Budapesteko paper gaineko maisulanak
Ilustraziotik iraultza-garaira
Emozioak erdigunean
Atalak
Hemen eta orain
- Izenburua:
- Hemen eta orain
- Erakusketa:
- Budapesteko paper gaineko maisulanak
- Gaiak:
- Artearen historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Forma | Konposizioa | Marrazkigintza | Europa | Pertzepzioa | Sentimenduak | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Inpresionismoa
- Teknikak:
- Akuafortea | Estanpazioa | Grabatua | Marrazkia
- Aipatutako artistak:
- Degas, Edgar | Liebermann, Max | Manet, Édouard | Pissarro, Camille | Rodin, Auguste | von Menzel, Adolph
Inpresionismoak XIX. mendean izan zuen bat-bateko gorakadak ustekabean hartu zituen garai hartakoak, eta bat-batekotasun hori ez dagokio goraldiari bakarrik: mugimenduaren muina ere bada. Mende luzez, mundua aztertu eta ikusitakoa jasotzea izan da artisten nahia. Inpresionistek, ordea, ez zuten irudikapen objektiboa bilatzen, unean uneko giroa eta sentipena islatzea baizik: arreta betierekotasunean jarri beharrean, iragankortasunean jarri zuten. Margolan bateko eszena, itxuraz bat-batekoak izan arren, sarritan ez da une eta leku jakin batean sortua izaten; aldiz, zirriborro batek, marraztua izanik, lehen inpresioaren esperientzia jasotzen du. Artista inpresionistek —Courbet, Degas, Pissarro, Segantini, Rodin, Liebermann, Menzel— beren kide errealistek —tartean Manet, Millet eta Daumier, edo Miklós Barabás eta Mihály Munkácsy hungariarrak— bezainbeste menderatzen zuten marrazkigintza. Haien marrazkiak miresgarriak dira, ez bakarrik objektuen eta izaki bizidunen formak perfekzioz berregiten dituztelako, baizik eta bizitzaren benetako “pultsua” islatzen dutelako. Ekaitzak jotako itsasoaren, lainopean esnatzen ari den egunsentiaren, herriko merkatuaren zein tabernako gaugiroaren kutsua darie marrazki horiei, egileak lehen arkatz-trazuarekin ekiten baitzion unea bera jasotzeari; ondoren, jatorrizko esperientzia hura margolan, estanpa edo eskultura gisa garatzen zuen.