eskualdean, eta zilarginek edo lanbide horretan ziharduten tailerretan ikasitako artistek baliatu zuten lehenik. Azken horietan ezagunena Martin Schongauer izan zen; bera izan zen grabatzaile gisa aritu zen lehen alemaniar margolari garrantzitsua.