Budapesteko paper gaineko maisulanak
Erroma eta Venezia XVIII. mendean
Hemen eta orain
Atalak
Ilustraziotik iraultza-garaira
- Izenburua:
- Ilustraziotik iraultza-garaira
- Erakusketa:
- Budapesteko paper gaineko maisulanak
- Gaiak:
- Artea eta gizarte iraultza | Artearen historia | Eragin artistikoa | Kritika | Erretratua eta autorretratua | Gizarte-kronika | Edertasuna | Gerra | Frantziako Iraultza | Satira | Pertsonak | Herri-kultura
- Mugimendu artistikoak:
- Barrokoa | Erromantizismoa | Rokokoa
- Teknikak:
- Akuafortea | Grabatua | Marrazkia
- Aipatutako artistak:
- Goya Lucientes, Francisco de | Hogarth, William
Ilustrazioa deritzon mugimendu intelektuala XVIII. mendean erdietsi zuen goren maila. Arrazoimenean sinisteak pentsamendu kritikoa sustatu zuen artearen munduan, eta horrek lanerako gai berriak ekarri zituen: gizartearen bidegabekeriak, gizabanakoen zeregin soziala eta gizakien zaurgarritasuna. Artistek boterearen irudikapenetara eta historiaren zurrunbiloetan murgildutako jende arruntaren egoerara bideratu zuten interesa.
William Hogarth margolari eta marrazkilari ingelesak arrakasta handia lortu zuen bere satira sozial zorrotzarekin. Landu zituen estanpa miresgarriek aukera eman zioten bere mezuak ahalik eta modu azkarrenean —eta errentagarrienean— helarazteko. Haren autorretratuari autokontzientzia eta erudizioa darizkio, eta lan horrek agerian uzten du margolaria harro zegoela bere “edertasunaren lerroari” buruzko teoriaz; lerro hori The Analysis of Beauty liburuan azaldu zuen, eta areto honetan ikusgai dagoen grabatuko paletan ageri da. Francisco de Goyak ere kritika basatia egiten zuen bere grabatuetan; artista sinetsita zegoen arrazionalismoak berak ere ezin zituela giza instintuak aldatu: irudimen kontrolaezinak pentsamendu onak zein gaiztoak sortzen dituen era berean, gerra garaian basakeria kontrolaezina omen da giza izaeraren ezaugarri nagusia. Jende gehiena beldurtuta zegoen ondoz ondo gertatzen ari ziren liskar eta iraultzekin, eta ausartenak baino ez ziren gai publikoetan nahasten. Gainerakoak etxe barrura erretiratzen ziren, eta familia-erretratu idealizatuetan islatzen zuten beren segurtasun-grina.