Oteiza: Mitoa eta modernotasuna
Eraikuntza hutsak
Quousque tandem…!
Atalak
Azkena ematen duten obrak
- Izenburua:
- Azkena ematen duten obrak
- Erakusketa:
- Oteiza: Mitoa eta modernotasuna
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Geometria | Espiritualtasuna
- Mugimendu artistikoak:
- Minimalismoa
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Oteiza, Jorge
Lan hauetan “sen espiritual” berria aditzera ematen da progresiboki, gaur egungo artean jatorria duena, eta azkena emango duten bere obra esperimentaletan nagusituko dena. Oteizak txikitan izandako esperientzia antzeman zuen lan hauetan, errealitatearen biolentziaren aurrean espazioa babesleku gisa hartzen zuenekoa. Izan ere, Orioko hondartzako zulo handi batzuetan ezkutatzen zen eta babestua sentitzen zen handik zerua zirkulu huts bat balitz bezala behatzen zuenean. Kutxa metafisikoek, bi triedro pixka bat mugituta elkarren kontra jartzetik lortutakoek, Kutxa hutsetatik harantz emandako urratsa adierazten dute. Beren kanpoko itxura gardena eta argia kontrastean agertzen da barruko espazio bakarrarekin, geldiarekin, ilunarekin eta ia helezinarekin, eta horrek izaera mistikoa ematen die, zenbait tituluk azpimarratua, adibidez Espiritu Santuaren erretratua edo Leonardoren Deikundeari omenaldia. Gabetze-prozesu horri jarraituz mugako obra batzuk agertzen dira, triedro soil batez edo bi pieza trapezoidal elkarren kontra jarriz osatutakoak, eta adibide protominimalistak dira, espazio errezeptibo soilera emandako pausoa iragartzen dutenak, Hutsera emandako pausoa, eskultoreak Velázquezen azken pinturarekin edo Euskal Herriko harrespil mikrolitikoekin erlazionatu zuen huts horretara. Izan ere, espazio huts horren azken zentzua Agiñan Aita Donostiari omenaldia monumentua egiten ari zela ezagutu zuen: “Artea, garai guztietan eta edozein lekutan, gizakia eta bere errealitatea elkarrekin berriro lotzen eta integratzen dituen prozesua da. Prozesu hori ezereza adierazten duen ezerezetik abiatzen da beti, eta Dena adierazten duen beste Ezereza batean, Absolutuan amaitzen da, existentziaren mugako erantzun eta irtenbide espiritual gisa”.