Nam June Paik-en munduak
Ilargia TB zaharrena da
TB koroa
Iruzkinak
Bideo-kamera eramangarria
- Izenburua:
- Bideo-kamera eramangarria
- Erakusketa:
- Nam June Paik-en munduak
- Gaiak:
- Artea eta teknologia | Eragin artistikoa | Lankidetza artistikoa | Bideokamerak | Shuya Abe | Elektronika
- Aipatutako artistak:
- June Paik, Nam
Bideo-kamera eramangarri berriak bere proiektu artistikoak norabide desberdinetan garatzeko aukera eman zion Paik-i. Grabatutako irudi elektronikoa telebista-estudioetatik kanpo erabil zitekeen lehen aldiz. Kamera eramangarria izatean, grabazioa estudioan nahiz etxean edo kanpoaldean egin zitekeen. Beste abantailetako bat hauxe zen, garestia ez izatea eta kostua zenbaiten artean elkarbanatu ahal izatea. Filma ikusi ahal izateko lehenik laborategi batean errebelatu behar zen; kamera berri honek berriz, grabatutako irudiak berehala ikusteko eta konposizioa, angelua edo ikuspuntua egokitzeko aukera ematen zien artistei. Asmakuntza teknologiko honek zirrara handia sortu zuen. Zuzenean pantailan kameraren okularrak jasotako irudia ikusi ahal izateak beste teknologia batzuetan ezinezkoa zen berehalakotasuna eskaintzen zuen. Faktore horiek guztiek mundua alda zezakeen mugimenduzko irudien produkzio eta banaketa-metodo berri baten aurrean zeudela sinestarazi zieten artistei.
Paikek 1965ean erosi zuen bere lehenengo bideo-kamera eramangarria, Rockefeller Fundazioaren Asiako kultur programaren bekatik lortutako diruarekin. Honela azaltzen digu Paikek nola gauzatu zuen amets zahar hura:
Bideo-kamera hau erosteko asmoa 1961ean Koloniako irrati‑emisore batean lanean ari nintzenean izan nuen, milioi-erdi dolar balio zuenean. Samintasunez gogoratzen ditut erabilera‑liburu bat erosteko ordaindu nituen 25 dolarrak. Bere izenburua hauxe zen: “Eraiki zerorrek bideo-hargailu bat”. Ziria sartu zidaten benetan. Are gehiago samintzen naiz Shuya Abe-rekin batera urtebete lehenago Japonian aparatu hura eraikitzeko egin genituen ahaleginak gogoratzen ditudan bakoitzean. Zinta magnetikoan grabatutako nire elektroikusmenak irudia bat-batean ikusteko eta dituzun ohitura txarrak antzemateko aukera emateaz gain, zure burua 12 modutan deformatua ikusten duzu, eta hori ikusmen elektronikoak bakarrik erakutsi dezakeen zerbait da.