Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
Dukearen jauregia San Giorgio Maggioretik ikusia, Claude Monet
Emakume ilehoria, Pablo Picasso
Iruzkinak
Le Moulin de la Galette, Pablo Picasso
- Izenburua:
- Le Moulin de la Galette, Pablo Picasso
- Erakusketa:
- Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta gizartea | Hiri-eszenak | Paris
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Picasso, Pablo | Toulouse-Lautrec, Henri de
Pablo Picasso gaztea zen Parisko dantza areto bateko barne-giroa margotu zuenean. Margolaria Parisera joan zen garai hartan bizileku zuen Bartzelonatik, 1900eko Erakusketa Unibertsala ikustera. Megan Fontanella komisarioa:
Margolan honetan agerian geratzen da dekadentziak eta, aldi berean, Parisko bertako glamourrak artistari eragiten zion lilura. Zirrara hori antzematen da burges boteretsuengan: kapela luze eta etiketazko jantzidun gizonak eta dotorezia handiko emakumeak; baina horiek ez ezik, klase oso desberdineko emakumeak ere aurkitzen ditugu bertan, ausartagoak diren emakumeak, eta nolabait esatearren, hurrengo bezeroaren esperoan daudenak.
Harrigarria da Picassok, 19 urte soilik zituela, inguruan zuen gizarteari begiratzeko halako begi zorrotza izatea. Kualitate horrek, ordea, ordurako argi uzten zuen nolako margolari handia bihurtuko zen gazte hura, alegia, XX. mendeko artistarik garrantzitsuenetakoa.
Picasso gaztearengan eraginik handienetakoa izan zuena Henri Toulouse-Lautrec izan zen, Parisko gau bizitzaren kontalari handia. Hemen, Picassok miresmen hori agerian uzten du: Lautrecen begiko gaietako bat hartzen du, baina, gainera, ertzak mozten ditu, margolari frantsesak mozten zituen ezohiko modu berean.
Megan Fontanella: Bai ezkerreko bai eskuineko irudiak, emakumea eta gizona, ikuslearen ikuspegitik moztuta daude; horrela, areagotu egiten da argazkiaren antzeko itxura hori, eszena hori artistaren aurrean gertatuko balitz bezala.
Gai eta teknika modernistan ohikoa zenaren aurka, margolanaren markoa nabarmentzen da, haren barrokismo landuagatik. Ez dakigu jatorrizko koadroari dagokion, baina badakigu Picassok, bere hasierako urteetan, marko estilo ugari erabili zituela bere margolanetarako.